Beasainmendiko bira

Ibilbide klasiko bat da Beasaingo plaza Agortarekin lotzen duen zirkularra. Herriguneko hasierako zatia baserri bide eta garai bateko herri bideekin uztartzen ditu, Goierriren ikuspegi ederrak erakutsiz. Ibilaldi neurtu bat baino gehiago egin da zirkuitu horretan.

Tomas Salazar Satrustegik (Iruñea, 1938-Beasain, 2020) mendizaletasuna zuen pasio. Aizkorri mendizale elkartearen ikur, gaztetxoenen artean mendiarekiko zaletasuna zabaltzen lan nekaezina egin zuen. Errotulu margolaria zen lanbidez, eta egindako ibilbideak mapa kartografiko bihurtzeko aparteko abilezia zuen. Pasio hori islatzen da zehaztasun handiz egindako marrazki horietan. Ondare horrek herriarentzat behar zuela izan argi zuen Salazarrek, eta iazko azaroaren 20tik hala dago, haren familiaren eta Aizkorri mendizale elkarteko zuzendaritzako kideen elkarlanari esker. Ehundik gora fitxa  digitalizatu ondoren, Tomasaizkorrikobira.com webgune berrituan kontsulta daitezke.

Ibilbideak kuxkuxeatzen aritu eta gero, Beasaingo herrigunea eta Agortako gaina lotzen dituen zirkularra da Ibiltari honetara ekarritakoa. 2011ko martxoaren 13an Goierriko eskolaumeek egindako Ibilaldi neurtua, zehatzagoak izateko. Ibilbide luzea (11 km.) eta laburra (8,8 km.) dakartza fitxak, eta bien arteko bat da lerrootan jasotakoa. Bide erakusle modura, Salazarrekin hamaika mendi buelta egindako Jose Mari Aztiria eta Jabier Elortza.

Beasainmendi-2

Bide erakusle modura, Tomas Salazarrekin hamaika mendi buelta egindako Jose Mari Aztiria eta Jabier Elortza aritu dira.

Loinazko ermitatik igoera pikoa

Loinazko San Martin plazatik (159 m.) hasten da ibilbidea, eta lehen jomuga Loinazko ermitara iristea da (210 m.). Horretarako herrigunea zeharkatu behar da –Oriamendi aldetik egitea erabaki da–, eta Loinazko basilikara doan bidea utzi eta ezkerretara eginez iristen da ermitara, hogei bat minutuan. Ermitaren ataria bisitatu ondoren, atzera baserri bidea hartu, eta ordu erdiko igoera dago Artxisain-Mendizabal baserrira (400 m.) iritsi aurretik. Tartean, Amunabarrogoikoa, Arantzamendi, eta Aranburu Azpikoa eta Garaikoa baserriak topatuko ditu oinezkoak bidean.

Asfaltozko bidea Mendizabalen bukatzen da, eta metro batzuk aurrera eginez, bidegurutze batera iristen da. Ibilbide luzea egiteko ezkerretara jo beharra dago Lupazketa eta Biruin aldera, laburrerako eskubitara, Bidegain lepoa helburu. Bigarren hori da gidariek egindako aukera. Beti ere goranzko joera duen bide erosoari jarraitu behar zaio. Herribidea bidezidor bihurtzen da tarteetan, eta pinua nagusitzen den paraje horietan pagadi batzuk ere tartekatzen dira. Usurbeko antena eskubitara ageri dela, ordu eta erdi inguru behar da Bidegainera iristeko (610 m.). Tentsio handiko kableak ageri dira bertan.

Agortako plazatik Beasaingora

Bidegainetik Agortara joateko eskubitara egin beharra dago –Ibilbide neurtuko mapak hala egiteko dio–, baina bideari bestelako itzulinguru bat egiteko erabakia hartu dute gidariek. Ezkerrera egin, segituan eskubira dagoen bidezidor estua hartu, pinudi  batean gora egin –gainera iristean Arriarango urtegia, Astigarreta, Garin eta Mandubia ikusten dira –eta Murumendi aldera doan bidearekin topo. Eskubira beharantz eginez, hamar minutuan Agortara (622 m.) iristen da. Bi orduko bidea.

Goierriko eskolaumeek 2011ko martxoan egin zuten Ibilaldi neurtu baten aukerazko bi ibilbideak uztartzen ditu zirkularrak
Tomas Salazarrek eskuz egindako ehundik gora mapa kartografiko ikusgai daude Aizkorri mendizale elkartearen webgunean

Agortako plaza da Beasainmendiko festalekua –iraileko lehen asteburuan ospatzen dituzte festak–. Ibilaldi neurtuak bi proposamen egiten ditu. Luzea egiteko Usurbeko gurutze aldera egitea, laburrerako herrirako bidea hartzea. Bigarrena aukeratuta, beherantz egitea besterik ez da falta. Korta eta Otaño baserrien ondotik pasatzen da bidea, eta Olazar baserrira iritsi aurretik, pinudian irekitzen den bidezidor bat erabiliz laburtu daiteke. Ordubeteren azpitik iristen da Agortako abiapuntura.

Kontuan hartzeko

  • Loinazko ermita eta basilika. Ondare izendatutako bi tenplu erlijioso topatuko ditu ibilbide honetatik gertu oinezkoak. Batetik, Loinazko Amaren ermita –1565koa da lehen aipamena–, bestetik, Loinazko San Martinen basilika –XIX. mendean eraikia Gipuzkoako Batzar Nagusien aginduz–.
  • Agortako lepoa. Oinez ez ezik, motordun ibilgailuz ere igo daiteke Agortara Erauskin auzotik gora irekitzen den bidean. Iraileko lehen asteburuan eremu horretan –Agortako plaza ere deitua– ospatzen dituzte inguru horretako baserritarrek antolatutako
    Beasainmendiko festak. 1991. urtean Guardia Zibilak hildako Jokin Leunda herritarraren omenezko oroitarria dago bertan.
  • Usurbeko gurutzea. Gailurretik metro batzuk hego-ekialdera eginez dagoen Usurbe baserriak ematen dio izena mendiari (707 m.). Goierriko zati handi bati telebista eta irrati seinalea ematen dion antena handi bat du tontorrean, baita 1953ko abuztuaren 23an altxatutako gurutze zuri erraldoi bat ere. 52 tona material erabili zuten beasaindarrek gurutzea eraikitzeko.

Beasainmendi-1Fitxa teknikoa

  • Iraupena: 3 ordu
  • Luzera: 11 km
  • Desnibel metatua: 1.100 metro
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>