Gabiriako Baztarrika baserriak Euskadiko Abeltzaintzako Ustiategien Lehiaketan saria lortu du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek antolatzen dute lehiaketa hau, ustiategien modernizazio teknologikoa bultzatzeko asmoz.
Herrialde bakoitzean lau ustiategi saritu dituzte. Gipuzkoako gainontzeko sarituak Aiako Olasoro, Amezketako Agustin Artola eta Aiako Iñigo Eizagirre dira. Olasoron esnetarako behiekin lan egiten dute, Artolak haragitarako behiekin lan egiten du eta Eizagirrek eta Baztarrikakoek ardiekin.
Sari hauek ez dira oso ezagunak abeltzainak ez direnen artean, baina abeltzainek estima handian dituzte. Izan ere, epaimahaiak faktore asko hartzen ditu kontuan: urteko balantze ekonomikoa, txukuntasuna, egindako inbertsioak, etxeko belarraren kalitatea, kanpoko janaria erosten den edo ez… Hala, lan oso ona egin behar da lehiaketa honetan sari bat irabazteko. Baztarrikakoak behin baino gehiagotan saritu dituzte lehiaketa honetan.
Baztarrikako Asier Osinaldek euren ardiak etxeko belarraz elikatzen direla ia erabat eta azken urteotan inbertsio handiak egin dituztela aipatu du. Makineria berria erosi dute eta ukuilu berria egin dute. «Inbertitu gabe, jai dugu. Baina baserriko makineria oso garestia da», dio.
Osinaldek eta bere familiak gazta, gazta zaharra, esnea, intxaurrak, urrak, indabak eta sagarrak saltzen dituzte baserrian bertan. Gazta zaharra eta esnea etxetik kanpo ere saltzen dute.
Uzten dieten feria guztietara joaten direla dio. «Herrialde guztietan euren ekoizleei laguntzen saiatzen dira. Hori dela eta, Araba, Bizkaia eta Nafarroako azoketan parte hartzea oso zaila da. Gipuzkoako feria garrantzitsuenetan parte hartzen dugu eta Euskal Herritik kanpokoetara ere joaten gara».
Iaz Zaragozan eta Madrilen izan ziren, besteak beste. «Madrilen asko saldu genuen, baina Zaragozan bederatzi egun eman genituen eta oso gutxi saldu genuen. Aragoiarrek ez dute gure gazta estimatzen. Fuertea eta garestia dela iruditzen zaie».
Gabiriatik Bartzelonara
Ekainean Bartzelonan egon ziren, Euskadi Basque Country estropadaren inguruan antolatu zuten azokan. Gustura itzuli ziren. Gipuzkoako feria onenak, berriz, irailean Ordizian eta Legazpin antolatzen direnak direla dio Osinaldek.
Lehiaketei dagokionez, La Seu D’Urgellen (Herrialde Katalanak) hainbat sari lortu dituzte euren gazta zaharrarekin. «Eurek ere antzeko gazta zahar bat dute eta gurea asko gustatzen zaie».
Etorkizuna oraina bezalakoa izango dela uste du: gogorra. «Guk urte asko daramatzagu krisian, baina zenbait jendek gure produktua estimatzen du: bertan egindakoa eta kalitatezkoa delako», amaitu du Osinaldek.