Beste basogintza eredu baten aldeko apostua

Haritza__basogintzarako_al

Intsignis pinuarentzat alternatiba badagoela erakutsi nahi duen proiektu bat jarri du martxan Erraz Kooperatibak Brinkolan.

Basogintzaren alorrean lan egiten duen  Errez Kooperatiba Elkarte Txikia proiektu berritzaile bat gauzatzen hasi da Brinkolako Aitzondo hariztian. Inguru honetan nagusiki insiginis pinuan oinarritzen den basogintzarentzat alternatiba bat badagoela erakutsi nahi dute.

Mendiko haritza edo haritz kandugabea (Quercus petrae) da basogintza eredu alternatibo horren ardatza, «urte askoan basogintzan ahaztuta egon den espezie bat», Erraz kooperatibako Markel Arriolabengoak azaldu duenez. Garai batean, ordea, hemengo espezie horrek emandako egurrak garrantzi handia izan zuen Europa mailan, zuen kalitate handiagatik. Hemen hariztiak ustiatzeko ohitura galdu bazen, Europan mantendu egin da, eta hain zuzen, Europako joera hori da Erraz kooperatibakoek hona ekarri nahi duena, pinuaren aurrean alternatiba gisa haritza aurkeztuz. Brinkolako hariztian egiten ari diren lanak dira lehen pausoa.

Pinuaren sektorea krisian

Basogintzan lanean diharduen enpresa bat da Erraz, eta duela urte batzuk hasi zirenean «sektorea oso une kritikoa bizitzen ari zela» igarri zuten. Batez ere intsignis pinuaren landaketan eta ustiaketan dago oinarrituta azken urteetan hemengo basogintza, eta intsignisa ez dago bere unerik onenean.

Insignisaren zikloa 35 urtekoa da, eta hasieran landaketa egiteko garaian inbertsio handia eskatzen badu ere, amaieran diru sarrera ere oso handia da. «Intsignis pinuak diru asko eman du garai batean, oso ondo funtzionatu du eredu horrek, baina orain geroz eta zailtasun handiagoak ematen ditu». Arriolabengoak azaldu duenez, azken urteetan izandako ekaitz handiek –Klaus ekaitzak Landetako basoetan (Frantzia) txikizio handiak eragin zituen 2009an–merkatuan egundoko eragina izan dute, eta errentagarritasuna kolokan jarri dute. Pinu mota horren merkatuari banda marroia bezalako gaitzek ere mesederik ez diotela egin zehaztu du, eta horren guztiaren aurrean, basojabeak  beste pinu espezie batzuk landatzen hasi zirela erantsi du: «Pinasterra edo pinu maritimoa, izeia eta sekuoia».

Baina horiek ere ez dute emaitza onik eman. «Labur esanda, edozein espezie hartuta, etorkizun txarra» du pinuaren sektoreak, eta «horrek eskatzen du aldaketa drastiko bat basogintzan». Arriolabengoak baieztapen hori zehaztu egin du: «Gu ez gabiltz ordezko espezie bati begira, baizik eta eredu berri baten bila. Eta badaude. Kanpoan ikusi ditugu, ekonomikoki eta ekologikoki oso emaitza onak ematen dituztenak». Haritza da eredu berri horren oinarria, eta ekologia eta bioaniztasuna dira bere beste aldagai garrantzitsu batzuk.

Beste basogintza eredu bat

Maquetación 1Erraz kooperatiboek argi dute beste basogintza eredu bat posible dela, «zura bakarrik ez, beste ekosistema zerbitzu batzuk ere kontuan hartuko dituena». Europan barna ibili dira, batez ere Frantzian, eta handik ikaspen batzuk ekarri dituzte, hemen aplikatu daitezkeenak.

Eta Legazpin, Brinkolan auzoan suertatu zaie «oso aukera ona» basogintza eredu berria praktikan jartzeko. Barrendiolako urtegitik gora joanda, haritz kandugabeen 400 hektareako harizti handi bat dago, Euskak Autonomia Erkidegoko handiena, eta jabego publikoko eta pribatuko 12 hektareako sail batean jardungo dute lanean, 60-70 urteko zuhaitzekin. «Biointentsitate baxuko mozketak egingo ditugu», hau da, bakanketa bidez aterako dute egurra, eta «erdigunean jarriko dugu ez bakarrik zur ekoizpena, baizik eta zuraren inguruko ekosistema denak».

Izan ere, aukeratutako zuhaitzak bakarrik botako dituzte, eta ondoko zuhaitzak zutik utzita, basoak hazten jarraituko du. Banan bana begiratuko dituzte zuhaitz guztiak, eta dagoeneko asko markatuta dituzte Brinkolako hariztian. «Helburua da kalitate handiko egurra sortzea, egur gutxi ateratzea, baina kalitate handikoa, eta horrekin batera basoaren egoera ekologikoa eta emankortasuna zaintzea eta hobetzea». Makineria berezia erabiliko dute zuhaitzak botatzeko eta ateratzeko, pinudiak botatzean erabiltzen dena baina arinagoa, eta basoan dagoeneko eginda dauden pistak baliatuko dituzte.

Inguruari ahalik eta min gutxiena eragitea da gakoa, basoko ekosistema guztiak errespetatzea. Pinudietan, ordea, matarrasa deitzen den sistema erabiltzen da, eta zuhaitz guztiak botatzen dira batera, hurrengo landaketari begira saila goitik behera garbituz.

Sistema ziklikoa

«Gakoa da zuhaitzen aukeraketa, zein bota, zergatik, zertarako, eta zenbatero». Sistema ziklikoa da, eta Brinkolan bakanketak zazpi urtez behin egin daitezkeela azaldu du Arriolabengoak. Horrela, zazpi urtero jasoko du jabeak egurraren errentagarritasuna. «Errentak etengabeak dira, behin errentak ematen hasita, ez da geratzen».

Hala ere, Arriolabengoak zehaztu du sistema honekin lan egiteko garrantzitsua dela azalera handiko basoa izatea, eta sailak orokorrean txikiak direnez, «jabeen kooperatibak ere sortzen ari gara, baso jabeek elkartuta eta modu bateratuan kudeatzeko lur hori».

Basogintza ereduaren aldaketarako egin dituzte lehen urratsak Brinkolan. Orain, jarraipena emango diotenak behar dira.

Baso jabeek bertatik bertara ezagutuko dute

Pinutik haritzera. Baserritar eta baso jabe askori zer pentsa emango dion aldaketa da. Baten eta bestearen abantailak eta desabantailak ondo aztertu, zenbakiak ondo egin, eta erabakia hartu. Erraz kooperatibakoek argi dute egin beharreko saltoa dela, basogintzak eredu aldaketa eskatzen duelako.

Aldaketa horretan erakundeek badute zeresan eta zeregin handia, baina momentuz, azken hitza jabeek dute. Horiei zuzenduta, Brinkola bertako Arriurdin auzo elkarteak informazio saio bat egin zuen Erraz kooperatiba elkarteko kideekin eta haritz egurrarekin lan egiten duen enpresa batekin. Goitik behera azaldu zituzten proiektu eraldatzaile honen xehetasunak. Laster, hariztia eta bertan egiten ari diren lanak ezagutzera eramango dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>