Antsietatea, egoera ala ondorioa?

Idoia-LuzuriagaIdoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia

Maiz entzuten ari naiz «Antsietate puntutxo batekin nabil azkenaldian» esaldia. Batez ere, eta neurri handi batean, gazteen ahotik. Eta esaldi horren aurrean, hainbat pentsamendu etortzen zaizkit. Zeri deitzen diogu gaur egun «antsietate puntutxo bat?» Jakin badakigu, izendatzea besterik ez dagoela, abstraktoak diren pentsamendu edo sensazioak errealitate kutsua hartzeko…

Eta zergatik etzuten da hain maiz antsietatearen gai hori? Zergatik jasaten dugu antsietatea? Gu gazteagoak ginenean, antsietatea bagenuen edo «joe ez dakizu ze kaka gertatu zaiten eta nola nagoen» deitzen genion? Edo gizarteak gaur egun exijitzen duen maila jakin baten ondorio al da egoera hori? Ikasketak, edota ikasketa jakin batzuetara iristeko behar den notak, adibidez? Lan munduko eskakizunek? Instagram eta gainerako sare sozialek islatu eta islatuarazten duen bizitzak agian? Edo berez gure egokitzeko gaitasunarekin zerikusia izango ote du? Bizitzaren abiaduraren ondorio ote da? Edo egunean zehar abian jarri behar ditugun rol horien guztien bateraezintasunaren emaitza? Eskuraezinak diren eredu batzuen baldintzak, akaso? Politikoki zuzena denaren tirania ere izan liteke? Honen aurrean, gero eta jende gehiagok jotzen du profesionalen laguntza bilatzea.

Behingoz, ari gara gai emozionalei bere garrantzia ematen, eta gorputzeko beste arazo fisiko batean aurrean egiten dugun bezala, laguntza profesionala modu naturalean bilatzen. Baina zein izan da lehenago? Gabezia edo arazo baten inguruan ohartaraztea edo gabezia edo arazo jakin hori sakontzen ari izana? Hau da, aurretik zegoenari izena jartzeak ekarri du antsietatea, eta batez ere, nerabe eta gazteek jasaten duten egoera horri buruzko gero eta albiste gehiago topatzea? Zer nahi dugu, zer behar dugu, zer dugu faltan edo soberan pixka bat hobeto bizitzeko? Aurreko batean, adineko gizon baten hileta elizkizunean nengoela eta apaizak kontatzen zuena hamaika aldiz entzunda «deskonexioari» ekin nionean, horrelako zerbait pentsatzen nuen: nolako bizitza izango zuen honek bere atal intimoan? Etxekoan esan nahi dut. Berak edo bere ingurukoek «antsietate puntutxoa» izango ote zuen? Nola kudeatuko ote zuen bere inguruko belaunaldi bakoitzak bere garaiari dagozkion erronkak? Eta gure gazteak atal emozionalaren zaintzaren aurrean, zer dira, abanguardia edo biktima?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>