Anjel Arrospide: «Dagoeneko ideia eginda nago hau izango dela nire azken txapelketa»

Azurmendi eta Atutxa kanpoan utzi eta gero, Urrezko Aizkorako finala jokatuko du igandean Anjel?Arrospidek (Leaburu, 1956), Aratz Mugertzarekin batera. Bikote ona osatzen dutela, eta aukera badutela uste du Zumarragan bizi den aizkolariak. Final hori berezia izango du gainera, azken txapelketa izango duela iragarri du eta.

Azurmendi eta Atutxa kanpoan utzi dituzue. Askok sorpresa hartu dute, iazko txapeldunak haiek zirelako.

Ez dakit sorpresa izango ote zen, batzuk ezustean hartuko zituen agian. Aurreko urteko finaleko saioan beraiek irabazi ziguten. Baina honen aurretik ere, Ataunen ligaxkako saioa jokatu genuen, eta han gu aritu ginen hobeto. Finalaurrekorako nahikoa ondo ikusten genuen geure burua, eta bagenekien guk lan ona eginez gero aukera izan genezakeela, eta azkenean, irabaztea tokatu zen.

Iazko finalaren errebantxa hartzea izan al da zuentzat?
Jendeak horrela hartzen du, baina guretzako bat gehiago da, hor ez dago errebantxarik. Hura txapelketako finala zen, eta hau kanporaketa bat, eta oraindik txapelik gabe gelditzeko aukera dago.

Iñaki Azurmendi ondo ezagutzen duzu. Bikotekide ere izanak zarete.
Bai, urtebete egin genuen elkarrekin, eta finalera ere iritsi ginen. Bai, azkenean final asko jokatzeko aukera edo zortea izan dut, zortzi bat bai binakakoan, baina txapela bakarra atera dut orain arte. Hauxe ateratzea polita izango litzateke.

Finalean Otaño eta Otaegi izango dituzue aurrez aurre. Nola ikusi dituzu orain arte?
Ondo, sendo dabiltza eta orain arteko saio guztiak irabazi dituzte; Azurmendiri eta Atutxari ere irabazi zieten. Gazteak dira, bizkorrak. Baina egun guztiak ez dira berdinak izaten, ez beraientzat eta ez guretzat. Bietakoren batek txapelik gabe etorri beharko du.

Zure bikotekidea, Mugertza, oso gaztea da zure aldean. Ondo konpontzen al zarete?
Ondo, oso ondo. Lehengo urtean ere elkarrekin aritu ginen. Gaztea da, 23-24 urte ditu, eta goraka dezente egiten ari da. Oso aizkolari bizkorra da eta aurten oso ondo ari da.

Baten gaztetasunarekin eta bestearen esperientziarekin, bikote ona osatzen duzue, ezta?
Esperientziarekin bakarrik jai dago. Azkenean eman egin behar zaio. Bikoteka aritzeak hori du, biek egin behar dute lan ona, aurrera egin nahi bada; batek bakarrik eginda ez dago aurrera biderik.

Eta finalari begira, nola ikusten duzue zuen burua?
Ondo. Momentu onean gaude, moralarekin, iazko txapeldunei irabazi eta gero. Aukera badugula esango nuke.

Azkeneko saioetan, zutikakoan eta abiadura proban lortu dituzue emaitzarik onenak.
Bai, abiadurakoak eta lan motz horiek dira guretzako egokienak. Proba motz horietan ondo moldatzen naiz, eta Mugertzak berriz abiadura handia du. Proba horietan uste dut kostako zaiola gehien beste bikoteari, baina txanda librean ere lan handia dago, eta azkenera ere oso-osorik iristea komeni da.

Entrenatu, urte osoan egingo duzue, baina horrelako txapelketak nola prestatzen dituzue?
Saio batetik bestera hamabost egun ditugu, eta gehiago da errekuperatze kontua, buelta ematea. Egunotan saio batzuk egin ditugu, eta ea txisparekin iristen garen egunerako. Bestela guk entrenamenduei-eta, ez diegu gehiegi begiratu, beti esperientziak eman digunaren arabera ibili izan gara. Baina oso ezberdina da 30 urterekin egiten den entrenamendua eta oraingoa. Orain sasoiari nola eutsi ez dakigula ibiltzen gara.


Eta aizkoran aritzeaz gain, besterik egiten al duzue?
Mendi buelta batzuk-eta egiten ditugu. Gero ehiztaria naizen kontuarekin, oilagorretan eta aritzen gara, eta aitzakia polita da mendian ibiltzeko.

