Joan zen abuztuan, eskuartean proiekturik ez izatetik, astebetean, bost futbol talderen eskaintza izatera pasa zen Pako Aiestaran (Beasain, 1963) futbol entrenatzailea: Mexikoko hirurena, eta AEBetako eta Israelgo beste birena. Bakoitzaren alde onak eta txarrak aztertu, eta Israelgo Tel Aviveko Maccabira joatea erabaki zuen. Arrakastatsua izan zen erabakia, Israelgo Liga eta beste bi kopa titulu irabazi baitituzte.
Zeren arabera aukeratu zenuen Israelera joatea?
Lehenengoz, lan egiteko modua baloratu nuen. Nik emaitzak prozesuan sendotzen ditut. Niretzako garrantzitsuena ez da zer lortu nahi duzun, nola lortu nahi duzun baizik. Maccabi taldearen nagusiak ere, prozesuan sinesten du. Gainera, futbolaz gain, beste helburu batzuk ere bazituen: berak esaten zidan Israelgo gizarteari azaldu nahi ziola, lan gogorraren eta prozesuaren bidez emaitzak lor zitezkeela, eta mugak puskatzeko aukera bazegoela.
Israelen eta Palestinaren arteko gatazka giroak ez zintuen atzeratu?
Ez, egia esan ez. Hemen bizi izanda ohituta gaude gatazkan bizi izatera. Gainera, zorte ona eduki nuen, iritsi nintzen egunean bakea sinatu zuten eta. Handik aurrera, nahiko erraza izan zen.
Nola bizi dute futbola Israelen?
Leku gehienetan bezala, pasio handiz. Asko jarraitzen dute taldea. Kanpoko partidetara ere joaten dira lurralde nahiko txikia da eta; bidaiarik luzeena bi ordu eta erdikoa da.
Hurrengo denboraldian bertan jarraituko duzu?
Ez, bukatu dut. Alde onak eta txarrak aztertuz, eta han ezer gehiago ezin dudanez lortu, beste bide bat irekitzea erabaki dut.
Zerbait aurreratu dezakezu?
Momentuz ez dago ezer garbirik. Aukerak izan nituen Mexikora itzultzeko, baina bide bat hasi nuen eta orain berriz Mexikora joatea bidetik ateratzea da. Nire azken helburua Europa mailako talde batean arrakasta edukitzea da. Horretarako, hemen edo inguruan jarraitu behar dut.
Hemen esaten duzunean, Euskal Herrian diozu?
Ez, hemen esaten dudanean Europan esaten dut. Iazko abuztuan bost eskaintza batera izan nituen bezala, une honetan ez daukat bakar bat. Momentuz, itxoin egingo dut.
Realean leku bat izan zenuen, 2008an, kirol zuzendari postuan.
Bai. Agian ez zen nire ametsetako postua, ni ez bainaiz bulegoko pertsona, zelaikoa baizik. Momentu hartan, kirol zuzendari postua, futbolean gauzak aldatzeko aukera bezala ikusi nuen. Futbolean gauzak zeharo desberdin egin eta arrakasta izan daitekeela erakutsi nahi nuen. Baina ez zen ondo atera; ustez nire aldekoak zirenek ere ez ninduten babestu eta utzi egin nuen. Pena izan zen, aukera polita zen, baina nork daki, etorkizunean agian izango dut berriz itzultzeko aukera.
Berriz itzultzekotan, entrenatzaile bezala itzuliko zinateke?
Hori da.
Beasain eta Tolosa futbol taldeak entrenatu ondoren, urte askoan Rafa Benitez, Unai Emery eta Quique Sanchez Flores entrenatzaileen laguntzaile aritu zinen. Noiz eta zergatik erabaki zenuen entrenatzaile bideari heltzea?
Momentu batean nik nire pentsaera azaltzeko beharra neukala sentitu nuen. Nik futbolaz nuen ikuspuntua bultzatzeko nire bidea egin behar nuen. Bestela, askotan iruditzen zaizu beste baten ametsa bizitzen ari zarela.
«Lehenengoz, prozesuetan sendotzen ditut emaitzak, lan egiteko moduan»
«Momentu batean, nik nire pentsaera azaltzeko beharra neukala sentitu nuen»
«Etxekoarengan sinestea izaten da zailena. Agian egunen batean gertatuko da»
«Elustondori Anoetan txistu egitea errespetu falta handia da, onartezina da»
Zein da zure pentsaera futbolari buruz? Zein da zure lan egiteko modua?
