Goierri 1200-1512

Gaztelak 1512an konkistatu zuen Nafarroa, eta honek burujabetza galdu zuen. Hala, gertaera haren 500. urteurrena oroitzeko, ekitaldi ugari antolatu dituzte aurten Euskal Herri osoan. Goierri 1200. urtean konkistatu zuten gaztelarrek, eta eskualdean ere bada zer gogoratu.

Goierri Nafarroako erresumaren zati izan zen 1200. urtera arte, eta garai hartako aztarnetako bat da Ausa Gaztelu. Kostaldetik Irurtzun aldera doan bidean dago –Zaldibian–, eta «bidea zaintzeko» eraikia izan zen.

Nabarralde elkarteko Beñi Agirrek zehaztu duenez, 1200. urtean sartu ziren gaztelarrak Goierrin, «eta bai Ausa Gaztelu eta bai Ataungo gaztelua muga kontrolatzeko erabili zituzten». Eraikin txikiak ziren biak, eta jende gutxi egoten zen bertan. «Nafarroaren eta Gaztelaren arteko ondorengo gerretan, batzuen zein besteen esku egon zen Ausa Gaztelu». Gaizkileen Muga izenez egin zen ezaguna gaztelua, eta Gaztelaren eta Nafarroaren arteko liskarrek gudu zelai bilakatu zuten.

Orduko gertaerak gogoratzeko, Nabarralde elkarteak urtero ekitaldia egin ohi du Ausa Gaztelun. Aurten, igandean, hilaren 27an, izango da. Nabarraldekoen iritziz, Ausa Gaztelu gaur egun «oroimen lekua da: gure iraganaren eszenatokia, gure historiaren gakoak oroitu, mantendu eta hedatzea ahalbidetzen duena».

Agirrek azaldu duenez, Gaztelaren eta Nafarroaren arteko liskarretan Goierri oso garrantzitsua izan zen Nafarroako erresuman. Eskualdetik pasatzen zen bidea, itsasaldetik zetorrena, «merkataritzarako erabiltzen zen, eta bertatik barnealdera garraiatzen ziren itsasontziz ekartzen ziren gaiak: garia, ardoa…». Hala, Gaztelak bide hori hartzeko Nafarroa erasotu zuen 1200. urtean. «Helburua, Nafarroako kostaldearen aberastasunaren jabe egitea zen».

Urte hartatik aurrera, borroka «etengabea» izan zen eskualdean. «Horrek, Nafarroaren ahultzea ekarri zuen, eta Gaztelak Segura eta Ordizia sendotu zituen: kontrolerako hiri harresituak bihurtu zituen»; izan ere, bi herri horiek «Nafarroako muga aurre-aurrean zuten eta oso garrantzitsuak izan ziren 1512an». Gaztelak, muga lerroan zeuden herrietako familia boteretsuenak gerra jauntxo izatera bultzatu zituen, eta Ausa Gaztelu familia horien gehiegikeriei eta harrapakariei aurre egiteko gotorlekua izan zen.

Ordurako, baina, Goierrik 300 urte zeramatzan Gaztelaren kontrolpean, eta «erabat gaztelaratua» zegoen. «Gaztelak lehendabizi kostaldeko herriak indartu zituen –Hondarribia, Donostia, Zarautz, Getaria…–, aberastasuna han zegoelako. 1256tik aurrera gotortu zituen Hernani, Tolosa, Segura, Ordizia, Agurain… ».

Ordizia, esaterako, «oso garrantzitsua» izan zen tropen hornitze lanetarako. Gainera, goierritarrak Gaztelaren alde borrokatzera behartu zituzten. Deialdia udalen bidez egiten zen. Ihes egin eta Nafarroaren alde borrokatuko zenik ere izango zen, «baina ez dago daturik». Agirrek azaldu duenez, ordurako Goierri Gaztela zenez, eurek armetara deitutakoen zerrendak bakarrik daude egun.

Gaztelarrak Goierrira sartu eta handik urte batzuetara lortu zuen Nafarroako erresuma bereganatzea, XVI. mendean. «1199an Gasteiz setiatuta eduki zuten zazpi hilabetez, baina, azkenean, sartzea lortu zuten. Ondoren, Goierrira heldu ziren. Inguru hau Nafarroako erresumaren barrualdean zegoenez, ez zegoen defentsarako ezer. Ez zeuden 500 lagun hartzeko prestatutako gazteluak, eta jendea ere ez zegoen gerrarako prestatuta. Nekazariak, artzainak, basagizonak eta merkatariak ziren gehienak, eta gaztelarrek ez zuten erresistentziarik aurkitu goierritarren aldetik».

Nabarraldek urte asko daramatza Nafarroaren konkistaren berri ematen. Azkenaldian, gainera, jende asko elkartu zaie, eta taldeak sortzen hari dira hainbat herritan. Goierrin ere sortu dituzte talde horietako batzuk.

Talde horien bidez, gertakarien inguruko informazioa eta Nabarralderen mezua zabaltzen dute. Historia euren ikuspuntutik kontatu nahi dute, gertakarien mendeurrena dela eta, Nafarroako gobernuak «ordagoa» bota baitzuen Cervantes institutuaren eta Espainiako Kultura ministerioaren laguntzarekin. «Eurek Nafarroak Gaztelarekin bat egin zuela ospatu nahi dute, baina hori gezurra da. Ez zen bategitea izan, konkista baizik. Gainera, 1530era arte gerra etengabea izan zen. Sekulako erresistentzia izan zen, eta gaur egun Gipuzkoa dena ere konkistatua izan zen, Nafarroa zen garaian. Testuinguru honek gure herriaren historia askoz ere hobeto ezagutzera eraman gaitu».

Hau guztia jakitera emateko, bideoak eta idatziak argitaratzeaz gain, Nabarraldek hainbat ekitaldi antolatu ditu 500. urteurrenaren harira –ekainaren 16rako martxa nazionala deitu dute, adibidez–. Igandean Ausa Gaztelun egingo duten ekitaldia ere urteurren horri lotuta egongo da, eta hainbat goierritarrek parte hartuko dute. Larraitzen hasiko dute festa eta handik Lazkaora jaitsiko dira; Gerriko txokoan bazkaria egingo dute.

Iruzkinak (2)

  1. […] Irakurri Ausa Gaztelu mendiak nafarroako Erresumarekin izan zuen loturaz • Irakurri GoiBerri aldizkariak argitaratu duen Goierri 1200-1512 erreportaia • function receiveSize(e){ if (e.origin === "http://berriketan.info") // for security: set […]

  2. […] Ausa Gaztelu mendiak nafarroako Erresumarekin izan zuen loturari buruzko informazioa • • Irakurri GoiBerri aldizkariak argitaratu duen Goierri 1200-1512 erreportaia function receiveSize(e){ if (e.origin === "http://berriketan.info") // for security: set this to […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>