Apirilaren 14an Ampo Ordiziarekin azken partida jokatu zuen Asier Alvarez de Eulatek (Ordizia, 1987). Hamahiru urterekin hasi zen Ordizia Rugby Elkartean. Hogeita lau urte eman ditu bertan jokalari gisa, horietatik hemezortzi lehenengo taldean. Ohorezko Mailan, bi Kopa lortu ditu taldearekin, eta hiru aldiz izan dira txapeldunorde ligan.
Zure bizitzaren zati handi bat eskaini diozu errugbiari. Noiz eta zergatik hasi zinen?
2000-2001 denboraldi buelta horretan hasi nintzen. Eskubaloian jokatzen nuen. Nire adineko inor ez zegoen, zaharragoekin jokatzen nuen, baina haiek utzi egin zuten eta anaiak errugbian jokatzen zuen. Errugbiarekin ere bagenuen harremana, nire gurasoen kuadrillakoek sortu zutelako hasierako talde hura. Anaiak tira eginda bertan azaldu nintzen eta bertan hasi nintzen. Hamahiru bat urterekin, gaztetxo.
Gazte mailako garai horiek nola gogoratzen dituzu?
Gaztetan penuri latzak pasatakoak gara. Gu baino zaharragoak dezente ziren, Iñaki Puyadena eta belaunaldi hori, talde handi samarra zen. Baina ondoren bizpahiru urteko zuloa zegoen. Umetan, partida gehiago jokatu ditut besteren baten fitxarekin nire fitxarekin baino, ez zegoelako nire adineko talde handirik. Askotan ibiltzen ginen jende bila. Beste kiroletan aritzen ziren kuadrillakoak, asteburuan libre zutenean, gurekin jokatzera etortzen ziren taldea osatzeko. Hasiera horiek nahiko prekarioak izan ziren. Ez ginen ezta txaranga bat, txistulari kuadrilla bat ginen kopuruarengatik. Oso oroitzapen ona daukat, jende talde jatorra elkartu ginelako. Beti inongo aspiraziorik gabe aritzen ginen.
Seniorretara pasa zinen gero.
2006 inguruan iritsi zen seniorretara pasatzeko garaia. Sorpresa handiarekin hartu nuen. Akordatzen naiz seniorretan jokatu nuen lehen partida esango nuke beste norbaiten fitxarekin jokatu nuela, jubeniletako partida batetik zuzenean Donostiatik Gasteizera joanda jokatzera, bata bestearen atzetik, ez zegoelako inor bigarren taldean.
Lehen taldearekin lagun artekoren bat edo beste jokatu nuen. Partida sinmasekoa jokatu eta gustura, eta uda hartan, garagardo festan, Axio Araña garai hartako entrenatzaileak bizkarrean 6 bat marraztu zidala gogoratzen dut. ‘Datorren urtean zure zenbakiak hori izan beharra dauka’ esan zidan, gurasoak parean zeuden, eta nik pentsatu nuen ‘ume moko bat naiz eta iritsiko da momentua’. Bat eta beste, denboraldiko hirugarren partidan-edo, sei zenbakiarekin hasieratik jokatzea tokatu zitzaidan, sorpresa handiarekin eta ilusio handiarekin.
Garai hartan Trebijanon jokatzen zenuten. Nolakoa zen zelai hura?
Esango nuke harremana oso estua zela zelaiarekin. Nolabait esateko, zelaia gurea zen, nahi genuenean entrenatu genezakeen, nahi genuenean jarri genitzakeen partidak, edozein momentutan joan gintezkeen bertara baloiari ostikoak ematera. Etxean bezala sentitzen ginen bertan. Partidak ikusteko garaian ere gertutasun handia eskaintzen zuen, bertatik bertara zeundelako. Jokatzen hasi nintzenean, bi taldeentzako dutxa bakarra zegoen. Orain badauzkagu aldagelak taxuzkoak, ni hasi nintzenean gimnasioa ere ez genuen. Gimnasioa jarri zen etxean soberan zeuden diskoekin, fabrikatik ateratako pisuekin egindako mankuernekin… Oraindik Altamiran bueltaka badabiltza batzuk. Polita zen, eta umeak ginenez are politago irudikatzen dugu, baina kirolari ikuspuntutik bazen prekario samarra. Bukaeran zelaia izorratzen hasi zen, zelaia ez zen berdea, hare gehiago bota behar zen putzuak sortzen zirelako… kastigatuta nabari zen. Baina nostalgiarekin eta modu oso positiboan gogoratzen dugu nik uste denok.
Nola bizi zenuten Altamira estadiora aldaketa 2010. urtean?
