Goierritarren harrotasuna

pnga_erakutsi-1Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldeko jarrerak gero eta ugariagoak dira, eta horretan zerikusi handia du Nazioen Mundua ekimenak eta hainbat goierritarrek bost urtean egindako lanak. 2008an Idiazabalen ereindako haziak,  Goierrira eta Euskal Herrira zabaldu dira, aldarrikapen bakarra ardatz hartuta: Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela eta gure esku dagoela hori gauzatzea.

Goierrin sortutako ekimena «eredugarria» izan da, eta 2012an egindako Gazta Zati Bat dokumentalak erabakitzeko eskubidearen haziak zabaltzen lagundu du mundu zabalean. Euskal Herrian «pentsaezinak ziren argazki historiko asko» egitea lortu du Nazioen Munduak sorreratik gaur egunera. «Goierritarrok harro egoteko moduan gaude», dio Angel Oiarbide Nazioen Mundua ekimeneko kideak. «Taloak egiten, kamisetak saltzen… aritu direnek posible egin dute nazio mailan sortu den Gure Esku Dago ekimena gautzeko bidea egitea», gaineratu du.

Idiazabal 2008
2008ko San Blas jaietan Idiazabalgo pilotalekuan lehenengo ez ohiko argazkia atera zuten Asier Oiarbide EAJ-ko zinegotziak eta Miel Mari Imaz ezker abertzalearen inguruko herritarrak. Autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapena herri kirolaren bidez egiten hastekoak ziren Idiazabalen. «Oinarririk sendoena ezberdinatasun denak albora utzi eta kolore anitzetako jendeak osatutako taldea zela esan daiteke», gogoratzen du Imazek. Ordura arte, «ez geunden ohituak sentsibilitatee ezberdineko jendeak bat egin eta publikoaren aurrean era honetako aldarrikapenak egitera».

Saiakera hark frutua eman zuen «jendeak nolabaiteko ilusioa eta askatasuna somatu  zuen, eta ‘ba zen garaia’ bezalako esaldiak oso ohikoak izan ziren ekitaldiaren ondoren». Hasieran errezeloak izan baziren ere, «errezelo haietan ere ez zen indarrik galdu, aurrera jo zen ‘baina’ guztiak alboan utzi eta autodeterminazioan bat eginda».

2008an Idiazabalen abiatu zen ekimen hartan «inork gutxik usteko zuen hau hartzen ari den dimentsioetara iritsiko zenik, eta horren erru pixka bat Nazioen Mundua izenaren atzean dabilen jende dexentek izango du», azpimarratu du. «Eskubide hau gauzatzen denean ez da izango noski Nazioen Munduari soilik eskertu beharreko lorpena, baina nazioen munduak ere bere bultzada egina izango du zalantzarik gabe».

Izen eta forma desberdinak hartu baditu ere, helburua bakarra da: «Autodeterminatzeko eskubidea gauzatzea». Horretarako, gizarte osoak bere egin eta sinistu behar duen eskubidea izan behar du Imazen esanetan.

Beasaingo Ander Arresek  ere berehala egin zuen bat Nazioen Mundua ekimenarekin. «Elkarlanerako gune egoki eta jator bat zela iruditu zitzaidan, eta helburua oso ondo definituta zeukala; beraz, ez nuen ezetz esateko aitzakiarik aurkitu», gogoratzen du. Elkarlanerako topagunea aurkitzea ez da «erraza» izan, eta bide horretan «ekimen honen indarra, nere ustetan, helburuaren fokalizazioan oinarritzen da; hau da, erabakitzeko eskubidea da helburu eta aldarri bakarra», dio Arresek. «Adostasun bat aurkitzen denean, ez dago desadostasunaren muga zertan bilatu, oso erraz topatzen bait da», gaineratu du.

Gure Esku Dago dinamika «garrantzitsua» iruditzen zaio Arreseri, helburua lortzeko bidean. «Gizarte honek bere etorkizuna erabakitzeko nahia, beharra eta eskubidea dauka eta elkarlanerako konfidantzazko gune bat sortzen badugu, datozen aldaketa garaien aurrean, herri bezela, dagokigun papera jokatzeko prest izango gara».

