Lore eta landare saltzailea

pnga_erakutsi-1Jose Mari Setien segurarrak 50 urte daramatza loreak eta landareak saltzen.  Igandean, goiz eta arratsalde, Segurako Udaberriko Lore eta Landareen azokan ere izango da. «Oso azoka ona da Segurakoa. Indar handia hartu du», dio. Segurako azokan, batez ere,  lore bereziak saltzen direla azaldu du segurarrak, «balkoietako loreak jartzeko goizegi dela esaten dute bezeroek».

Herriko azokan urtero izaten da, baina egunerokoan, Donostiako Bretxako azokan egoten da.  «Merkatu oso ona da Donostia», dio.  «Goierrirekin ez dauka zerikusirik. Goierrin jendeak oso lora gutxi erosten du», gaineratu du. Balkoietako loreetan, Goierrin, gehiena, hiedra gorria saltzen bada ere, Donostian, kolore desberdinetako geranioak gehiago saltzen direla dio. «Beste lore mota batzuk sartu dira baina ez dute irauten», zehaztu du.

Donostian, jende askok urtean bitan jartzen ditu loreak: udaberri-udan eta udazkenean. «Goierrin, bakarra. Beste kultura bat dago». Lore moztuekin ere berdina gertatzen dela dio. «Batez ere gazteek erosten dituzte lore sorta txikiak, asteburuetan, 4-6 eurokoak». Lore moztuetan larrosak estimazio handia izaten du. «Larrosarik eta krabelinik onenak Kolonbiakoak dira».

Baratzeko landareak
Azkenaldian baratzeko landareekin ere lan asko egiten ari dira. «Iaz adina ez dugu inoiz saldu!», dio. «Donostian landare asko saldu genuen. Balkoietan gerok eta gehiagok jartzen dute baratzatxoa». Aurten oraindik ere salmenta hobeak aurreikusten ditu Setienek.

Garaiak aldatzen ari direnaren seinale ere bada datu hori. Mende erdia darama Setienek lan honetan eta ondo gogoan du, negutegirik ez zegoen garaia: «Duela 40 urte ez zegoen negutegirik. Hala ere, San Josetarako arkumearekin jateko letxugak prest izaten genituen. Babesean landatzen genituen eta ateratzen ziren», dio Setienek. Landareak ekoizteko modua ere aldatu dela dio. «Lehen lurrean ereiten genuen hazia. Gaur egun ez da lurrik behar, ontzi berezietan egiten dugu prozesu guztia».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>