Olakosaitik Gaztelura

OLYMPUS DIGITAL CAMERAIbilbidearen lehenengo zatia autoz egingo dugu. Zaldibiatik Larraizko bidean, eskuinera, Arkakara doan bidegurutzea hartuko dugu. Ezkerrera Arrese taberna utzi, eta ezkerrera lehenengo bidegurutzea hartuko dugu,  Txamarretxe plaza aldera. Juan Inazio Iztuetaren jaiotetxea dago bertan. Autoan bidean gora 3,2 kilometro eginez – hasieran aldapa gogorra dago–, Olakosaira iritsiko gara.  ‘Akapulko’ bezala ere ezagutzen da lekua; autoa bertan utziko dugu.

Aisialdirako gunea ederra da Olakosai. Aulkiak eta mahaiak ere badaude, zuhaitzen babesean. Bista ederrak daude gainera. Ausa Gaztelu, eskuinean kuku eginez, eta Txindoki ezkerrea ikusiko ditugu.  Euskal jatorriko pottokak inguruko zelaietan ikusteko aukera ere izaten da udaberrian eta udan.

Olakosaitik Ausa Gaztelura joateko bide bat baino gehiago dago, baina guk, elkartetik  ezkerrera dagoen pista jarraituz egingo dugu, Gaztelu seinaleari jarraituz. Goierriren ikuspegi ederraz gozatuko dugu ibilbide osoan: besteak beste, Zaldibia, Gaintza, Aizkorri mendikatea, Murumendi eta Usurbe  ikusiko ditugu. Aurrez aurre, gainera, Txindoki izango dugu; Txindokiren ikuspegi desberdin eta ezezaguna.

Pistan 10 bat minutu ibili ondoren, pista utzi eta eskuin aldera hartuko dugu, pinudian barrena.  Bost bat minutura, pinuditik ateratakoan, ezker aldera hartuko dugu. Mendian gora egingo dugu, pinudia ezkerrean dugula. Aldapa gogor samarra da eta denbora gutxian metro asko igoko ditugu.

Leku historikoa
Ondoren, berriro, hasierako pista hartuko dugu, Txindoki eta Ausa Gaztelu tontorrak aurrean ditugula. Ausokoegi bordetara iritsi baino lehen, pista utzi eta Ausa Gaztelu mendi tontorrera zuzenean igoko gara.

Aldapa handi samarra ikusten bada ere, poliki-poliki eta lasai hartuta, ordu laurden batean erraz igotzen da, belarrezko alfonbran,  paisaia ederraz gozatuz.

Tontorrean gazteluaren dorrearen aztarnak ikus daitezke oraindik. XIII. mendeko Erdi Aroko gazteluaren aztarnak dira. Ausa eta Ataungo gazteluak muga kontrolatzeko eta bidea zaintzeko leku estrategikoak ziren, Nafarroa eta Gaztelaren artean egon ziren gerretan. Bien esku egon zen Ausa Gaztelu, eta hainbeste gerrateren lekuko izan zen.

Haizelekua da Gaztelu, eta gaztelu zaharraren babesean atsedena hartzeko leku ederra da,  Aizkorriko mendikate osoa Txindoki eta Aralar lagun ditugula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>