Gurutzeren hilketa

Asier-IriondoAsier Iriondo • Hizkuntza aholkularia

Goierri ezagutarazteko nobela beltz baterako ideia entzun genion barra izkinan zegoen gizon bati. Bere buruarekin boz gora ari zen. Berrogeita hamar urte atzera eginda, Gurutze izeneko baten heriotzarekin hasiko litzateke nobela. Ikertzailea, badaezpada,  ez litzateke polizia, nobleziako arbasoak lituzkeen gizon gazte farmazialaria baizik. Hala ere, arbaso nobleena bukaera aldera jakingo luke bai ikertzaileak, bai irakurleak.

Biktimaren biloba bezero izango luke eta berak kontatuta ezagutuko luke modu bitxian hildako Gurutzeren istorioa. Egunkari zaharretan arakatzen hasi eta gorpuan jakin-mina sortuko liokeen zerbait ikusiko luke. Hamar urte lehenago, hil hurren zela, aitonak farmaziako ezkutuko gela baten berri emango ziokeen. Bertan, burdinazko eraztun bat eta pozoi bat egiteko azalpenak eta ondorioen ezaugarriak aurkituak izango zituzkeen. Ezaugarri horietako bat ikusiko luke Gurutzeren gorpuan.

Ikertuz, konturatuko litzateke ehun urte atzera Ana izeneko batek antzeko heriotza izan zuela eta, atzerantz jarraituko luke hilketaz hilketa, Juana I Gaztelakoak Ordiziari azoka egiteko emandako baimenean erantzuna aurkitu arte.

Argituko luke Gurutze bere aitonak hil zuela eta berari Aintziñe izeneko bat hiltzea legokiokeela. Mendeetan, gizonez gizon, aitonatik bilobara pasatako herentzia bat izango litzateke eginbehar hori, gizon boteretsuen organo batean aulkia izateko. Gertaera guztiak leudeke CNIren artxibategian idatzita, baina, boteretsuen organo horrek, Espainiako sekretu ofizialen legea nahierara luzatzeko ahalmena edukiko luke.

Bukaeran, trilogiari ate bat irekiz, barra izkinan dagoen gizonak eskuan burdinazko eraztuna daukala konturatuko ginateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>