Igartza 2010
2010eko maiatzean, argazki historikoa atera zuen Nazioen Munduak Beasaingo Igartza jauregian. Sentsibilitate politiko desberdineko 35 goierritar elkartu ziren argazkia ateratzeko, eta erabakitze eskubidea aldarrikatzeko. Iñaki Muruak gogoratzen duenez, «ilusio handia» egin zion momentu hark. Desberdintasunak desberdintasun, autodeterminazio eskubideak elkartu zituen: «Juxtu horixe da autodeterminatzea: geuk izan nahi duguna izateari ekitea; eske aritzeak menpekotasun egoera areagotu besterik ez digu egiten eta izaera hori txertatu. Beraz, geu izan nahi dugu eta gauzatu egin behar dugu nahia, horretarako helburuak elkarrekin adostuz».

Igartzako argazkiaren ondotik etorri zen Euskal Herri mailako sentsibilitate politiko desberdinek ateratako Miramarreko argazkia.

Mariaje Intsausti ere Igartzan izan zen, «Estaturik gabeko nazioek, beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzen duelako». Ildo horretatik, «sentsibilitate ezber- dineko pertsonak eta eragileak autodeterminazio eskubidearen inguruko lanketa bat egitea lortu da, eta honekin gaia denon ahotan jartzea».

Gure Esku Dago ekimenak  eman dezakeena «gure esku» dagoela uste du Intsaustik. «Ibilbidea bera da helburu, kontzientziazio premia handia daukagulako, batetik, eta izan nahi dugu-tik ‘ bagara’ sinesterainoko ibili kontzientea, bestetik», dio Muruak.

Itsasondo 2011
Nazioen Munduak bultzatuta, Goierri beheko 18 udaletako ordezkariak elkartu ziren Itsasondon 1931-Goierri 2011. Autodeterminazioa gero eta argiago ekitaldian. 1931ko apirilaren 18an Itsasondoko Udalbatzak  autodeterminazio eskubidea eskatu zuen Euskal Herriarentzat, eta eskakizun harekin bat egiteko elkartu ziren Goierriko beheko alkateak. Tartean zen Marijo Olazabal Aramako alkatea. Nazioen Munduak egin zuen planteamenduak «konbentzitu» egin zuen aramarra. «Talde batek egindako lan guzti horrek zerbait gertukoa eta posiblea ematen zuen, ez urrutiko eta eskuraezina den ideal bat. Barruan bultzada moduko bat sentitu nuen, aurrera pauso bat egiteko bultzada, pauso txikia bazen ere. Nire presentzia eta ekintzekin laguntzea posiblea ikusi nuen».

Bost urteotan Goierrin egindako lanak proiektu bati forma emateko balio izan duela uste du, «sentsibilidade edo egoera berdinean egon daitezkeen beste herrialde batzuekin harremanak sendotzea, jendearen konzientzia ukitzea, jendeari posible dela sinistaraztea».  Aurrera begira bidea «luzea eta zaila» izango dela ikusten badu ere, «noren esku egongo da ba gure etorkizuna? Etorkizuna eta Euskal Herria gure esku daude», gaineratu du.

 

MIEL MARI IMAZ:
OLYMPUS DIGITAL CAMERANola gogoratzen duzu Nazioen Munduak ekimenaren sorrera?
Aurkezpen ekitaldi hartako nere presentzia eskakizun bati baietza ematearen ondorioa izan zen. Ordurako Angel Oiarbide eta Mikel Garmendia gidari zirela, Idiazabalgo herri kirol taldea autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapena herri kirolaren bidez egiten hastekoak ziren. Ondo dakizuen bezala oinarririk sendoena ezberdinatasun denak albora utzi eta kolore anitzetako jendeak osatutako taldea zela esan daiteke. Aurkezpeneko egun inguru haietan ere lagun izan zen zorigaiztoaren berri badakizue eta aurkezpen ekitaldi hura berezia, emozioz betea eta omenaldi moduko ekitaldi bat bihurtu zen. Hala ere aurkezle lanetan ginen Asier Oyarbide eta biok mezua ahalik eta ondoen transmititzen saiatu ginen eta saiakera harek bere fruitua eman ere eman zuen. Jendeak nolabaiteko ilusioa eta askatasuna somatu zuen “ba zen garaia” bezalako esaldiak oso ohikoak izan ziren ekitaldiaren ondoren. Ez geunden oituak sentsibilitatze ezberdineko jendeak bat egin eta publikoaren aurrean era honetako aldarrikapenak egiten. Haseran izan ziren errezeloak ere, baina errezelo haietan ere ez zen indarrik galdu, aurrera jo zen “baina” guztiak alboan utzi eta autodeterminazioan bat eginda. Egia esan urte asko ez dira oraindik baina oroitzapenerako gordeko den oroimen hoietako bat da zalantzarik gabe.

