Andoni Salamero: Krisiaren maratilari jiraka

Guztion ahotan darabilgun hitza dugu hauxe, krisia, hamaikak madarikatutakoa eta ez gutxik mauka-mauka ahoan ibili ostean ezin irentsitako hitz potoloa. Krisia gora, krisia behera, ezineko krisiaren gorabehera nola bideratu dabil jendea, zu, hura eta gu, batera eta bestera, inon erantzunak topatu nahian. Orokorrean, guztiok erantzunak kanpoan, urrunean ikusten ditugu, urruneko intxaurretan, bai, bertara joan eta lau direnak, ireki eta bi ustelak gure zoritxarrerako.

Ahotan lardaskatzen dugun hitz potolo hori gure bidaide egin dugu, nahita ala nahigabe, eta tamalez, bide okerretik, ez baitugu krisia irakaspenbide gisa ulertu, ez, uxatu nahi dugun ezer bezala baizik, haurrak beldurtzeko garai bateko Sacamantecas haren antzera, eta hala inorekin elkartu eta lan egoeraz galdetu izan dugunean, erantzuna berdintsua da: «egoera larri zegok/n», «hau gero eta okerrago zoak/n», eta ondorena zerbait txarra norberak bere buruari esan balio bezala, makulu-hitzez betetzen da elkarrizketa: «bai, baina lanean gabiltzak/n eta eskerrak eman behar». Guk, antza, ez diogu mamuari esandako hitzetik harrapa gaitzan utzi nahi, eta hor dugu gizartea, aipatutako zu, ni eta gu beldurrak hartuta.

Adituen esaldi ospetsuak irakurriz, Albert Einstenek garai hartako krisiaz mintzatzean, honako hau zioen: «Krisiaz aritzea berori sustatzea da; aldiz, isiltzea, konformismoa goraipatzea». Eta fisikariak aurrerago honako beste hitz-multzoa oparitzen zuen: «Krisi garaian, jakintza baino irudimena da garrantzitsuagoa».

Nik bi esaldiok irakurriz borobilak diren egiak antzematen ditut, oso garrantzitsua ikusten dut krisiaz mintzatu baino, alegia, beldur hori puztea baino, norberak irudimenaren errotan egunerokoa izango zaion ogia itxuratzen joatea.

Elkarlana da, nire ustez, irudimenaren atea iragateko sekretuetako bat. Horretan, premiazkoa zaigu guztion talentuak definitzea eta elkarrengandik ikasten joatea. Jakina, edozein produkturen kasuan ekoizpenean denbora ematen dugun legez, ikerketan ere ematea, lanean diharduten hainbat tokitan ikerketan arituko diren pertsonak ere aritzea –gune horrek dituen ezaugarriei jarraiki bere beharrak asetuko dituen bide berriak urratzen joateko–. Akatsetatik ikasiz, bai, akatsetatik diot, hain zuzen probak egin behar direlako, bestela, nola ikus genezake argi izpirik betiko lainoan murgilduta bagaude?

Akatsa da bizitzaren ardatza, akatsetatik ikasten da, baina zoritxarrez, akatsak egiteko beldur bagara, eta gure haurrak akatsik ez egiteko hezten eta hazten baditugu, ezin arriskuan jarri egoera errealean, batik bat gure egunerokotasuna akatsez ehotua dugunean.

Atsegin dut jendearen ilusioa sustatzeko eta frogatzeko proiektu berriak bultzatzen duten askoren ahalegina. Hasiberriek beren aukera behar dute, jakina. Eskoletan eta bestelako hezi-gunetan krisiaren aurrean beldurrak suspertu baino, egoeraz ohartu eta sortzaileak izango diren gazteak hezi behar ditugu. Horretarako haiekin eskuz esku gazteen jakitean, ekinean eta azken emaitzaren gauzatzean argi eta garbi izanez zertan balia daitezkeen erraz, zein den haien elementua, lan horixe egitean, erraz egin eta gozatzen duten diziplina hautemateko.

Haurrek eta gazteek gustura egiten duten horretan beren denbora eta gogoa ematen badute, ez gara lan makala egiten ari, izan ere, krisiaren mamua uxatzeko lehenengo urratsa hor ari gara ematen.

Bestetik, ikas dezagun ondo dagoena ere onesten eta ondo dagoela esaten gure herrietan bestelako kultura eraikitzailea pizten joateko. Kritika egiten duenak gaizki dagoen filosofia zabaldu baino bere irtenbidea idatzi eta proposatu beharko luke, lan zaila baita proposamen bat pentsatzea, aurrera eramatea eta amaitzea. Osagai horiekin laberatzen dugun ogia egia berri baten arrastoa izango da, dudarik gabe, harriz harri egiten baitira herriak, egiaz egia zinezko gizakiak. Zer egin, gurea da aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>