Lartsai-Kobaegi: Intsustiko Batasuna zeneko bideak ezagutuz


Lazkaoko, Ataungo eta Zaldibiako herri lurrak zeharkatzen ditu ibilbideak, hiru herri horiek osatu zuten Intsustiko Batasunaren inguruko enklabeetan. Zaldibiako Kobaegi baserriaren eremua da mugalerro horien adibide.

Hiru herriotako mendizale eta txangozaleentzat –baita Ordiziakoentzat eta Beasaingoentzat ere– ezagunak diren bide eta zidorrak zeharkatzen ditu Lazkaomendiko Lartsai elkartea eta Zaldibiako Kobaegi baserria lotzen dituen ibilbide zirkularrak, baina tartean baditu ezkutu antzera geratzen diren zatiak ere. Horiek ezagutzera ematea du helburu Ibiltari honek, eta bide batez, paraje horiek gordetzen dituzten txoko, pasarte eta datu historikoak gaur egunera ekartzea.

Goierriko eta Tolosaldeko 15 herrik osatzen duten Enirio-Aralar Mankomunitatearen (1409an sortua) garai bertsuan, beste batasun bat osatu zuten mankomunitate nagusiaren parte ziren hiru udalerrik, Ataunek, Lazkaok eta Zaldibiak: Intsustiko Batasuna edo Unio-txikia. Batasunaren lekukotasun historiko zaharrena XV. mendearen hasierakoa da. 1413ko urriaren 26an sinatu zuten hiru herriek, eta Amezketako eta Lazkaoko Orubeen jaun zen Amezketako Auger (edo Ojer) izenekoak, mendi haiek ustiatzeko baldintzak xedatzen zituen ituna.

Sarastarriko Agautz tontorretik hasi eta Zaldibiako Unanubieta baserriraino, Martxabaletatik Arastortzera, eta Zaldibiako errekatik Amundarain baserri ondoko Iruerriña tontorrerainoko lur eremua hartzen zuen batasunak. Hiru udalerriek ustiatzen zituzten bertan mugatutako lurrak, sailak, basoak, larreak, fruitu arbolak eta bestelakoak, eta urtean behin biltzarra egin zuten Amundarain baserrian (Ataun), hura zuten juntetxea. Han hartzen zituzten erabakiak, han egiten zituzten tratuak. Gerrak sortutako kalte eta galeren ondorioz, lurrak zatitu eta saldu zituzten, zorrak kitatzeko adina, eta 1848. urtean betirako desagertu zen batasuna, eskumen mosaiko konplexu bat utziz.

Amundarainera Iramenditik

Ibiltari__Lartsai_Kobaegi_Lartsai atariko iturrian kantinplora bete (325 m.), eta Lazkao Txikiren jaiotetxe Abalinzar baserrira iristea da lehen jomuga (370 m.). Hamar minutuan egiten da zati hori –baserri parean beste iturri bat dago–. Bidegurutzea dago bertan. Nagusiena Amundarainera doa zuzenean, baina gidari lanak egin dituen Amalur mendi elkarteko Imanol Lasa lazkaotarrak eskubi aldera egiteko proposamena egin du, Iramendiko gaina (486 m.) ezagutzeko.  Beste hamar minutu behar dira hara iristeko. Basoan ikus daiteke puntu geodesikoa, hautsita. Harizti eta pagadi arteko bidezidorretatik behera egin behar da, Ataungo noranzkoan, eta beste hamar minutuko tartean, Lazkaoko Begiristain baserritik datorren bidearekin egiten da topo. Arrasto zuri-horiko PRari jarraituz, Amundarain baserrira (390 m.) ailegatzen da. Ataungo lurretan. Beste iturri bat dago han, eta informazio seinaleak.

Aralarko Parke Naturalean sartuta, Intsustiko iturria adierazten bidea eskubitara utziz, ezkerrerantz zabaltzen den bideari heldu behar zaio Lazkao-Etxe baserri eta jatetxera jaisteko (220 m.). Ordu erdiko jaitsiera gozoa da, kontutan joateko aproposa. Pistaren lehen zatia Atauni dagokio, bigarrena Lazkaori. Errepide bidezko sarbidea Zaldibiatik duen arren, Lazkao-Etxe, izenak dioen moduan, Lazkaori dagokion etxea da.