Desberdintasunak desberdintasun, auotedeterminazio eskubidearen aldarrikapen elkartu zintuzten. Geroztik eredugarri izan da pauso hori. Zein gogoeta egiten duzue?
Aldarrikapen honek bazituen aurrekariak, eta historia hoien berri ziur nik baino hobeto badakizkizuela baina besteak beste aurretik Goierrin bertan Itsasondon ere badugu Nazioen Munduak berak 80 urte geroago berretsitako autodeterminazioaren aldeko aldarrikapena izan zenaren berri. Orain ordea beste garai bat da eta gizartearen etsipena ilusioan bihurtzen den edozer da pozgarri. Idiazabalen egindako aurkezpen hartan ordea inork gutxik usteko zuen hau hartzen ari den dimentsioetara iritsiko zenik, eta horren erru pixka bat nazioen mundua izenaren atzean dabilen jende dexentek izango du. Lan izugarria ari dira egiten, inplikazio izugarriarekin. Gure hasera hura erraza eta xumea izan zen, baina hau… ikaragarria da. Egunen batean ea eskubide hau aplikatzeko aukeran garen eta egun horretan hauek guztiak gogoan izatea beraientzat omenaldi polita litzateke. Ni ziur naiz egun hori uste dugun edo sinesten dugun baino gertuago izango dugula; esku batekin kontatzen diren egutegien barruan izango dela sinesten dut.

Idiazabalen hasitako ibilbideak Euskal Herri mailako proiektu bihurtu da zuen lanari esker. Noraino iritsi daiteke Gure Esku Dago dinamika?
Dinamika ezberdinek hartzen dituzten izenena da gutxienekoa, baina denak errenkadan lotuz ziur… eta honekin emango dizut azken galderaren erantzuna, erantzun erraza gainera; autodeterminatzeko eskubidea gauzatzeraino. Gizarte baten sinesmenean sartzen den zerbait gauzatzean sentitu daiteke soilik gizartea aske. Dinamika ezberinek duten helburua erabakitzeko eskubidea edonoren sinesmenean ezartzea da, kirolaren bidez, dantzaren bidez, dokumentalen bidez,…Hori da haserako helburua eta hori da helburu bezala mantentzen dena gaur egun ere. Eskubide hau gauzatzen denean ez da izango noski Nazioen Munduari soilik eskertu beharreko lorpena baina nazioen munduak ere bere bultzada egina izango du zalantzarik gabe.

 

ANDER ARRESE
OLYMPUS DIGITAL CAMERANola gogoratzen duzu Nazioen Munduake ekimenaren sorrera?
Eskubaloiko taldekide batek komentatu zidan Idiazabalen jaioriko ekimen bat Beasainen aurkeztu behar zutela eta interesgarria izan zitekeela. Eta horrela izan zen, bai. Elkarlanerako gune egoki eta jator bat zela iruditu zitzaidan eta helburua oso ondo definituta zeukala, beraz ez nuen ezetz esateko aitzakiarik aurkittu.

Desberdintasunak desberdintasun, autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenak elkartu zintuzten. Geroztik eredugarri izan da pauso hori. Zein gogoeta egiten duzu?
Elkarlanerako topagune bat aurkitu ahal izan dugu, eta hau ez da gauza erraza. Herri honetan ezin ikusia eta errezeloa nagusi izan da denbora luzez eta hau gainditzeak lanak ematen ditu. Ekimen honen indarra, nere ustetan, helburuaren fokalizazioan oinarritzen da, hau da; erabakitzeko eskubidea da helburu eta aldarri bakarra. Adostasun bat aurkitzen denean, ez dago  desadostasunaren muga zertan bilatu, oso erraz topatzen bait da. Puntu askoren gainean indarra egitean, indar hau dispersatu egiten da, puntu bakar batean egin ezkero berriz, konzentratu: bat ditzagun indarrak adosten gaituen puntu bakar horretan!

Idiazabalen hasitako ibilbideak Euskal Herri mailako proiektu bihurtu da zuen lanari esker. Noraino iritsi daiteke Gure Esku Dago dinamika?
Erabakitzeko eskubidearen aldarria ez da Nazioen Munduaren esklusiba. Beste talde edo ekimen askok ere beste toki batzuetan aldarri bera izan dute. Gure esku dago dinamikak ekimen guzti horiek eta sortuko direnak, eremu edo estalpe berean elkartuko lituzke, indar guztiak bateratuz. Gizarte honek bere etorkizuna erabakitzeko nahia, beharra eta eskubidea dauka eta elkarlanerako konfidantzazko gune bat sortzen badugu, datozen aldaketa denboren aurrean, herri bezela, dagokigun papera jokatzeko prest izango gara.

