Jar ezazu antropologo inplikatuaren begirada gizartearen ontzian, gehitu feminismoa eta kooperatibismoa, jarraitu ekonomia sozial eraldatzailearen errezeta, eta Nerea Elias Mujika (Ataun, 1980) sukaldariaren plater gogokoena dasta daiteke. Ilusioaren gatzez ondo bizituta, jakina. Farapi aholkularitzan, Biziolan, oroimen historiko konprometituan eta «bizitza denentzako duin» egin nahi duten proiektuetan ibili da, eta dabil. «Hasi besterik ez gara egin», dio Biziolaz.
Nongotartzat duzu zure burua?
Ordizian bizi naizen ataundarra naiz. Ordizia dut bizitoki azkeneko 17 urtean, oso gustura bizi naiz, baina edozein tokitan ataundarra naiz beti. Ataundarrok badugu toki guztietara herria eramate hori. Niretzat inportantea da, gu egiten gaituena ere badelako.
Antropologoa? Soziologoa? Aholkularia?
Ikasketaz, antropologoa. Gizarte hezitzailea, lehenengo. Nire burua antropologo bezala definitu izan dut. Feminista ere bai. Azken aldian, tituluak jartzen hasita, antropologo, feminista eta kooperatibista. Iruditzen zait niregan dauden ikuspegi anitzek hiru horien bueltan zirkulatzen dutela.
Denak ere diziplina-eremuz gizarte esparrukoak, sozialak edo…
Gizartea eraldatzeko grina beti izan dut. Batxilergoa letretatik egin nuen, eta Antropologiarekin lehen harremana Txindoki Institutuan eduki nuen; hautazko zegoen, eta interes handia piztu zidan. Baina zer diren gauzak, kezka ematen zidan antropologo bezala inoiz lanik edukiko ote nuen. Interesez edo bokazioz ikas nezakeen gauza bat bezala ikusten nuen, baina ez laneratzeko aukera gehiegi emango zidana.
XX.mendeko produktua zara beraz, alde horretatik: lanaren kezkaz.
Etxean, aita-amak biak fabriketako langileak izan dira, eta lanaren kontzeptua oso barneratuta neukan. Izatez, gurasoei esan nienean Antropologia ikasi behar nuela, ondo iruditu zitzaien. Zentzu horretan, beti babesa jaso dut. Aukera zegoen Historia egiteko, eta gero Antropologiara sartu. ‘Baina bi horiekin nora noa ni bizitza honetan?’ Imajinatu zer mentalitate, lanari lotutakoa. Lanerako aukerak emango zizkidan zerbait ikastea pentsatu nuen, Gizarte Hezitzaile diplomatura, eta gero Antropologia.
Balio izan zizun lanerako?
Ibili nintzen urte batzuetan hezitzaile bezala lanean. Oso gustuko nuen. Balio handiko lana da, gogorra baina. Gero saltoa eman nuen Antropologiara, eta ikasketak bukatu eta berehala suertatu zitzaidan lanean hasteko aukera. Biek daukate gizarte begirada, gizartean eragiteko, ongizatea bilatzeko. Gizarte hezitzailea eguneroko praktikan, eta antropologia analisi mailan. Bi lanbideetan ikasi dut asko.
Farapi kooperatiban ari zara lanean. Antropologia aplikatua deritzozue.
Jauzi hori eman dugu. Hezitzaile nintzenean faltan sumatzen nuen gizartearen analisi kritikoa: nola antolatzen garen gizarte bezala, zergatik diren kolektibo batzuk besteak baino zaurgarriagoak, nola banatzen ditugun baliabide ekonomikoak, sarbideak… Aldiz, behin Antropologiara joandakoan, iruditu zitzaidan analisi asko zegoela eta praktika gutxi. Farapin biak uztartu ahal izan ditut: analisia aztertu, baina aldatzeko bokazioarekin. Oso gustura aritzeko esparru bat aurkitu dut. Antropologia aplikatuarekin hasi ginen, eta azkeneko urteetan antropologia inplikatua egiten dugu. Beste jauzi bat da, gu ere erronka sozial horietan inplikatzeko eta eragiletzan sartzeko.
Zuek jasotzen dituzuen eskari edo arazo guztien artean, bada errepikatzen den gabeziarik, gizartea herren zertan dagoen adieraz dezakeenik?
Asko sumatzen duguna elkar entzuteko gaitasun falta da. Elkar entzun, besteen tokian jarri, kolektiboki jardun… Erronka bati herri bezala erantzun behar baldin bazaio, jada ez diozu erantzuten Nerea bezala, herritar bezala baizik. Kolektibo baten parte zarenean, norbere ikuspegiak hor daude, baina salto bat eman behar duzu zeuretik bestera. Askotan, antzeko gauzak esaten ari den jendea ezin ulerturik aritzen da. Distantzia hartu behar da, patxada, helburu komunak identifikatu eta norantza garbi jarri. Helburura iristeko bideak eta erritmoak diferenteak izan litezke, baina helburu komun horren ardura konpartitu bat hartu behar da.
