Kanpotik inbidiaz begiratu izan zaio Zeraini, itsuraz, herri eredu eta funtzionamendu idealak zituelako. Azken udal hauteskundeek, ordea, ezkutuan zeuden hainbat arazo azaleratu dituzte, eta horrek, bere eragina izan du herritarren arteko giroan ere. Ezohiko egoera hau hobeto ulertzeko asmoz, bi aldeekin hitz egin du GoiBerri aldizkariak.
EH Bilduk udal hauteskundeetan zerrenda osatzea erabaki ondoren, Herri Kandidaturak atzera egin eta ez aurkeztea erabaki zuen. Hala, EH Bilduk hartu du udala osatzeko ardura. Arantza Ruiz de Larrinaga alkate izendatu berriak azaldu duenez, «arazoa orain azaleratu bada ere, lehendik datorren kontua da». Izan ere, bere ustez Zeraingo sistema ez da dirudiena bezain perfektua: «Kanpotik oso ideala eta demokratikoa ematen du, baina behin barrutik ezagutzen duzunean, baditu bere hutsuneak. Horietako bat da gauzak lehendik egosita edo erabakita egon izan direla gehienetan». Hauteskundeen zerrendan aterako zirenen izenak «herritar guztiek aurretik» zekizkitela azaldu du.
Udal ordezkaritza nork hartu erabakitzeko sistema hau 35 urtez izan dute Zerainen. Horren arabera, aurre bozketa bat egiten da, eta jendeak izen batzuk aukeratzen ditu. Behin 15 laguneko taldea osatuta, horiek elkartu eta erabakitzen dazerrendan nor joango den.
Herri batzar horien funtzionamendua defendatu du Aitzol Telleria Herri Kandidaturako zerrendaburuak. Bere ustez, Zerainen dagoen aukera hori ez dago beste herri askotan. «Giza talde txiki batean, norbanako bakoitzak bere presentzia izateko eta iritzia emateko aukera duenean, sentsibilitate guztiak ordezkatuta egotea baino gehiago dela uste dut, norbanako bakoitza dagoelako ordezkatuta». Horregatik, zaila egiten zaio beste aldetik jasotako kritikak ulertzea. «Hemen, eguneroko funtzionamenduan parte-hartzeko eta norbere iritzia emateko aukera egonda, orain alderdi politiko bat sartzea, atzerapausoa dela iruditzen zaigu». Garbi du herritar guztiek dutela hauteskundeetara aurkezteko eskubidea, baina horrek orain arteko bidearekin haustea dakarrela dio. Herritarren artean egin zuten gal- deketa gogora ekarriz, gehiengoak «herri zerrenda bat osatzea nahiago» izan zuela gogorarazi du, baina «minoria batek hori puskatu» nahi izan duela.
Erreleboaren beharra
Sistema honek urte askoan funtzionatu badu ere, duela 15-20 urte, udalean «errelebo baten beharra» ikusten hasi ziren; garai berean, familia gazteak etorri ziren herrira, haur txikiekin. Ruiz de Larrinagaren ustez, ordea, «errelebo horretan ez dugu inork asmatu. Gauza asko ondo egin dira Zerainen, baina hori ez zen ondo egin. Hainbeste urtean hor egon direnei kosta egin zaie erreleboa ematea». Batzuk aldaketak proposatzen hasi ziren bitartean, beste batzuek «ez zuten aldaketarik egin nahi eta betiko moduan jarraitu nahi zuten. Eta hor talka bat egon zen».
Talka hori are nabarmenagoa izan zen duela lau urte. Ruiz de Larrinagaren arabera, «saiakera bat egon zen aldaketa bat egiteko, adostua», baina hori martxan jartzerakoan, desadostasunak sortu eta zenbait jende «hortik kanpo» gelditu zen.
Hala, urte askoan «barrutik aldatzeko» apustua egin dutela dio, baina hori ezinezko zela ikustean, aurkeztea erabaki zuten, iruditzen zitzaielako «aldaketa bat behar zela». Zerainen Sortu alderdia eratu eta herri programa lantzeko hainbat herritarrekin bildu zirenean ere, ideia hori jaso zutela diote, udalean ikuspegi guztiak ordezkatuta egoteko «modu bakarra», beste zerrenda bat aurkeztea zela.
