Arama, zelai eta aldapa

OLYMPUS DIGITAL CAMERAIbilbide aukera aparta eskaintzen du Aramak, oinez nahiz mendiko bizikletan hauspoa gehiegi behartu gabe egiteko modukoak. Hedaduraz Gipuzkoako udalerri txikiena den arren —1,3 kilometro koadro—, udalak duela bi urte ateratako Aramako ibilbideak liburuxkak adierazten du bertako aberastasuna. Luzera eta zailtasun desberdineko sei ibilbide bildu zituzten, herritarrek beren irteeretan ondutakoak.

Kalbariobasoko buelta —lehen zatia kenduta– eta Muñotako Aska izeneko ibilbideak uztartuta osatuko dugu gure txangoa. Hasiera eta helmuga Aramako plazan izango dira (161,5m), iparrorratz udaletxe eraikin berria dela.

Altzagarako errepide nagusira irten, eta ehun metrorako eskuinera desbideratuko gara, Jauregi ondotik pasatu eta Etxeberri baserriraino (198,1m). Ordiziako hiri gunea aurkituko dugu aurpegiz, ardiz zirpriztindutako zelai berde zabalak bizkarrez. Talaia polita da, haritz artetik. Gorantz jarraituko dugu, Artsuaga baserriraino iritsi arte (244,6m). Honaino asfaltatutako bidean aise joango da ibiltaria, azken aldapatxoa beroketarako hartuta.

Altuera irabazita, dagoeneko Aramako kaskoaren begibista paregabea dago Artsuagatik. Ibiltariak bi aukera ditu hemen: gogorrago segi nahi ez duenak, ezkerreko bidexka har dezake, lau-lau eta zehar-zehar jarraitzen duena. Gehiago nahi duenak, basoan gora doan bidea zain dauka.

ibilbideaLau herriren mugan  
Bigarren buelta horrek, Muñotako askaraino, honaino beste ibiltzea —eta igotzea— eskatzen du. Itzuli zirkularra da Artsuagarekiko. Beraz, gero beste aukeraren norabidera itzuliko gara.

Artsuagatik gora, basoan sartuko gara. Bidegurutzean eskuineko adarrari heldu, eta basoz baso doa bidezidorra. Gasbidera irtendakoan, Muinoeta baserria joko dugu begiz.

Haren gainaldean iturria eta aska daude, atsedena hartzeko leku-une aproposean. Mugatu muinoaren (330m) barrenean gaude, hiru herrik muga egiten duten parajean. Muinoeta baserria Zaldibiakoa da, aurreko astean luizi erraldoia sortu zen haren barrenean. Askara joateko iparraldera segiko dugu metro batzuk, Goiko-Etxeberri (Arama) eta Lauhaizeta (Altzaga) etxeen alderantz.

Gaintzako lurrak ekialderaxeago hasten dira, Barriola Behekoa baserrian. Goiko-Etxeberrira (412m) iritsi aurretik, atzera basoan barneratuko gara, Aramarantz jaisteko. Maldan behera, Artsuagara aterako gara.
Han, ibilaro erosoagorako utzi dugun pista berrituan ibiliko gara hankak askatuz eta begiak gozatuz. Une oro alanbre-hesia izango dugu lagun, behe aldetik. Agerre eta Mendizabal baserriak hondoan oinetara ditugula, 800 bat metro egingo ditugu bide ordekan.

Altzagako herrigunea parez pare agertzen zaigunean, egurrezko eserleku dotorea dagoen parean bidezidor batetik jaitsierari ekingo diogu. Errepidea gurutzatu, Iturriotz baserrira irten, eta Aramara iritsiko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>