Lehen urteetan, memoria historikoari heldu zenion. Zer bilatu nahian?
Oraindik ere erakartzen nau. Ezinbesteko ariketa izaten segitzen du memoria historikoak. Hernanin, emakumeen memoriari lotuta hasi ginen ikertzen, ikuspegi feministatik. Memoria modu kritiko batean jaso behar da, hortik ikasteko eta lezioak eskuratzeko. Aldi berean, azken aldian oso obsesionatua nago aitortzarekin. Ataungo liburuan ere beste klabe batzuetan aritu ginen: 1936ko gerra eta ondorena aztertu bai, baina gerra kontestuko egunerokoa jaso genuen, eta bereziki oso lotuta emakumeek egiten zutenari. Jende batek espero zuen zerbait ikusgarriagoa, epikoagoa izatea. Memoria ariketa horiek ere puskatu egin behar ditugu. Iragana nola irakurtzen dugun eta hari zer balio ematen diogun, etorkizunean logika berdinetan erortzen ari gara gizarte bezala. Adibidez, zaintzaren krisiarekin.
Ikuspegi edo jarrera feminista betidanik izan duzu, ala hori ere lantzen da?
Lan bat da. Ingurukoa eta norberarena. Eta inoiz bukatzen ez den lana, gainera. Seguru nago 14 urteko Nereari galdetu baliote feminista zen, igual erantzungo zizun «ni ez naiz ez feminista, ez matxista». Momentu hartako gauzak. Gaur egun, feminismoaz hitz egiten dugu, badakigu zer den, eta feminismotik planteatzen diren gaiak eta eztabaidak egunerokoan ditugu. Feminismora gerturatzen unibertsitate garaian hasi nintzen. Kezka eta interesa denborarekin hazi zait, eta etengabeko ikaskuntza da.
Nola definitzen duzu zuk feminismoa?
Askatasun eta justiziarako espazio bat da. Bereziki emakumearentzat, baina baita gizonezkoentzat eta ez emakumezko, ez gizonezko direnentzako ere askatasuna bilatzen duen espazio bat. Feminismotik datozen planteamentuak, egungo antolaketa heteropatriarkal eta kapitalistan ditugun desoreka sozial eta injustizia guztiak puskatzeko planteamentuak dira. Kuestionatzen du jendarte bezala nola eta zer logikatatik gauden antolatuta. Kapitalismoari interesatzen ez zaizkion espazioak eta lanak ikusezinak dira. Heteroarautik ateratzen den guztia balio gutxikoa da gizarte honetan. Niretzat, feminismoa da Euskal Herriari azkeneko urteetan pasatu zaion gauzarik interesanteena.
Jatorriari begira asko zabiltzala diozu.
Bai. Zerk egin nauen edo egiten nauen ni. Kosziente naiz gutako bakoitza besteek egiten gaituela, besteekiko harremanak eraikitzen gaitu. Onartuta denak garela besteekiko interdependenteak, gogoetan ari naiz gu izate horretan zer arrasto daukan bizitzan zehar gure inguruan izan dugun jendeak, gure inguruaren kontestuak. Nondik eraikitzen garen. Banabil atzera begira.
Gaur egun hain dirudi nabarra denak.
Nik etxean jaso nuena izan zen «bai, umea, nahi duzun horretan, segi». Babes hori sentitu izan ez banu, Nerea hau, Farapin dagoena, Biziolan, kezka hauekin… ez zen izango. Gaur egun, seme-alabengan proiektatzen ditugu nahiak, itxaropenak, zer espero dugun.
Erronka sozialetan inplikatzea, helburu komunak jartzea, kolektiboki jardutea aipatu dituzu. Kooperatibismoaren espiritua. Zertan da?
Azken aldian oso pertsona positiboa naiz. Askok diote jendeak ez duela parte hartu nahi, jendea ez dagoela konpromisoetarako prest… Beno, badago jende bat ez dagoena, baina zorionez jende asko dago ardurak eta konpromisoak hartzeko prest. Egoteko modu ezberdinak, kolektibo edo proiektu baten parte izateko modu ezberdinak pentsatu beharra daude. Herri honetan pixkat da, edo zerbaitetan astero bileretan sartuta nago, edo bestela ez naiz konprometitzen. Zure konpromiso maila izan liteke urtean bi aldiz batzea. Ba kito, badago, eta taldean dago, helburu horrekin dago, eta oso baliokoa da. Zeren, bestela, batzuk bidean agortzen dira. Edo dena edo ezer ez izan behar duela dirudi, eta logika horiek ere aldatu behar dira.
Ekonomia sozial eraldatzailearen kontzeptua indarra hartzen ari da.
