Axariak 40 urte dantzan

Idiazabalgo dantzaren historia laburbiltzen duen erakusketa ikusi daiteke Udaletxe zaharrean. Arkaitz eta Axari izan dira 1971. urtetik hona herriko bi dantza taldeak, baina 1932rako ere baziren dantzariak Idiazabalen.

Idiazabalgo dantza taldearen lehenengo lekukotasuna, 1932. urtekoa da. Batzokiaren inguruan sortutako taldea izan zen. 1931n inauguratu zuten Batzokia eta urte bete beranduago, lehenengo euskal jaia ospatu zuten Idiazabalen. Gizonezkoek soilik osatutako taldea zen ordukoa. Dena den, ez zuen luzaro iraun dantza taldeak, eta euskal kulturaren susperraldiak, gerra zibila etorri baitzen.

XX. mende erdialdera, Pello Gorrotxategik eta Joxe Mari Imazek hartu zuten herriko mutil gazteei dantzan erakusten hasteko ardura. Garai hartan oraindik ere, mutilez bakarrik osatutako taldeak ziren. Zortziko taldeak izaten ziren. Garairik onenean, adin ezberdinetako hiru talde egotera iritsi ziren. Garai hartako dantza taldea, Elizak sortutako Luistarren Kongregazioaren barruko ekintza zen. Apaiz etxearen azpialdean egiten zituzten entseguak.

Arkaitz
1971. urtea izan zen hirugarren mugarria Idiazabalgo dantzaren historian. Berriro gazte talde bat elkartu eta euskal tradizioari eusteko helburuarekin, Arkaitz dantza taldea sortu zuten. Bost bat urte iraun zuen taldeak. Irakasleak kanpotik etortzen ziren, tartean Ordiziako Jose Mari Garate. Hala ere, kanpokoek etortzerik ez zutenean, Mari Paz Imaz, Eleni Zabala eta Patxi Irizar ere aritzen ziren irakasle lanetan.

Axari
1976 eta 1979 urte artean etena izan zuen dantzak Idiazabalen, Antton Irizarrek eta Jesus Mari Larrea zegamarrak ardura hartu zuten arte. Irakasleak ere eurak izan ziren Iñaki Etxeberriarekin batera. 1980an egin zuten jendaurreko lehenengo erakustaldia. Antton Irizar 1988. urtera arte, alkate kargua hartu zuen arte, aritu zen haurrei dantza pausoak erakusten. Orduan, Nekane Katarainek, Maitere Gerrikok, Ane Intxaustik eta Ana Mari Arrietak hartu zuten taldearen gidaritza. Gaur egun oraindik ere bizirik darrai Axari dantza taldeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>