Altzagan, arteen artean

pnga_erakutsi-1Altzagak berarekin du malda. Ibilaldi laua egiteko parajeak ere baditu, ordea. Biak uztartuta, berriz, herriko toki ikusgarri ugari lotu daitezke. Hedaduraz ez da zabala —2,21 kilometro koadro—, baina balkoi paregabea da Goierriren behealdeko haranak goitik ikusteko, baita parez pare ernetzen diren mendikateak behatzeko ere.

Altzagako herrigunean hasiko dugu ibilbidea, 279 metroko garaieran —udaletxeko hormako inskripzioak «itsas sestrarekiko 280 metrora» dagoela dio—. Errepidez gorantz joko dugu, kilometro pasatxo ibili eta Abali baserrietarako bidegurutzera iritsi arte. Bide-adar horretan, 800 metrora, Abali Goenera iritsiko gara (2. kilometroa). Txindoki mendiaren ikuspegi polita zabaltzen da, Amundarainen sakonaren hegian dago eta. Aralar, eta handik Aizkorrirainoko mendi gain guztiak ikusten dira Abalietatik.  Mendi bidean gorantz, aldapa 800 bat metro luzean igo, eta Gaztiñatxoeta lepora (465m) iritsiko gara. Lehentxeago dagoen bide-adarkatzean ezkerrera hartu. Altzagaratetik Gaintzarako antzinako bidea (gaur egun PR-Gi29) da hori, Mendibilen (479m) oinetara. Berehala Bostaitzetan gara (459m).

Atsedenleku bat dago, merendalekuarekin eta ziburu pare batekin. Altzagaratera bidea laua eta atsegina da.
Bestela, eta bide hau proposatzen dugu, Baliarrain aldera hartuko dugu, bidegurutzean eskuinera, eta San Joan iturriraino joango gara. Egurrezko seinaleekin ondo markatuta dago. Kurioski, etorri garen mendi hegalean bezala, Abali baserriak daude Baliarraingo aldean ere. Eztarria ur freskoz busti, eta Altzagamendi (537m) inguratuta, Altzagaratera iritsiko gara.
Ibilbideko puntu gorena da Altzagarate (462 metro). Andre Mari baseliza karratua (XVI. mendekoa), taberna eta lauzpapost baserri lekutzen dira, goi zelaietan. Zenbait adituren ustez, Altzagako lehen bizigunea Altzagarate izan zen. Andre Mariaren irudia erromaniko itxurakoa da; elizatxoko atetik beha daiteke.

Teleskopio turistikoa ere badago —hondatuta—, Goierriko begiratokien ibilbidekoa. Ordiziako eta Beasaingo kaleak begizta daitezke; atzean, Usurbe eta Murumendi, nahiz Itsasondo-Legorreta lerroko mendizerra ere bai —harago Santa Marina—, egun oskarbietan. Denaren zaindari, Aizkorri handia.

ibilbideaSarasola oinetxe zaharra  
Altzagako herrigunerako bidean, Sarasola etxadia topatuko dugu (ibilbidearen 4,9. kilometroan). Hiru baserri dira: Sarasola Goikoa, Txikia eta Aundia. Oinetxe izana, armarria du.

Bideari segi, eta kilometro eta erdi barru Altzagako herri kaskora iritsiko gara, Urruti Barrena baserriaren ondotik.
Etxe berri ugari egin dira kaskoan, Urruti Zelai barrutian. Muin historikoa San Migel Goiaingeruaren elizak (XVI. mendean hazia), Artegain frontoiak, Torremendia eta udaletxea, Urruti Garakoa eta Behekoa baserriek, apaizetxeak eta seroretxeak osatzen dute. Plazako arte arbola da herriaren ikur; 16 metro altu eta 3,60 metroko gerri buelta du.

Batuta ala bakarrik, izanari eusten
Historia luzea du Altzagak, txikia izanagatik. 1399tik XVII. mendera arte Ordiziako hiribilduaren menpe egon zen, hari batuta. Gaztelako Koroari 1615ean erosi zion hiribildu titulua. Gipuzkoako Batzar Nagusietara ordezkaria berak bakarrik bidaltzeko nahikoa indar ez, eta Itsasondo, Arama, Gaintza, Legorreta eta Zaldibiak Oria Ibaiko Batasuna osatu zuten. Batasuna 1845ean desegin zen

XX. mendean antzeko estrategia erabili behar izan zuen, «dirurik ez eta». 1966an ltsasondori eransteko eskatu, eta hurrengo urtean batu zitzaion. 1992ko urtarrilean berreskuratu zituen udal ahalmenak, atzera. Gipuzkoako 87. zenbakidun udalerria da, guztira dauden 88etatik ‘azken aurrena’.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>