Salduta geundela bezala bizi izan genuen guk. Udaleko erabaki bat izan zen, aldunditik zetorren diru laguntza bat eskuratu ahal izateko. Belar artifizialeko bi zelai egin behar ziren eta gastua justifikatzeko errugbiko taldeak ekarri zituzten Altamirara. Ea zer izango zen zelai artifiziala, oraindik Ohorezko Mailan zabaldu gabe zegoen, zer izango ote zen urradurentzat, artikulazioentzat, zalantza handiak zeuden. Baina ez genuen beste erremediorik. Lehenengo urtean akordatzen naiz Altamiran entrenatzen genuela, baina jokatu Trebijanon. Hurrengo urtetik aurrera kategori guztiak etorri ginen Altamirara.
Nola uztartu duzu eliteko jokalari izatea eguneroko bizitzarekin?
Ez dut sekula txakur txikirik jaso jokatzeagatik, eta beti ikasi edo lan egin behar izan dut. Azken urtean, lana utzi eta langabezian nago suhiltzaile oposaketak prestatzen ari naizelako. Zorte handia izan dut, entrenatzeko arazorik ez dudalako izan ikasketak edo lana direla eta. Alde horretatik zorioneko izan naiz.
Pasioa ere behar da.
Aparte gogoa izan behar duzu eta zure aldetik jarri behar duzu, baina haizea aldekoa daukazunean, erabaki horiek hartzea errazagoa da, eta nik horretan haizea oso aldekoa izan dut.
300 partida baino gehiago jokatu dituzu klubeko kamisetarekin.
Badakizu partida asko daramatzazula, eta bat-batean etortzen zaizkizu zuzendaritzakoak eta entrenatzaileak esanez 300. partida jokatuko duzula asteburuan. ‘Xabi Lerma, Iñaki Puyadena eta zu izango zarete bakarrak, eta ondorengoak iristen badira etorriko dira’ esaten dizute eta pentsatzen duzu ‘ostras, zahartzen ari naiz’. Umorez hartzen duzu, beste munduko fijaziorik gabe. Bere distira dauka zenbaki garrantzitsua delako, baina ez da garrantzia eman izan diodan zerbait.
Momentu txarrak oroitzen dituzu?
Bai, momentu onak egon diren bezala, momentu txarrak ere egon dira, eta horietako bat aurten izan da. Lehen sei partidetan edo, entrenatzaileek ez zuten nirekin kontatu eta momentu horiek oso gogorrak dira. Azken denboraldia jokatzen ari zara, fisikoki ondo zaudenaren sentsazioa daukazu, entrenamenduetan maila ematen ari zarenaren sentsazioa, baina ondoren deialdian ez da zure izena azaltzen. Hasieran sorpresaz hartu nuen, ondoren tristura, ondoren agian nazka esan dezakeguna. Entrenatzailearekin hitz egin nuen eta galdetu nion ea nirekin kontatzen zuten. Hark baietz, baina ez nien gehiegi sinetsi, sei partida emaitza kaskarrarekin, ni konbokatu gabe, aurreko urtean ia minutu guztiak jokatuta nentorren… zortea izan nuen eta hortik aste pare batera Euskarians-ekin jokatzeko aukera izan nuen, Belgikaren aurka.
Hurrengo asteburuan deialdian sartu ninduten, hasieratik jokatu nuen eta berriz ere sorpresa, partida osoa jokatzea tokatu zitzaidalako. Sufritu nuen, gainera Sevillako eguzkitan. Urte erdi inguru neraman partida ofizialik jokatu gabe. Erritmo falta sumatzen nuen, eta nire kezka zen ea maila emango ote nuen. Maila txukuna eman nuela iruditu zitzaidan, entrenatzaileek ere zoriondu ninduten eta hortik aurrera ia partida guztietan jokatzeko zortea izan dut eta buelta eman diot.
Kawaren heriotza ere etorri zen, hura ere kolpe gogorra izan zen, aurten ere taldekide izandako Urtziren heriotza lanean, horrek ukituta uzten zaitu.
Lesio larririk izan duzu?
Norberari tokatzen zaizkigun lesioak zorionez oso gutxi tokatu zaizkit. Bihurduraren bat edo beste, oin zolako fasziitis bat eta gero kolpe tontoren bat edo beste. Alde horretatik zorte ona eduki dut, baina tokatu zait parean taldekideak lesionatu eta kirola utzi behar izatea eta hori ere gogorra da. Horrelakoetan planteatzen duzu: ‘kirol honek merezi al dik? Gero nola bukatu behar diagu?’.
Apirilean azken partida jokatu zenuen ORErekin. Erabaki zaila izan da?
Ez da erraza. Hiru entrenamendu astean, lau tarteka ere bai, asteburuan partida, edo libre genuenean askotan ere talde bazkaria… dinamika hori izan da. Erabakia hartu egin behar duzu. Erabaki batzuk zuk hartzen dituzu edo erabakia etorri egiten da. Taldekide batzuekin hitz egiten, batek utzi egin duelako edo beste, eta pentsatzen duzu zure momentua noiz iritsiko den. Gure arteko hausnarketa horietan, nik esaten nuen nire ametsa zela nik uztea errugbia eta ez errugbiak ni uztea albo batera. Horri bueltak ematen, iaz utzi nahi nuen nire ibilbidea, beste gauza batzuen artean uste nuelako iaz zela OREren 50. urteurrena. Data borobil samar batean uztea ez da txarra. Eta konturatu nintzen 2023-2024an zela urteurrena eta aurten ospatuko zela. Zorionez, ez nion ia inori esan, lagun bati esan nion ez nuela aurre denboraldi gehiagorik egingo. Nire ustez, gogorrena aurre denboraldiak dira, bakardade batean ari zarelako entrenatzen, zu zure buruan aurka.
