Agenda estua du Angel Oiarbidek (Idiazabal, 1974) igandean egingo den giza katearen bezperetan. Gustuko lekuan aldaparik ez dela eta, gogor ari da lanean. Erabakitzeko eskubidera bidean entsegua izango da igandekoa. Aurrera begirako indarrak neurtzeko termometroa.
Ekainaren 9an zein da egunkaria hartu eta gustura irakurriko zenukeen titularra?
Egun historikoa izan dela esateak iada ez du indarrik izango, historikoa horrenbeste erabiltzen denez. Titularra baino, argazki bat ikusiko dut gustura. Ez dauka zertan airetik hartua izan behar, gizakatearen handitasuna erakusten duena, lauzpabost lagun eskutik emanda irudikatzen ditut. Handitasun horretako txikitasuna, detailea, eskuz esku zer egiteko gai izan gaitezkeen erakusten duena.
Duela urtebete aurkeztu zenuten Ficoban (Irun) Gure Esku Dago egitasmoa. Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da.
Oinarri hori ez da berria goierritarrontzat. Nazioen Munduan Igartzan (Beasain) egin zen manifestuan ikusi genituen. Zergatik? Ahalegindu ginen ahalik eta ertz gutxien zituen oinarria jartzen, oso zaleak garelako ertzetan kateatuta gelditzen. Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da, eta kitto.
Gure Esku Dago. Zein gara gu eta zer da gure esku dagoena?
Gure Esku Dago ez da lelo bat, jarrera bat baizik. Barneratua izan edo ez, bi norabide ezberdin har daitezke. Etorkizuna gure esku dagoela barneratzea da Gure Esku Dago.
Zeintzuk garen subjektua? Guk esaten duguna da euskalherritarrok erabakitzeko eskubidea dugula; hiru milioi biztanle horiek. Gu ez gara sartuko nola kudeatu behar den edo zein fasetan edo nola. Ez gara estrategiatan sartuko.
Nabarmendu duzuena da kolore ezberdinekoen topagune izan behar duela.
Izan ere, hau ez da gutxi batzuen kontua, gizarteko sentsibilitate politiko guztien kontua baizik. Jakitun gara momentu honetan agian hutsuneak ditugula, baina gure buruan irudi hori izan beharko genuke, abaniko zabalarena.
Europako Parlamentuetarako Hauteskundeetan alderdiak erabakitzeko eskubidearen gainean aritu dira. Maiatzaren lehenean sindikatuak ere bai. Mahai gainean al dago erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena?
Nik ez dut esango guk jarri dugunik mahai gainean. Hor zegoen, guk ez dugu ezer asmatu. Ahalegindu garena da zegoen hori ondo kudeatzen. Lokatzetan zegoen kontzeptua, gure asmoa izan da kontzeptu hori hartu, garbitu eta gizarteratzea. Egia dena da, Gure Esku Dagok gaia mahai gainean egotea sustatu duela. Erabakitze eskubidea ez da soilik lurraldetasun kontua edo zein estatus eman nahi diogun gure herriari, hori baino zabalagoa da. Zorionez ikusi dugu langile mugimenduan ere jarrera hori hartu dutela, emakumeek ere gorputzaren gaineko erabakitze eskubidea defendatzen ari dira…
2014a Europan urte garrantzitsua izango da herrien erabakitzeko eskubidea dela-eta. Hor ditugu Eskozia eta Katalunia. Zer ekarriko zenuke batetik eta bestetik Euskal Herrira?
Gurean guzti hau hasi zenetik Eskozia da gure iparra; Katalunia da ipar horretara iristeko adibideetako bat. Guk, euskalherritarrok, gure adibidea eraiki behar dugu. Eskozian 2014an erreferenduma egin behar dute, mugarri garrantzitsua izango da. Guretzat aukera paregabea da adibide hori. Ez soilik erreferendumagatik, baizik eta atzean dituen balore guzti horiengatik. Azken finean, erreferenduma izebergaren punta da. Erabakitzeko eskubidea erabat barneratua dute, oinarrian dituzten balore demokratikoek eusten diote puntari.
«Erreferenduma izebergaren punta da,
balore demokratikoek eusten dutena»«Ilusioa piztu da, hori da edozer martxan
jartzeko behar den gasolina»
Beraz hemen, oinarri hori jartzea da behar duguna?
Eskoziara egindako bidaietatik atera duguna da 2008an unionista bati galdetu genionekoa ea zer irudituko litzaiokeen Gordon Brownek [orduko lehen ministroa] Eskoziari bere etorkizuna erabakitzen ez uztea. Ez luketela onartuko esan zigun.
Erabakitzeko eskubidea ez da aldarrikapen independentista bat, printzipio demokratikoa da eta sentsibilitate politiko guztien topagunea. Gu atzo hasi ginen bide horretan pausoak ematen, dudarik ez dugu egiten hutsune hori txikitzen joango garela.
Irudikatzen duzu, beraz, euskalherritarrek erabakitze eskubidea praktikara eramango duten eguna?
Dudarik ez dut egiten. Ikusi dut zein pauso eman ditugun eta oraindik zer gelditzen den, baina horixe posible dela! Demokraziaren norabidean gehiago sakontzen dugun eran topagune horretara iritsiko gara.
Guri berdin zaigu irailaren 18an zer gertatzen den Eskoziako galdeketan, emaitza berdin da. Dakiguna da irailaren 18an denek irabaziko dutela, herritarren borondatea entzungo delako. Agertoki hori lortu behar dugu gurean.
