Arkakara bidean

Zaldibiako Amundarain errekaren ertzetik doan herri bide berrituak CAFeko zentralean du bukaera.

Ez dira urte asko Arkaka aldera doan herri bidea asfaltatu zutenetik. Ordura arte herritar bakan batzuk soilik ziren bidezidor hori erabiltzen zutenak paseorako, baina txukunduz geroztik, bai oinez eta baita bizikletaz ibiltzeko ere ibilbide erosoa eta aproposa bilakatu da.

Hiru kilometro pasako ibilbideari plazatik ekingo diogu, beti ere Amundarain erreka gidari dugula. Elizaren atzean irekitzen den zubia igaro, eta Lardizabal eskolaren paretik, parke botanikora iritsiko gara. Olalde baserritik Olaa aldera egingo dugu, eta bidegorriak Unanubieta baserriaren ondoko zubira eramango gaitu. Zubia gurutzatuta, eta hamar minutu eskasean, garai batean errota izan zen Zubieta baserria ikusiko dugu parez pare. Aurretik, lehengoratutako karobi batekin egingo dugu topo.

Bide guztian sumatuko ditugu ur-jauzi, ur-laster eta zubi berrituak, baita bainurako putzu egokiak ere. Zubieta baserriaren parean bide guztiko aldaparik pikoenarekin egingo dugu topo –50 metro ingurukoa–, baina behin gaina hartuta, erraz egingo dugu bidea. Arkakara doan errepidea ezkerrera ikusiko dugu zati horretan, harik eta 40-50 bat minuturen bueltan Lazkaoetxe nekazalturismora ailegatuko garen arte.

Baserri ondotik igaro eta aurrera segiz, langa batzuk ikusiko ditugu, eta horiek pasatuta, XX. mendearen hasieran CAFek egindako zentralera eta bertako putzura iritsiko gara minutu gutxian. Zentrala uraren interpretazio zentro modura egokituta dago, eta putzuaren ingurua mahaiz eta eserlekuz hornituta dago. Osinberde eta Aralar aldera jotzeko parajea ere bada zentrala. Gorantz egin nahi ez duenak, joanerako bide bera erabil dezake itzulerarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>