Azkenean aurten iritsi da. Entrenatzaile edo… beste arlo batetik errugbian jarraituko duzu?
ORErekin harremanetan segituko dugu. Taldearekin harremana beti izan dugu. Gurasoen kuadrillakoek sortu ondoren, bertara joaten ginen partidak ikustera, gero jokatzen hasi eta gero bizi izan dudan guztiarekin badaukat modu batean edo bestean itzultzeko bete beharra-edo. Argi daukat nekatuta bukatu dudala eta ez dela izango datorren urtean entrenatzaile edo ez dakit zertan sartuko naizen eguna, orain sentitzen dut lasaitasuna behar dudala. Askok galdetzen didate orain zer egingo duzu? Eta nik: ba bizi, lasai egon eta 18 urte hauetan edukitako ardura eta betebeharrik gabe bizitzea zer den jakin. Ondoren, badakit lan asko dagoela etxe honetan eta lan horietakoren bati esku bat edo gorputz osoa botatzeko eguna iritsiko dela, eta bertan izango naizela bastante argi daukat.
ORErekin azken partida jokatu dut, baina Euskarians-ekin ekainaren 15ean jokatuko dut azkena.
Zer eman dizu errugbiak?
Niretzat balio handiena daukana da bertan egin ditudan lagunak. Errugbirik gabe beste lagun batzuk eta beste bizitza bat izango nituzke. Eman dit aukera jende zoragarri pilo batekin elkartzeko, taldekide bezala, aurkari bezala, fisio, harrerako jendea Altamiran, zuzendaritzako jendea… etxe berri bat eman dit eta etxe horretatik pasa den jende askorekin harremanak lantzeko aukera. Azken partida hartako omenaldian sagardotegian bazkaldu genuen. Ikustea zenbat jende zegoen han… hori da eman didana: jende askoren berotasuna eta maitasuna sentitu dut eta hori bada bihotzean gordetzen dudan zerbait, ukiezina dena baina gordeko dudana. Harrotasun handiarekin eramango dut jende guzti horrekin eduki dudan harremana.
Ordizia Rugby Elkartearen hazkundea
Ordizia Rugby Elkarteak 1973. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Lagun talde bat elkartu eta errugbian jolasten hasi ziren. Asier Alvarez de Eulatek txikitatik izan zuen gertu errugbia, elkartea sortu zutenak bere gurasoen koadrilakoak zirelako. Hamahiru urterekin batu zen taldera. Argazkian, 2000. urtean kluba osatzen zuten jokalariak agertzen dira, Trebijano zelaian, tartean Asier Alvarez de Eulate gaztetxoa, baloia eskuetan duela. «Errugbiarekin lotura daukan nire lehenengo argazkia da eta badiot kariñoa». Garai hartan arazoak izaten zituzten taldeak osatu eta jokatu ahal izateko, eta gaur egun egonkortutako hainbat talde ditu elkarteak: 14 urtez azpikoa, 16 urtez azpikoa, 18 urtez azpikoa, 23 urtez azpikoa, nesken taldea, talde inklusiboa, beteranoena zein seniorren taldea, Ohorezko Mailan. «Argazkiak dimentsioa ematen dio zein momentutan iritsi nintzen ni klubera eta zenbat hazi den eta gainera nik uste gorputz sendo batekin». Argazkian ateratzen diren jokalari asko zein ziren ez zekien, eta denborarekin haietako denen lagun egin da. «Joanes, Xabi Lerma, Josu, Mikel Mate, Kubano, Urtzi… makina batzuk ziren niretzat eta haiekin parez pareko tratua izatera iritsi naiz. Garai hartako bizipenak oso aberasgarriak izan ziren». 2005/2006 denboraldian Ohorezko Mailara igo zen garai hartako seniorren lehen taldea. Gogoan du orduan ere arazoak izan zituztela taldea eratzeko. Igoerako urtean, jende gutxiagorekin hasi zuten partida bat eta jaitsiarazteko zorian izan ziren. «Zortea izan genuen Zumarraga-Urretxutik eta Tolosatik hainbat jokalari etorri zirelako, oraindik ez dakigu oso argi nola. Larri ibiltzen ginen eta hori naturalki bizi genuen». Igoeraz geroztik, bi errege kopa irabazi ditu lehen taldeak (2012an eta 2013an), eta hiru aldiz izan dira bigarren sailkatuak ligan.