Mariren bizilekua

Gipuzkoako mendirik gehienak ikus daitezkeen gailurra da Murumendi, Goierriko eta Gipuzkoako balkoia da.

Tradizio mitologiko handiko mendia da Murumendi. Euskal mitologiaren arabera, Mari jainkosaren bizitokietako bat izan zen Murumendi. Itsasondoko eta Beasaingo lurretan dago Murumendi, eta Mandubiatik, Itsasondotik eta Ordiziatik igo badaiteke ere, Beasaingoa aukeratu dugu, Agortatik, Usurbe magaletik, doan bidea. Ibilbide erosoa da haurrekin egiteko, nahiz eta euria egindakoan, lokatza dezente pilatzen den bidean.

Agortara iristeko, Beasainen, Andre Mari Elizatik gora, hilerri aldera, Erauskin auzo aldera hartuko dugu. Usurberen magalean, hormigoizko aparkalekua dago, eta bertan autoa utzi ondoren, eskuin aldera hartuko dugu, Jokin Leunda zenaren oroitarritik gora. Hiru mendixka zeharkatu eta laugarren mendia da Murumendi. Bide guztian, Aizkorri nahiz Aralar aldera, bista zoragarriak daude. Mandubitik datorren bidegurutzearekin bat egiten duen tokian, erdiko bidetik egingo dugu aurrera. Bidea estutzen da bertan, eta Itsasondo eta Beasain herrien arteko mugarriak ikus daitezke. Ehizerako postuak ere bai.

Arrapaizko iturrira iritsiko gara berehala. Edalontzia eta pitxarra daude bertan. Berehala ikusiko dugu Murumendiko tontorra. Izei baso itxia pasa, langa pasatu, eta gailurrerako bideari ekingo diogu. Gailurretik, edozein tokitara begiratzen dugula ere, mendiak ikusiko ditugu; eguraldi garbiarekin, baita itsasoa ere. Tontorrean, Estanislao Iturriotzek egin eta Aizkorri mendizale elkarteak jarritako mendien mahai mapak lagunduko digu mendiak kokatzen.

Agorta-Murumendi
Luzera: 2,78 kilometro
Denbora: 45 min.
Altitud max: 864 metro.
Desnibela: 315 metro.
Zailtasuna: Erraza.

 

 

 

 

 


Ibilbidea iruditan


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>