Zuhaitz landareen garaia

pnga_erakutsi-7Urteak daramatzate Felix Arakama zegamarrak eta Justo Dorronsoro ataundarrak asteazkenetan Ordiziako azokara joaten zuhaitz landareak saltzera. Juan Amezketa kaleko aldapan dute salmenta lekua, Albizturgo Bitor Lasarekin eta Zaldibargo Junkal Areitioartenekin batera. Haziak eta zuhaitzak landatzeko garaia izaten da negua, nahiz eta orain arteko eguraldiak ez duen horretarako laguntzen. «Asteazken bakar batean egin digu ateri; beste guztietan euripean egon gara», dio Justo Dorronsoro ataundarrak.

Euriaren, haizearen eta kazkabarraren ondorioz, salmentak makal doazela aipatu dute Arakamak eta Dorronsorok. Dena den, eguraldia bakarrik ez da aitzakia salmentak nahi bezala ez joateko. «Asko jaitsita dago. Jendeak ez dauka lanerako gogorik», dio Arakamak. «Jendeak diruari bakarrik begiratzen dio», gaineratu du Dorronsorok.  Albizturgo Lasak ere azaldu du zuhaitz landareen jaitsieraren beste arrazoi bat: «Pinurik ere ez da botatzen,  oso baju dagoelako eta kanpotik ere ekarri izan dutelako. Ez dago animazio handirik».

Eskaintza zabala
Albizturgo Lasak batez ere pinu landareak saltzen ditu: izeia,  eta insignisa. Arakamak eta Dorronsorok, frutarbolak eta basoko gainerako landareetan aukera zabalagoa dute.
Zegamarraren esanetan, basoko zuhaitzetan pinuak eta haritzak dauka estimaziorik handiena. «Pagoa batez ere,  udalek eta diputazioak erosten dute». Nafarroatik, Urdiandik Ordiziara joandako bikote batek, bost haritz landara erosi dizkio Dorronsorori. «Sustraiek lokatza edukitzen dute eta euri honekin dena zikintzen da», ageri da kexu eguraldiaz ataundarra.

Frutarboletan ere eskaintza zabala izaten dute landare saltzaileek baina «hemen ez da askorik saltzen», dio Arakamak.  «Sagardo sagarra dezente saltzen da. Orain label kontuarekin hasi dira eta sagardo sagarra ondo saltzen da; jatekoa gutxi. Lehen baino gutxiago», gaineratu du. Dorronsoro ere iritzi berekoa da, «afiziorik ez dago;  adinekoak etortzen dira, gazterik ez dator».

Haziak erein
Hazitik ateratzen dituzte landareak. «Hazi batzuk eginda daude. Beste batzuk egiteko dauzkagu, baina hobe eginda baleude», dio ataundarrak. Bi  urte behar izaten dira normalean landarea saltzeko. Hazien etsai nagusienak beleak direla zehaztu du Lasak, «saguak ere bai, haziak jaten dituzte».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>