Erabat gurutzatzen diren hiru ardatz dira aipatu ditudanak. Feminismoa eta ekonomia soziala oso eskutik ikusten ditut, biak datoz jendarte kapitalistaren logikatik iheska, bizitza eta kapital arteko tentsioan pertsona aurrena jartzera. Ekonomia sozialean ere, feminismoan bezala, hori enpresetan edo proiektu komunitarioetan praktika errealetara nola ekarri da gakoa. Ezinbestean behar du komunitarioa, ez baitago besterik. Gainera, modurik aberatsena eta eraginkorrena da, eta benetako aldaketak nahi baldin baditugu, hortik jardun behar dugu. Aldaketa ez da nire kooperatiban bakarrik gelditu behar, bestela nire munduan bakarrik gelditzen delako. Bizitzarako oinarrizko ditugun esparru guztietan antola gaitezen kolektiboki, ahalik eta erabaki ahalmen gehiena emango diguten formulekin, eta guztiontzako bizitza duinak sortzeko baldintzekin. Egia da ez dela zailtasunik edo kontraesanik gabeko bide bat, baina eskaini egin behar da.
«Bizitzarako ezinbesteko arloak beste modu batera antolatzea da ekonomia sozial eraldatzailea. Dena dago egiteko»
«Askatasunerako eta justiziarako espazio bat da feminismoa, niretzat. Bereziki emakumeentzat, baina gizonentzat ere bai»
Filosofia horren gorpuzte bat Biziola izan da, proiektu ukigarri bat jada. Horri ere ez diozu muzin egin.
Biziolak hasi aurretik motibatu nau, Goierrin ekonomia sozialerantz pausoak emateko espazio bat edukitzearen ideiak berak. Biziolak ikuspegia oso interesgarria dauka, baina gauzak egitera etortzea are interesgarriagoa da. Gogoeta, hausnarketa eta ikuspegi kritikoa bai, baina edo alternatibak eraikitzen dituzu eta egin, edo bestela teorian gelditzen da. Biziolan elkartu garen jende eta eragile multzoa egitera datorren taldea da. Egundoko ilusioa nabaritzen da inguruan, horrelako proiektu baten beharra dagoelako. Gainera, jende oso anitza da, asko zabaldu den mugimendua, eskualdeko herri ezberdinetakoekin –herri txiki eta handiak–… Oso aberatsa da, begirada eta bizi esperientzia oso ezberdinak dituen jendea.
Noraino irits daiteke?
Hasi besterik ez gara egin. Orain bultzada behar du proiektuak bazkidetzarekin, ekonomikoa eta sentitzea atzetik komunitate sendo bat daukala, lehen aipatutako egoteko modu guztietan. Potentzial ikaragarria du eta izugarrizko ibilbidea eduki dezake, espazio berean gauden heinean, proposamen eta erronka berriei heltzeko gaitasun handia baitagoke. Bizitzarako ezinbesteko diren esparru guztiak beste modu batera antolatzea esan nahi du ekonomia sozial eraldatzaileak. Dena dago egiteko. Baina proiektua sendotzen doan heinean, erronka ezberdinei hel diezaiekegu. Zein da beste alternatiba? Protesta, marmarti egotea, ezer ez egitea. Nik badut ilusioa. Iruditzen zait gauzak egin egiten direla. Biziola orain bi urte eta erdi ametsa zen, eta orain errealitatea den proiektua da. Inork ez balu amestu edo jendeak ez balio ilusioa jarri, ez zen aterako. Behar da ilusioa.
Teorien praktikantea
Ataunen jaioa da Nerea Elias; San Martin auzokoa. Ama Arrondo auzokoa izanik, eskolatik amarenera, inguru hartako auzoak dira txikitako bere espazio. Astigarragako parkea gogoko du, eta han jarri du lekua argazkiak ateratzeko. Ohituta dago, eman duen lehen elkarrizketa ez den seinale.
Aizkoate elkarteko bazkidea, nahiz ez duen askorik erabiltzen soziedadea. Ordizian bizi da joan direneko 17 urteetan. Umeen urtebetzeetako meriendak egitera eta, ezin bada handik lagun denak ekartzen hasi… «Ordizian bizi den ataundarra» da. Zalantza apur bat egin du elkarrizketa batean ala bestean egin.
Hiru elementu ditu bere bizitzaren zutabe: antropologia, feminismoa eta kooperatibismoa. Zaku berean edo, elkarrekin lotutakoak behintzat bai, dioenez. Hizlari iaioa, lanean garatutakoa hein batean –partaidetza prozesuak eta taldeko lanketak gidatzen ditu Farapi aholkularitza enpresatik–.
Antropologia aplikatua antropologia inplikatu bihurtzen dihardu. Alegia, zer egin litekeen esan bakarrik ez; eragiten, proiektuetan murgiltzen, barrura sartzen eta parte izaten. Bakoitzak bere modura eta erritmora jarduten uzteko ohitura hartu beharra aldarrikatu du.
Eta Biziola kooperatiba sortu berriko lehendakari izendatu dute. Karguari ez dio batere meriturik eman eta izendapen orori pisua kentzen die. Ordez, ‘kolektibo’, ‘komunitario’, ‘kooperatibo’ darabiltza une oro. Proiektuak, ideiak eta filosofiak errealitatera «ekarri» behar direla ere garbi du, ordea.
Feminismoa Euskal Herriarentzat nola, Biziola Goierrirentzat aspaldiko berririk onena dela iruditu zaio. Ametsologia aplikatua baita gizartelogia inplikatua lortzeko bidearen aurrena.