«Sistema honek oso ideala ematen du kanpotik, baina barrutik ezagututa baditu hutsuneak»
«Hitz egiteko zubiak irekita egoera aldatu daiteke; hori da orain dugun lana»
A. Ruiz de Larrinaga – EH Bildu
Bere aldetik, Herri Kandidaturak osatua zuen ordurako hauteskundeetarako zerrenda. Baina herrian beste zerrenda bat aurkeztekotan zirela jakin zutenean, atzera egitea erabaki zuten. Arrazoien inguruan galdetuta, «herri batzarraren erabakia» izan zela azaldu du Telleriak. «Herritik beste zerrenda bat sortuko balitz, Herri Kandidatura ez litzateke herritar guztien zerrenda izango». Gainera, beste talde batzuk egoteak «sistema guztia aldatu» egingo lukeela uste zuten.
Ezohiko egoera
Honek guztiak, Zeraingo Udala ezohiko egoera batera eraman du. Bi aldeek diote ez zutela egoera honetara iritsi nahi, baina errealitateak puntu horretaraino eraman ditu. Telleriaren arabera, «egoera surrealista» da. «Guk ez genuen gaur egun dagoen eskenatoki hau nahi, baina gu gehiengo batekin eta besteak gutxiengo batekin egotea ere ez; gobernu-oposizio dinamika batean sartzeri ez genion inongo zentzurik ikusten».
«Norbere burua ordezkatua egoteko aukera izanda, alderdi bat sartzea atzerapausoa da»
«Gure helburua berriz ere herri zerrenda bat osatzea izango da, talderik gabe»
Aitzol Telleria – Zeraingo Herri Kandidatura
Ruiz de Larrinagak ere dio ez zutela espero egoera honetan egongo zirenik. «Gure helburua zen ikuspegi guztiak ordezkatuta egotea, aberastasuna iruditzen zaigulako». Egoera honek inori ez diola mesede egiten uste du, eta konponbide bat eman behar zaiola. «Herritarrek nahi dutena da kontu hau konpontzea, lehenbailehen normalizatzea eta elkarrekin lanean jarraitzea».
Eta aurrera begira zer?
Bi aldeak bat datoz egoera honek inori onik egiten ez diola esatean. Arantza Ruiz de Larrinagak azaldu duenez, helburua «udalean ikuspegi guztiak ordezkatuta egotea» da. Horregatik, legez dagozkien ordezkari guztiak hartu beharrean, zazpi zinegotzitik lau hartu dituzte; gainontzeko hiruak berriz, libre geratu dira, «gonbidapen moduan, esanez: ‘zuekin lan egiteko prest gaude eta hemen dituzue hiru toki’». Epe bat utziko dute, eta epe horretan ez badira postu horiek betetzen, beraiek hartuko dituzte.
Egoera konpontzeko, «zubi lana» egin eta konfiantza landu beharko dela uste du. «Hitz egiteko zubiak irekitzen badira, egoera aldatu daiteke. Orain daukagun lana hori da, ea zubi horiek nola irekitzen ditugun». Orain herriko talde eta eragileekin egiten hasi diren bilerek ere «zubi horiek irekitzeko» balioko dutela uste dute; «eta badago gainera jende bat zubi izan daitekeena, eta prest dagoena zubi izateko».
Momentuz ordea, asko falta da bide horiek eraikitzeko. Aitzol Telleriaren ustez, «lur eremu batean erreten sakon bat ireki eta gero zubiak egin behar direla esatea… Nik uste hobe dela berriz ere lurrez estali eta eremu bakar bat egitea». Zentzu horretan, beraien helburua «berriz ere hurrengo legealdian herri zerrenda bat osatzea» izango dela azaldu du; «talde ezberdinik gabe, eta bakoitzak bere burua ordezkatua izateko aukerarekin, bozkatu eta bozkatua izateko aukerarekin eta nahi duena erabakitzeko eskubidearekin».
Bien bitartean, Telleriaren ustez udaletxea hartu dutenei dagokie orain lanean hastea. «Guk ez diegu lan horretan oztoporik jarriko, baina garbi duguna da guk ez dugula eredu hau nahi, eta horretan ez dugula kolaboratuko». Hala ere, gehitu du berriz ere «gauzak hobetzeko edo beste bide parte-hartzaileago bat lortzeko» borondatea badago, horretara iristeko laguntza guztia izango dutela.
Lau urte hauek konponbidera iristeko «trantsizio» gisa planteatu nahi ditu Ruiz de Larrinagak. «Urte hauetan landu beharko da aurrera begirako aldaketa hori nola gauzatu nahi dugun». Zentzu horretan agintaldi hau «trantsizio moduan» ikusten duela dio. «Errelebo eta aldaketa horri begira gauzak bideratzen badira, hemendik lau urtera beste aukera bat zabalduko dugula uste dut».