Lehenengoz, prozesuetan sendotzen ditut emaitzak, lan egiteko moduan. Joko estilo garbi eta finkatu bat eduki behar da. Horrekin batera, metodologia aproposa eduki behar da jokalariei hori guztia azaltzeko. Bestetik, errendimendua taldearen ondorioa bezala hartu behar da. Baina emaitza jokalarien fitxaketekin lotzen jarraitzen dugu. Merkatuan ez badago jokalari bat ondoen egokitzen dena, zergatik fitxatu behar da? Askotan fitxatzen diren jokalarien artean ez dago desberdintasun nabarmenik.
Fitxaketak aipatu dituzunez, Realari hori gertatu zaio?
Realari eta talde gehienei. Lan asko dago egiteko. Baina lehenengo, dauzkagun jokalariak hobetu behar ditugu. Jokalariak hobetzen badituzu ziur nago, hurrengo urtean errendimendu hobea lortuko dela. Baina hori ez da gertatzen; ez dago jokalariak hobetzen dituen hainbeste entrenatzaile. Orduan jokalari hobeak fitxatzen dituzte. Baina gu, entrenatzaileok, zertarako gaude? Errendimendu hobea lortzeko bide bat fitxaketa onak egitea da, baina dauden jokalariak ere hobetu beharko dira, ezta?
Joan zaren lekuetan arrakasta lortu duzu.
Beti gertatu zait, eta entrenatzaile laguntzaile nengoenean ere bai. Beti oso ondo baloratu dute nire lana. Mexikon eta Israelen egon naizen denboran, zenbait jokalarik eskerrak eman dizkidate, zenbat hobetu duten eta ikasi duten onartuz. Konturatzen zara jokalariak hobetu daitezkeela. Jokalariak baloratuta sentitzea da lehenengo pausoa. Emozioak ulertzea eta emozioekin lan egitea oso garrantzitsua da, azkenean pertsonekin lan egiten dugu eta. Futbola lehenengo da, baina familiako egoera orekatua izan behar da. Arazoren bat baldin badago ezinezkoa da lanean kontzentratzea.
Izen handiko entrenatzaileekin aritu zara lanean. Bakoitzarengandik zer ikasi duzu?
Pertsona guztietatik ikasten da eta azkenean zure bidea edo metodologia finkatzen joaten zara.
Hainbat Ligatan aritu zara lanean: Espainia, Mexiko, Portugal, Israel, Ingalaterra, Arabiar Emirerri Batuan… Zein Liga duzu gogokoena?
Lana egiteko, Ingalaterrakoa. Batez ere, taldeen eta kluben egitura oso sendoa delako. Bitartekoak ere sendoak dira oso. Sentitu arazten dizuten gertutasuna ez da beste inon sentitzen. Beti gogoratzen naiz, Valentziatik Liverpoolera joan ginenean, bigarren egunean kalean zale batek eskua eman eta eskerrik asko eman zidala. Hasieratik sentitu arazten zaituzte familiako bat bezala. Zaleek babes handia ematen dute momentu txarretan zein onetan. Hemen badakigu emaitzak onak ez direnean, zaleek bizkarra ematen diela taldeei. Hori Ingalaterran ezinezkoa da; alderantziz, taldea momentu txarretan dagoenean taldea gehiago babesten dute. Nahiz eta partida galdu, jokalarien ahalegina eta profesionaltasuna ikusten badute, txaloka uzten dute zelaia. Sentimendu hori ez dago beste inon.
Gorka Elustondo beasaindarra txistuz hartu izan dute Anoetan.
Hori esan didate bai. Baina hori onartezina da, errespetu falta handia da. Batez ere, bertako jokalari bat izanda. Horrek adierazten du nolakoak garen. Kanpotik etortzen den edozein, hobea dela uste dugu, baina lehenengo bertakoak babestu behar dira.
Euskal Herrira itzultzeko esperantzarik baduzu?
Etxean zailagoa izaten da beti. Etxekoarengan sinestea izaten da zailena. Agian egunen batean gertatuko da.