 

IÑAKI MURUA
muruaNola gogoratzen duzu Nazioen Munduak ekimenaren sorrera?
Ilusio handia egin zidan ekintza xume modura baina bikain antolatutakoa eta, batik bat, benetan sinestuta zuen jendeak gidatua.

Desberdintasunak desberdintasun, auotedeterminazio eskubidearen aldarrikapen elkartu zintuzten. Geroztik eredugarri izan da pauso hori. Zein gogoeta egiten duzue?
Juxtu horixe da autodeterminatzea: geuk izan nahi duguna izateari ekitea; eske aritzeak menpekotasun egoera areagotu besterik ez digu egiten eta izaera hori txertatu. Beraz, geu izan nahi dugu eta gauzatu egin behar dugu nahia, horretarako helburuak elkarrekin adostuz.

Idiazabalen hasitako ibilbideak Euskal Herri mailako proiektu bihurtu da zuen lanari esker. Noraino iritsi daiteke Gure Esku Dago dinamika?
Ibilbidea bera da helburu, kontzientziazio premia handia daukagulako, batetik, eta izan nahi dugu-tik “ bagara” sinesterainoko ibili kontzientea, bestetik. Beraz bidea bera da helburu fase batean eta azken helburua gauzatzeak jardun luzeagoa eskatuko du baina, ordurako helburuaren zati bat gauzatzen hasita egongo ginateke: eguneroko bizian autodeterminazioa gauzatzea. Hau kontzienteki gauzatzen hasten garenean ere bide luzea geratuko zaigu, estatuak estatua(mugimendurik eza) direlako gehiegitan baina, zer axola dio haiek trabatzen dutena gauzatzen eta herria eraikitzen ari bagara?

 

MARIAJE INTSAUSTI
intsaustiNazioen Munduak ekimenarekin zergatik egin zenuen bat?
Estaturik gabeko nazioek, beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzen duelako.

Zer lortu du Nazioen Munduak bost urte hauetan?
Sentsibilitate ezberdineko pertsona eta eragileak autodeterminazio eskubidearen inguruko lanketa bat egitea lortu da eta honekin gaia denon ahotan jartzea.

Bost urteotan Goierrin egindakoa baliagarri izan da Euskal Herri mailako dinamika bateratu bat sortzeko. Noraino irits daiteke Gure Esku dago dinamika?
Gure esku dago noraino iritsi daitekeen dinamika hau.

MARIJO OLAZABAL
olazabalNazioen Munduak ekimenarekin zergatik egin zenuen bat?
Alde batetik Nazioen Munduak egin zuen planteamenduak konbentzitu egin ninduen. Talde batek egindako lan guzti horrek zerbait gertukoa eta posiblea ematen zuen, ez urrutiko eta eskuraezina den ideal bat. Barruan bultzada moduko bat sentitu nuen, aurrera pauso bat egiteko bultzada, pauso txikia bazen ere. Bestalde, talde horretako partaideak herritar xumeak izatea ere uste dut lagundu zuela. Ez zen goitik etorritako zerbait, behetik, hau da, gure maila beretik sortutako ekimena zen eta benetazkoa zirudien.Azkenik, nazioen Munduak eskatzen zuena nik egiteko modukoa zen, nire esku zegoen eta nire presentzia eta ekintzekin laguntzea posiblea ikusi nuen. Egin beharrekoa inguruko herrietan antolatu zen, edo herrian bertan eta hori familia bat duzunean garrantzitsua da.

Zer lortu du Nazioen Munduak bost urte hauetan?
Uste dut gauza asko lortu dituela: proiektu argi bati forma ematea, sentsibilidade edo egoera berdinean egon daitezkeen beste herrialde batzuekin harremanak sendotzea, jendearen konzientzia ukitzea, jendeari posible dela sinistaraztea, …

Bost urteotan Goierrin egindakoa baliagarri izan da Euskal Herri mailako dinamika bateratu bat sortzeko. Noraino irits daiteke Gure Esku dago dinamika?
Baliagarria izan dela ez dut dudarik. Hala ere bidea luzea eta zaila dela ere ohartzen naiz . Baina…..noren esku egongo da ba gure etorkizuna? Etorkizuna eta Euskal Herria gure esku daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>