Santaisabelak

Santa_Isabel_jaiak_2005

2005ko uztailaren 2an, San Isabel jaietan, Antiotik jaisten.

Andoni Salamero Alberdi • Zumarraga

Zumarraga-Urretxun bizi den orok beti du gogoan Antio, eta Antio bezala, uztailaren 2an ospatzen diren santaisabelak.

Bederatziurrena egiten jardun diren pertsonek ondo dakite baselizara bertaratuz bide horren berri, eta egun horretantxe, bederatzi egunez 18:30etarako joanaldia egin ondoren, bukaera egokia ematen diote egunari gosari aparta eginez. Kuadrillak garaiz doaz mahaiak atontzera, guztia egoki apailatzera, okasioak hala eskatzen baitu. Antio Hiribidetik dantzariak, txistulariak, udaletxeko kideak abian, baselizaraino bide egiten dute, dantza zoragarriaz baselizan gozatzeko asmoz. Iragan batean, gizonezkoak, egun, emakumeak dantzan, berdintasunaren lorea lurrin eztiz bazterrak jantziz. Ama Birjinari gurtza berezia eskainita, meza entzun nahi duenak barruan darrai, meza-gose ez denak kanpora, jendartera, zerbait hartzera. Irri eta oihu aritzen dira solasean bertaratu direnak, eta ziur, aspaldi ikusi ez duen inori egingo diola harrera norberak egun horretan.

Bazkaria prantatuta, kuadrillek kabi hartzen dute mahaietan, hango jan eta edan beharra, hamaika mozkorraldi pasatu izan dituzte bat baino gehiagok. Kantu eta kontu ederrean egiten da bazkalostea, eta mahaia jasota, batzuk ezer hartzera doazen bitartean, soina lerden duenak baseliza ingurura, dantzatzera. Txistua, trikitia guztia beharrezkoa izango da jendea alaitzeko, ez da horretarako zalantza askorik egongo. Nork ez du arin-arin eta fandangoez gain, biribilketa batuan, salto ederretan atsegin hartu egun horretan? Izerdi patxetan bukatu izan du bat baino gehiagok; ez da esango izerdi zuria denik isuritakoa, ikusi besterik ez da egin behar norberaren jantziak zein melatu atsegin hartzen duten.

Jaitsieraren unea

20:30ak aldera, txistulariak baselizatik aterata, dantzariak hala nola udaletxeko kideak atzean lagun dituztela, jaitsieraren unea! Hango kantu eta salto egin beharra! Bat baino gehiago, arduraz, bihurrituekin kontu ibil dadin jendea ohartarazten! Abesti denak balekoak gertatzen dira, batez ere jendea girotzeko eta alaitzeko badira. Sortzaile guztien birpasa egiten da. Talde bat, Geuria da eta abesten ari denean, handik hainbat metrotara beste jende-multzoak Kalian gora zezenak, urrunago Egun da Santi Mamiña-ri ekiten dio, ez da Top Gaztearen beharrik honetan guztian. Eitzaratuta… eitzarrek, betiko maila erakutsiz, zorua belar moztuaz jantzia, eta gutxi bada ere, txanpaina guztiei eskainiz, zerbaitegatik: «Eitza bihotz handiko, txoko maitagarri!» bejondeizuela, adiskideok!

Eitzatik kaleak hartuz jendea, festa giroan plazara, aurtengoan lubakituta badago ere, jaitsierari bukaera emateko pronto. Plazatik dantza eta kantuan jardunda, txosnetara edota norberaren barruak eskatzen dionera, egun ederrari bukaera ematera.

Desio on hori opa diot bertaratzen den orori, eta jakina, festak festa izaten jarraitzeko, gehiegikeriarik ez, eta are gutxiago epelkeria zein gizonkeria erakutsi nahia, emakumeekin zein edonorekin zakarki sartuz. Guztiok nahi dugu festaz gozatu, barrua behar bezala osatuz, hargatik izan gaitezen gizatasun horren erakusle zintzo eta jator. Santa Isabel jai atseginak guztiontzat, eta jardun horretan, eutsi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>