Kobaegi baserri ‘galdua’

Lazkao-Etxetik Kobaegi baserrira joateko bi aukera daude. Bata, CAFeko zentralera joaz –Zaldibian–, eta errekaren eskuin aldetik zabaltzen den bidezidorrari jarraituz. Ez dago seinalerik, eta hortaz, baztertzea onena. Bigarrena, Lazkao-Etxeko mandio ondoko langa igaro eta Ameztibarrenean zabaltzen den gurdi-bidean gora eginez, hasieran zelai garbian eta gero pinudi barrenetik. Erritmoaren arabera, 40-45 minutu behar dira Kobaegi baserrira galdura iristeko (480 m.), Zaldibiako lurretan.

Ataungo eta Lazkao mugan, eremu malkartsu batean eraikitako baserria da Kobaegi (Koai), Zaldibiako Aiestaran erreka auzoan. Aralar eta Enirioko basoen ustiaketaz aritzeko ahalagiria sinatu zuten baserrien artean agertzen da 1783ko abenduaren 17ko dokumentu batean. Arruabarrena familiakoak izan dira etxejabeak beti, eta bi anaia bizi dira han. Bertaraino autoz joateko bidea 1985ean egin zuten, Lazkaomenditik.

Intsustiko Batasuna  1848. urtean desegin zen, gerrak sortutako kalte eta galeren ondorioz. Lurrak zatitu eta saldu zituzten
Kobaegi baserria eremu malkartsu batean eraiki zuten, Zaldibian, baina ezker-eskubi ditu Lazkao eta Ataungo mugak

Behealdean baserriari izena ematen dion koba bat du, Koa izenekoa. Zaldibiako giza ezarpenaren lehen aztarnak kobazulo horretan aurkituak dira: industria litikoaren arrastoak eta Paleolito ondoko zeramika, 1980an industuak.  6,5 metroko zabalera eta bost metroko garaiera du kobak sarreran, eta 240 metro koadroko eremu zabal bat du barrenean, 40 metroko luzerakoa. Artegi modura ere erabili izan da. Bidean desbideratu beharra dago hura bisitatzeko.

Itzulera Errekarte aldetik

Kobaegin gora bost minutu eginda, Errekarteko bidegainera iristen da, ibilbideko puntu gorenera (510 m.). Intsusti eta Aralar aldera igotzeko edo Lazkaomendi aldera jaisteko bidea da, Lazkaoko lurretan atzera. Errekarte iturria du bost minutura, Lazkao Txikik jarritako bertso batekin. Ordubete eskas behar da hortik abiapuntura iristeko, bide erosoan. Bidea bera Lazkaori dagokio Lasarteko lepora iritsi bitartean, baina bidearen gainaldea Atauni, Arastortz eta Intzartuko Haitzak begira dituela.

Kontuan hartzeko

  • Ibiltari__Lartsai_Kobaegi_ copiaHiru herritako lurretan. Ibilbideko zatirik gehiena Lazkaoko lurretan egiten bada ere, Zaldibiako eta Ataungo lurrak ere zeharkatzen ditu ibilbideak. Bitxia da Intsustiko Batasuna izandako eremu horretan dauden enklabeak mapa batean ikustea, mosaiko baten moduan.
  • Lau iturri gutxienez bidean. Lartsai elkartearen atarian, Abalinzahar baserriaren parean, Amundarain baserrian aurrean eta Errekarten topa ditzake iturriak ibiltariak. Kobaegira CAFeko zentralaren aldetik igoz gero, beste bat ere bai.
  • Ibilbidea luzatu nahi izatera. Lehendabizi Errekartera joan eta handik Kobaegi eta Lazkao-Etxe aldera jaitsiz ere egin daiteke bidea. Beste aukera bat ibilbidea luzatzea da, Intsustiko Iturria helmugatzat hartuta. Errekarte gainetik bidezidorrean lehenik, eta pistaz gero, iristen da. Zaldibiatik, Arkakako zubitik gora igo daiteke.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: 3:00-3:30 ordu
  • Luzera: 11 kilometro
  • Desnibel metatua: 1.100 metro
  • Zailtasun teknikoa: Ertaina
  • Oharrak: Kobaegi baserriaren azpialdean dagoen Koa kobazuloa bisitatu nahi izanez gero, denbora gehiago behar da ibilbidea egiteko. Landaredi askoko lekua malkartsuan dagoenez, oinetako egokiak eta praka luzeak eramatea gomendatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>