Geltokia, gaztetuta

Urretxu_Zumarragako_Gazte_

Asanbladako kide batzuk. Emakumeak dira gehiengoa. Feminismoaren inguruan aurretik egindako lanaren ondorio dela diote.

Urretxuko eta Zumarragako Gaztelekuak 20. urte beteko ditu bihar. Biziberritutako gazte asanbladak kudeatzen du espazioa. Kontzertuetara eta parranda girora jendea erakartzeko arazorik ez dute. Politika gaietan kontua bestelakoa da.

G eltokiek badute topagune izaera euren nortasunean. Urretxuko Urolako Trenaren geltokitik urteetan trenik pasa ez den arren, elkargune jiteari eusten dio. Urretxuko eta Zumarragako Gaztetxea bertan dago kokatua 2002az geroztik. Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak kudeatzen du espazioa.

Gazte Asanblada 20 bat gaztek osatzen dute. «Biltzen garenak, hamar bat edo», murriztu du Eider Cerezo Morenok. «Oso gutxi», Ane Caneiro Arinen ustez. «Nik ez dut uste gutxi garenik», erantzun dio Miren Arratibel Salaberriak. «Baina aspiratzen dugu askoz ere jende gehiago etortzea».

Zenbat eta jende gehiagorekin euren ekiteko ahalmena handiagoa da. Eta behar dute, helburu handiak dituztelako: «Gure beharretara egokitutako aisialdia antolatzea eta eskaintzea», laburbildu du Arratibelek. Kultur ekitaldiak, hitzaldiak, formakuntza saioak… antzolatzen dituzte horretarako. Oinarrietara lotuta, beti ere: «Antifaxismoa, antiarrazakeria, feminismoa… Gaztetxearen printzipio historiko horiek galduko bagenitu ez genuke ekarpen berezirik egingo, izango ginen beste bat, taberna bat. Honaino iritsi eta horri eustea bada lorpen bat», goraipatu du.

Urre-Gaztetxe-esanak

Kontzertuetara eta parranda girora jendea erakartzeko arazorik ez dute. Politika gaietan kontua bestelakoa da. Arri Iraeta Irigarairen arabera ez da gazteei politika interesatzen ez zaielako, baizik aisiarekin ez delako lotzen. «Hori da gakoa. Herri honetan egiten den aisialdi bakarrenetakoa, kirolaz aparte, juerga dela». Gainerako kideek berretsi egin dute. «Ulertzen dugu jende gaztearen kezkek, oinarrian, zentzu politiko bat dutela. Baina askotan, gure sozializatzeko moduagatik, arratsaldeko kafe batean gelditzen dira. Orduan, kezka horiek kolektibizatzeko, gaztetxea topagune moduko bat dela iruditzen zaigu, antolatzen hasteko». «Askotan, igual, beldurra dago esateko ‘gaztetxera noa hitzaldi bat entzutera’. Beste konpromiso bat eskatzen du. Juergak, adibidez, ez dizu pentsatzea eskatzen», esan dute Arratibelek eta  Cerezok.

Lehen ekintza gehiago antolatzen zirela diote. Arrazoiak zerrendatzen hasita, segida luzea atera da. «Nik uste dut, piskat bat ere badela panorama politikoa aldatu dela. Lehen askoz ere inertzia handiagoa zegoen gaztetxeetara hurbiltzeko, egoera politikoak erakarrita eta gaztetxeak joera zehatz batekin lotzen zirelako. Gaur egun, ja guzti hori aldatu da. Gazte jendearen bisio politikoa, kezka politikoa… horiek guztiak aldatu dira eta gaztetxearen zentzua aldatu da horren ondorioz», aipatu du Arratibelek. «Jende gaztearen izaera ere aldatu egin da. Kontsumitzen den kultura aldatu egin da. Eta, ​​igual, ez da jakin horra egokitzen», egin du autokritika Cerezok. «Lehen sartzen zinen eta Rip entzuten zenuen. Orain, rap», egin du hitz jokoa Iraetak.

Urretxu_Zumarragako_Gaztel

Gazteak, auzolanean, geltokiko bigarren solairua egokitzen, duela 20 urte. Aurtengo auzolanean berrantolatu egin dute.

«Estigmak» ere aipatu dituzte. «Droga zulo» bat zenaren aurreiritzia, zirkulu itxia zela… «Aurreko asanbladan zebilen jendea guragana hurbildu zen galdezka ea zergatik ez ginen gerturatzen gaztetxera, eta esaten genien ez zitzaigula egiten leku familiar bat», aipatu du Arratibelek. «Piskat arrotza zela, tokiz kanpo sentitzen ginela», osatu du Cerezok. «Ni gazte asanbladan sartu nintzenean, 15 bat urterekin, ia 30 urteko jendea zegoen. Hor urte asko egon ziren jende berria ez zena sartu gaztetxera eta salto generazionala egon zen, haustura kultural bat.  Ikusi genuen jende berria etortzeko komeni zela jende gazteagoa eramatea», oroitu du Iraetak. «Ikusi genuen gaztetxearekiko genuen kontzeptzio berri bat hasi ginela edukitzen, oinarrietara lotuta dagoena, baina gaur egungo egoerara gehiago lotzen dena. Inposiblea zen lehengo moduan eramatea. Erabaki zen, adin batetik gorakoek ez zutela asko pintatzen. Bastante bortitz sonatzen du, baina jende zaharra ikusten baduzu gazteak ez dira etortzen».

Hutsetik eraikitako espazioa

Iraetak ez die errietarik egin nahi aurrekoei. «Espazioa eta asanblada eraiki zutenei iristen ez zaien mezua da esker mezua. Oso eskertuta gaude egin zuten lan guztiarekin. Horrela ez balitz, ez ginateke hemen egongo, literal. Hau zulo bat izango zen eta ez zen asanbladarik existituko. Alde horretatik, hartu dezatela 20. urteurrena eskertza moduan eta guk segi dezagula ilusioz lanean».

Eraikinarekin «oso gustura» daude egungo gazteak. «Eraikin historiko bat izanda bada toki erreferentzial bat. Herri erdi-erdian, gainera», azpimarratu dute. Ez lukete aldatuko. «Hau 2002. urtean utzi zenean folio txuri bat zen eta herri osoko gazteek eraiki zuten: ez zegoen barrarik, ez zegoen eszenatokirik, ez zegoen komunik… espazio huts bat zen. Horiek eraiki zuten eta guk jarraitu egin dugu. Ez da egun bateko kontua, jarraipena eman behar zaio».

Etorkizunari begira, Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak  jarioan du esperantza. «Saiatu behar dugu gaztetxea eta asanblada beti irekita mantentzen. Urtero jende berria etor dadila», eskatu dio etorkizunari Cerezok. «Naturalizatuta egotea erreleboa», laburtu du Arratibelek.

1978

Gaztetxeak 44 urte bete ditu aurten. Urretxuko Gernikako Arbola plazan kokatuta egon zen aurreneko 20 urteetan. Lau urteko etenaren ostean, Urretxuko Urolako Trenaren geltokian kokatu zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>