Ficobatik, hilabeteak daramatzazu herriz herri, hitzalditan, aurkezpenetan, hedabideetan elkarrizketak ematen… Nola zabaldu da Gure Esku Dago Euskal Herrian?
Ficoban sinatuko genuen dinamikak izan duen zabalkundea izatea. Hala ere, hemen ez da ezer kasualitatez etortzen. Hortara joanez, lortu egiten da.
Araban zortzi batzordetik gora daude, Nafarroan 20tik gora, Gipuzkoan 45etik gora eta Bizkaian ia 60. Ipar Euskal Herrian ere hasita daude. Ekainaren 8ra zain egon gabe, esan dezakegu Gure Esku Dago arrakastatsua dela. Sentsibilitate ezberdineko jendea elkartu da. Izugaria da nolako ilusioa sortu den, hori da edozein proiektu martxan jartzeko behar den gasolina, orain arte garesti egon dena.
Zer dauka Gure Esku Dagok jendeak horrelako harrera egiteko?
Egitasmora inguratzen ari den jende asko 45-50 urtetik gorako jendea da. Zatiketaren garaia bizi izan dute, ezberdintasunak nabarmentzen zirenekoa. Puskatutako zubiak eraiki zitezkeenik ere ahaztuta zegoen jendea. Dinamika honek komunean ditugun gauzak indartzen ditu. Elkartu eta elkarlana sustatu da. Etorri da 80 urteko amonarik «ez nuen uste ilusioa berriro ere berreskuratuko nuenik» zioena.
Hortaz, frogatu da euskaldunak elkarrekin lan egiteko gai direla?
Idiazabalen hasi ginenean herriko bi sentsibilitate politiko nagusietako ordezkariak jarri genituen elkarrekin, eskema guztiak puskatu ziren. Goierrira pasa ginenean 35 lagun agertu ziren Igartzan. Horrek zilegitasuna ematen die herritarrei. Emandako mezua izan zen: «Hasi gaitezen herdoildutako artikulazio horiek engrasatzen, makina martxan jarriko badugu».
Sinistuta genuen gure artean elkarlana ezinezkoa zela. Esango didazu zein etorkizun genuen jarrera horrekin?
Zentzumen guztiak igandekoan izango dituzu orain. 50.000ko erronka gainditu da, ezta?
50.000 lagun 123 kilometroko ibilbidea betetzeko behar den gutxienekoa da. Jarri zenean batzuek gehiegi zela ere bazioten, orain gaindituta dago. Nik uste dut bihar minimo hori baino askoz gehiago izango garela eta igandean bikoitza ere izan gaitezke.
Luis Katarain ez da giza katean izango.
Seguraski bizirik balego ere ez zen joango, baina, bere figura eta irudia han izango ziren. Orain berdin, nahiz eta fisikoki gurekin ez dagoen, giza katean eta hortik aurrera Luis bezalako izaera hori gurekin egongo da. Mikel Garmendiarena eta Loinaz Urrestarazurena dagoen bezala. Eredu horiek hor geldituko dira.
Igandekoa, ordea, ez dela helmuga diozue. Zein da helburua?
Iaz Euskal Herrirako saltoa egin zenean dinamika honek iraungitze data zuela esan genuen. Urtebeteko entsegua da. Badakigu bakoitzak zer egin dezakegun, baina ez dakigu elkarrekin noraino irits gaitezkeen. Ariketa bat jarri genuen eta pausoak ematen hasi. Udazkenean elkartuko gara zer egiteko gai izan garen ikusi, dastatu eta hortik aurrerakoa erabakitzeko.
Beraz, giza katearena proba bat izango da?
Dudarik gabe, erabakitzeko eskubidearen jarrera hori zenbateraino barneratu dugun ikusteko. Ekainaren 8tik aurrera hasiko da hausnarketa. Bide bat edo besterako zenbaterainoko indarra izango dugun igandean ikusiko da.
Europa Euskal Herrira begira jartzeko aukera ere izango da?
Euskalherritarrontzat garrantzitsua da igandeko zita; baina atzerrira begira gu ere hemen gaudela esateko une ezinhobea da. Eskoziak eta Kataluniak hasi duten zurrunbiloan sartzeko aukera dugu. Bi horien inertziak aprobetxatu behar ditugu guk ere aurrera egiteko. Datozkigun haize horiek, balore demokratiko horiek, gure gizartean eragin dezaten.
«Ezinezkoa izango zen pertsonen arteko konplizitaterik gabe»
Bide luzea egin du erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoak 2007tik. Angel Oiarbide lekuko ez ezik, protagonistetako bat ere bada. Bidean pauso handiak eman diren arren, oraindik «elkarrekin zer egiteko gai garen» erakusteko dagoela uste du berak. Egindako bidea «pertsonen arteko konplizitaterik gabe ezinezko» izango zela dio. Oiarbide harritu duena da, bestalde, «askotan hormarik handienak» norberaren barnekoak direla. Horregatik, mugarik gabe, aske pentsatuz aritzea dela uste du Gure Esku Dagoren gakoetako bat. Pertsonalki ordu eta lan ugari eskaini dio proiektuari, burukomin ugari ere bai ziurrenik. Hala ere, eman baino gehiago jaso duela dio: «Gure esku dago jarrera barneratzeko balio izan dit guzti honek». Esfortzua baino, «plazerra» da Oiarbiderentzat erabakitzeko eskubidearen alde lanean aritzea.