Aizkora kirol garestia dela esan izan da beti, batez ere enborrak direla eta.
Oso garestia da, bai. Hala ere, garai batetik ona asko aldatu da kontua; orain, krisiaren kontu honekin edo, jendea egurra non enpleatu ez dakiela dabil, eta modu hobean lortzen dugu. Baina garai bat izan zen, egurra ekartzea asko kostatzen zitzaiguna, eta kamioikada bat egur ekarri aurretik, bi aldiz pentsatu behar izaten zen. Orain nahiko moduan dago.

Aizkora munduko beteranoetako bat zara. Txapelketa askotan parte hartu izan duzu eta oraindik ere hor aurrean zabiltza. Aurrera begira zein asmo duzu?
Dagoeneko ideia eginda nago hau izango dela nire azkeneko txapelketa. Prestatzea ere gero eta gehiago kostatzen da, eta azken batean, gazte asko dago, eta horien artean ibiltzea… Beraiei utzi beharko diegu euren artean borroka egin dezaten.

Baina aizkora ez duzu erabat bazterrean utziko, ezta?

Itxurazko jaialdiak egiteko gauza garen bitartean behintzat, jarraituko dugu erakustaldietan-eta. Baina txapelketen kontua utzi egingo dut.

Tartean desafioren bat ere izango da, agian.
Ez, ez. Horiek kontu serioak dira. Beste sasoi bat eta beste prestakuntza bat behar da. Garai batean esaten zen tranpak eta asko egiten zirela… Dirua tartean dagoenean, badakizu. Edozein txapelketa eta lehia baino estuago hartzen ditu norberak apustuak.

Gazte asko dagoela esan duzu. Harrobia ikusten duzu, orduan.
Bai, momentu honetan aizkolari kopuru polita dago. Horietatik aurrera zenbatek egingo duten auskalo, baina aspaldian izan den kopururik handiena dabil orain. 23-25 urte inguruan badaude gazteak; batzuk oso aizkolari politak gainera. Bolada batean etorkizuna beltzagoa bazen ere, orain hasi gara argi pixka bat ikusten.

Euskadiko txapelketa, urrezko aizkora… hainbeste lehiaketa izateak on edo kalte gehiago egiten dio aizkorari?
Saltsa polita dago orain. Duela hamar bat urte hasiko ziren kontu horrekin, eta nik uste aizkolarientzat ona izan dela. Ia guztian badago zerbait, banaka edo binaka, liga bat ere izaten da… ondo etorri zaio aizkorari. Lehen Euskadiko txapelketa jokatzen genuen, Gipuzkoakoa, eta urte osoan ez zegoen besterik, apusturen bat egiten bazenuen horixe eta erakustaldiren bat, bestela ez zegoen ezer. Forman egotea ere kosta egiten zen, eta gastua antzera, orain bezalaxe. Urte osoan jarraikortasun bat izatea ondo etortzen da; azkenean ibiliz gero, materialetarako-eta diru pixka bat ere ateratzen da.

Ikuskizun aldetik ere gauza berria izan da.
Bai, oso gauza diferenteak dira. Orain arte enborraren gainean jarri ,eta ordu erditik gorako lana izaten zen, gelditu gabe. Hau berriz, lan txikiak eginez- eta, gauza biziagoa da. Guretzako behintzat ez da gaizki etorri. Ni neu, esaterako, txapelketak-eta utzita negoen, baina lantegi honetan beti hobeto moldatu naizenez, honi heldu nion. Bestela txapelketak erabat utzita nengoke. Eta azkenean, inon ez bazara agertzen, herrietatik ere gutxiago deitzen dute.

Txapelketak uzteko asmotan egon eta finalera iristeak, zer pentsatua ere emango du, ezta?
Finalera iritsi bai, baina gero… Ondo ibiltzen ginen sasoian bai, orduan txapela batzuk jantzi genituen, eta nik uste karrera txukuna egin dugula.

Atzera begira jarrita, Euskadiko sei txapel, urrezko bost kopa… Ibilbide oparoa egin duzula esan liteke.

Urrezko aizkoran banakakoa falta zait, gainontzekoetan irabazteko zortea izan dut. Nik uste edozein kirolarik sinatuko lukeela txapel bat janztea, edozein kiroletan dela ere. Nik batzuk irabazteko zortea izan dut, eta alde horretatik konforme nago egindakoarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>