Nahia Martinez (Beasain, 1999) udako izar bilakatu da: ETB1-eko ‘Izarrak Kalean’ saioan bigarren egin du.
Musika eskolako oharren taulan Izarrak Kalean jartzen zuen iragarkia ikusi zuen Nahia Martinezek. Posta elektronikoa hartu, pentsatu eta hiruzpalau abestiren bideoak bidali zituen, beste ehun bat lagunek egin zuten bezala. Horietatik 32 kantari aukeratu zituzten; tartean zen 15 urteko beasaindarra. Pianoa izan du lagun.
Noiz eta nola jakin zenuen Izarrak Kalean saiorako aukeratua izan zinela?
Amari deitu zioten hartu egin nindutela esateko eta astebete egon ziren nik ezer ere jakin gabe programarako sorpresa prestatzen. Amarentzat zaila izan zen sekretua gordetzea. Baina ekainaren 10ean Kale Nagusian kaxa gorri handi bat ikusi nuen nire izenarekin. Ireki eta Gatibuko abeslaria Alex Sardui zegoen barruan. Sekulako sustoa hartu nuen. Lagunak ere bertan agertu ziren. Izarrak Kalean programaren barruan nengoela esan zidaten. Gasteiza eraman ninduten kantatzera. Gasteizko saioa irabazi eta finalerako sailkatu nintzen. Finala Donostiako Boulevardean grabatu genuen.
Kantuak zeren arabera aukeratu zenituen?
Lehenengo, gustuko abestiak zerrendatu nituen eta gero ondoen egokitzen zitzaizkidanak aukeratu nituen. Pasangerren Lets her go, Ken Zazpiren Itsasoa Gara, Gatiburen Euritan Dantzan eta Ken Zazpiren Bihotz abestu ditut.
Konpositorea ere bazara. Zure kanturik ez duzu abestu?
Ez zidaten utzi nire abestiak aurkezten. Kastingera aurkeztu nituen batzuk nireak ziren.
Nolakoak dira abestiak?
Abesti lasaiak direla esango nuke, pop estilokoak. Letrak ingelesez egiten ditut normalean; euskaraz ere bai batzuetan. Biolina ere sartzen dut. Musika Eskolako Koral taldearekin pare bat abesti kantatu ditugu.
Lehiaketan bigarrena izan zara baina ikusleen gogokoena zu izan zara.
Bai, ETBren On line lehiaketan botorik gehien nik lortu ditut, 786. Nik uste dut pianoarekin kantatzea eta gazteena izateak lagundu didala.
Aurrera begira zein asmo duzu?
Batxilerra ikasten hasiko naiz aurten eta aurrera begira oraindik ez dakit zer ikasiko dudan, ez daukat oraindik ere ezer garbi.