Ezezkoak eman eta jaso

Antxiñe MendizabalAntxiñe Mendizabal Aranburu (Idazlea)

Nire lanbideari esker trebatzen ari naiz bizitzan ondo zaildu gabe nengoen hainbat alorretan: ezezkoak ematen, esate baterako; ezezkoak ondo ematen esan nahi da.

Argitaletxera beren lana argitaratu nahi izaten duen idazle ugari hurbiltzen da. Gure eginkizuna testu horiek irakurri, baloratu eta erantzun bat ematea izatea da; hau da, argitaragarria den ala ez esatea. Irakurtzea ez da arazo, noski; balorazioarekin sortzen dira lehenengo zailtasunak. Norbere gustuak eta aurreiritziak bazter utzi eta irizpide literario eta komertzialen arabera lanaren balioa neurtu beharra dago. Irizpideak ezartzeko orduan kontraesanak sor daitezke: balio literario handikoa izan, baina komertziala ez izatea; edo alderantziz, iruditu merkatuak harrera on samarra egingo diola balio literario urria duen lan bati. Lehenengo kasuan, ez dugu zalantza handirik izaten: lanek aurrera egiten dute; bigarren kasuan, erabakia zailagoa izaten da.

Eta azkenik, idazleari gure erabakiaren berri ematea tokatzen da. Erantzuna baiezkoa denean, ez da arazorik izaten. Ezezkoekin sortzen zait niri egonezina. Esango dut, halere, badagoela idazle mota bat, gutxienekoa, nahiago izaten duena, ezezkoa beste azalpenik edo baloraziorik gabe jaso; gehienek, berriz, zergatia jakin nahi izaten dute. Eta orduan ibili behar izaten da tentuz, lanari buruzko balorazioak egin, baina pertsonaren balorazioa egin gabe. Edozein modutan, hartzailearentzat beti da zaila; inork ez du entzun nahi bere lanak besteen espektatibak ez dituela bete. Idazleak argitaletxera jo duelarik, badu argitaratzeko gogoa eta itxaropena, baina aldi berean badaki horrek berak zapuztu egin dezakeela. Beldur da, beraz.

Editoreari tokatzen zaio, beraz, hurrengo lan bati heltzen utziko dion besteko frustraziorik sortu gabe, aurkeztutako lana balekoa ez dela esatea. Batzuen frustrazioaren atalasea zabala da, ia gehienona estu samarra.

Guztioi tokatzen zaigu, bizitzaren une eta alor ezberdinetan, ezezkoak eman edo jasotzea, bestearen erabakiaren ondorioz edo bizitzak berak jartzen gaituelako ataka horretan. Bi egoerak gainditzeko tresna berdintsuak erabili behar direla uste dut: norbere buruarengan konfiantza eta beldurrik eza.

Niri ere bizitzan tokatu zait eta tokatzen ari zait ezezko batzuk jasotzea. Frustrazioa arintzeko, urteek ematen duten malgutasuna eta sendotasuna lagungarri dira. Bestalde, iraganean jasotako ezezkoagatik hartu genuen mina ere sentitu dezakegu berriro; zeresanik ez nostalgiarako joera badugu. Horrelakoetan, mina berpiztu besterik ez da egiten. Hobe zaurian hatza sartzen ez ibiltzea, inoiz orbainduko bada. Oraina bizitzen eta pausoa etorkizunerantz jarriz lortzen da ezezkoa balizko baiezko bihurtzea.

Bizitzak ia beti jartzen gaitu ikasi behar dugun horren aurrez aurre.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>