Agintaldi berri bat hasten denean, 100 eguneko epea eman ohi zaio gobernu berriari edozein kritika egiten hasi aurretik. Lau urterako lan-ildoak zehazteko egunak dira, herriz herri modu eta jokabide ezberdinetan garatzen ari direnak.
Lehen 100 egunak dira, berrehun edo hamar izan zitezkeen moduan. Kontzeptuan dago gakoa, oposiziotik gobernura egin beharreko trantsizioaren ideian. Herritarren aurrean irudi ona sortzeko egunak dira, bigarren aukerarik gabekoak. Kanpainan agindutakoa betetzen hasi, eta aldaketaren aroa irudikatzeko egunak. Ekainaren 13an osatu ziren udal berriak, eta igandean, hilaren 20an, 100 egun egingo dituzte agintean gobernu berriek.
Kontzeptu horren sorreraz aritzeko zenbaitzuk Napoleonen garaira jauzi egin behar dela badiote ere, analista eta politologo gehienek 1933an kokatzen dute sorburua. Franklin Delano Roosevelt mundu mailako ekonomia krisi sakon baten laugarren urtean iritsi zen Amerikako Estatu Batuetako agintera. AEBak konfidantza arazo batean murgilduta zeuden, eta Rooseveltek erreakziorako gaitasuna transmititu beharra zeukan. Eta lortu zuen. Diskurtsoa ekonomian zentratu, eta 15 lege garrantzitsu onartu zituen AEBtako kongresuan, politikaren denborak neurtzeko oinarri berriak jarriz.
Udalerri nagusienetan
Kontzeptu hori goi mailako politikan erabili ohi bada ere, Goierriko udaletara ere ekar daiteke, nahiz eta tamainak eta baliabideak parekotasunik ez izan. Gobernu aldaketa nabarmenenak Beasain, Ordizia, Lazkao, Urretxu eta Legazpin eman dira, EH Bilduren eskutik EAJra pasa baitira.
Beasainen gehiengo osoz gobernatzen dute jeltzaleek, eta oraindik orain ez da aparteko aldaketarik sumatzen kale mailan. Zeresana eman duen gaia, komunikabideetan behintzat, alkatearen soldata igoera izan da. Ordizian, Lazkaon eta Legazpin, berriz, hondakinak hizpide izan ziren kanpainan. Lazkaon uztaileko osoko bilkuran onartu zuten ofizialki edukiontzien bilketa sistemara itzultzea, eta beste bietan herri kontsulta izan zuten aipagai, nahiz eta modu ofizialean urratsik ez egin oraindik.
Legazpin, aparkalekuen arazoa hizpide izan zuen EAJk kanpainan, eta lehen urratsak eman ditu dagoeneko. Urretxun aparteko hotsik ez da entzuten, eta Zumarragan orain arteko lan-ildoekin jarraituko dute. Oro har, egun gehiago beharko dira aldaketak ikusteko.
Sasietako izendapenak
Udalaz gaindiko erakundeei dagokienez, Sasieta Mankomunitatea da ofizialki kargu berriak izendatzeko batzarra egin duen erakunde bakarra. Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea izendatu zuten lehendakari hilaren 8an.