Gazteen amets fabrika

Urretxuko eta Zumarragako Gaztelekuak, horrela deitzen diote bertako gaztetxeari, 10 urte bete ditu. Gazteleku berriaren urtemuga da. Aurrekoak 34 urte beteko lituzke, baina 1998an bota zuten, batek baino gehiagok gogoan izango duen egun lainotsu batean. Gazteen ametsen fabrikak izan daitezke gaztetxeak, baina ez daude berdinak diren bi gaztetxe.

Goierriko gaztetxeei erreparatu besterik ez dago, herri bakoitza bezain desberdinak dira: okupatutako Beasaingoa, 26. urtemuga ospatzen ari den Ordiziakoa, herrigintzan bereziki aritu den Idiazabalgoa, biziberritzen ari den Legorretakoa, hamaika borrokaren ondoren lortutako eta egonkortutako Legazpiko gaztetxea, Berri Txarrak taldea Zaldibiara ekarri berri duen gaztetxea eta Ormaiztegiko gazteen lokala, bertako gaztetxea.

Gaztetxeak buztinez eginda daude. Moldagarriak dira, gazteen ametsak aldatzen diren bezala aldatzen dira, eta amesteari uzten diotenean galtzen dira. Amestea mundua aldatzea da. «Gaztetxea ez duk helburua. Gure ideiak, gure mobidak eta sistemaren kontrako gure borroka aurrera eramateko bitarteko hutsa izan behar dik gaztetxeak», zioen Antijos pertsonaiak, Juan Luis Zabalak 1996an kaleratutako Galdu arte nobelan.

Sistemaren kontrako borroka horretatik jaio ziren lehenengo gaztetxeak. Urretxuko eta Zumarragako gazteleku zaharra da horietako bat. Gazteen ezinegonaren eta sormenaren erakusle zein topagune izan zen. Hainbat aro bizi izan zituen gazteleku hark. Heroinaren sarrerak ilundu zuen amets fabrika hura, eta ameslari belaunaldi oso bat eraman zuen. Gero, beste ameslari batzuk etorri ziren, eta barkua zirudien eraikin zaharrak nabigazioari ekin zion berriz.

Gaztetxeak, garai hartan, herrietako bakearen mehatxu gisa ikusita zeuden. Izen txar horren itzala oraindik egon badagoela dio Aritz Ormazabal Urretxuko eta Zumarragako Gaztelekuko kideak.«Gaztetxean droga baino ez dagoela uste izaten da, baina droga taberna guztietan dago berdin-berdin». Idiazabalen ere aurreiritzien kontrako lana egin dutela dio Iñaki Arriaranek, guraso idiazabaldarrak gaztetxean antolatutako drogaren inguruko hitzaldietara gonbitatuta, adibidez.

«10 urteotan mila ekintza antolatu ditugu, neurri batean, herritarrak gerturatzea lortu dugu», azaldu du Ander Kerejetak, Urretxuko eta Zumarragako Gazteleku berriaren sorreratik lanean aritutako gazteak.

Herritarrekin dituzten harremanek eta erakundeekin dituztenek ere sortzen dute zeresana. Dena den, dagoeneko zeresan hori ez da liskarretarako gaia izaten herrietan, nahiz eta gaztelekuak ez diren inoiz guztiz asimilatu. Kerejetak Gaztelekua «alegala» dela dio: «Gutxieneko arauak betetzen ditugu, baina ezin ditugu goitik behera gorde, bestela egunak emango genituzke izapideak betetzen, eta gu ez gara hori».

Legorretan, orain 7 urte, udalari eskatu zioten lokala, eta gaztetxea martxan jarri zuten. Azken bi urteetan «geldiunea» egon dela dio Daniel Cardoso kideak, eta «legorretar batzuek gaztetxeari ekintza gutxi antolatzea leporatu diote». Udalari lotuta jaio ziren arren, «asanblada sortu eta estatutuak aldatu genituen independienteagoak izateko». Orain, belaunaldi berria indarrez sartu da. «Geldirik ez gaudela erakusteko asmoa daukagu», esan du Eneko Amenabarro belaunaldi horretako kideak.

Herri gehienetan asanbladen ekimenez sortu dira gaztetxeak, eta asanbladatan hartzen dira erabakiak. «Urretxu-Zumarragan batzarrak egiteko ohiturari eutsi diogu, Gazteleku zaharretik datorrena», azaldu du Kerejetak. Asanbladak autogestioaren eta auzolanaren bermea dira. Auzolana da beren lan egiteko modua, baina horretarako eskuak behar dira, eta eskuen falta sumatzen ari dira gaztetxeetan.

Belaunaldien arteko erreleboa egiten ari dira hainbat gaztetxeetan, eta parte hartzeko jende falta gizarte beraren joerarekin lotu du Ander Kerejetak. Bere ustez, «gakoa egoera onartzea eta daukagunaren neurriko ekintzak antolatzea da». Urretxuko eta Zumarragako Gaztelekuaren 10. urteurrena modu xumean ari diraospatzen, «lan egiteko prest geundenen neurriko ospakizunak dira». Nolanahi ere, Aritz Ormazabal urretxuarraren arabera, gaztetxeak «inoiz ez dira hutsik geratuko, beti egongo da norbait».

Gaztetxeek gazteen energia jasotzeko, biltzeko eta zabaltzeko espazio eta tresna izateko grina dute.

Parte-hartzeari «bueltaka» ari dira Goierriko gaztetxeetan
Azkenaldian parte hartzearen gaiari «bueltaka» ari direla dio Ander Kerejeta Urretxuko eta Zumarragako Gaztelekuko kideak. Kerejetak Urretxun «haria eten» dela dio, eta Iñaki Arriaranek Idiazabalen erreleboa egiterakoan «katea puskatu» zela.
Kerejetak belaunaldiei buruz baino pertsonei buruz hitz egitea nahiago du. Gaztetxeetan ere, ziklo naturalak daudela dio, eta «oraingoa garai pattala da»; erreleboa egiteko talde bakarra aurkeztu da. Legorretan ere ari dira, eta Daniel Cardoso kideak «sartzen ari diren eta daudenen arteko elkarlana» bultzatu behar dela dio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>