140 barazki otarre

Kontsumo_taldeakKontsumo taldeak zer diren galdetu, eta hainbat hitz esan ditu errenkadan Aitor Roman lazkaotarrak , hitzak giltzak balira bezala. Roman Lazkaoko kontsumo taldearen barazki hornitzailea da. «Kontsumo taldeetan ekoizleok eta familia hartzaileek bat egiten dugu. Ekoizleok garaian garaiko produktu freskoak, osasungarriak eta ekologikoak dituzten otarreak banatzen ditugu. Familiek astean behin otarre bat jasotzen dute». Goierrin barazki ekologikoen ekoizleek 140 otarre inguru banatzen dituzte astean.

Guztira zortzi kontsumo talde daude Goierrin: Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Legorretan, Seguran, Urretxun eta Zumarragan; Legazpin bi talde daude. Barazki ekologikoak dituzten otarreak bitartekaririk gabeko salmenta zuzenaren bitartez banatzen dituzte. Agroekologiaren begietatik begiratzen diote lurrari. Romanek azaldu duenez, «lurra errespetuz lantzea esan nahi du, bertatik bertara bertako produktuak banatzea». Era industrialetik oso urrun dago lurra lantzeko modu hau, «industria erako ustiapenean diru asko behar da gutxi irabazteko».

Romanek garai bateko laborantzari heldu dio, «baina orain dakigunarekin oreka bilatuta». Lurra goldatzeko, esaterako, astoa erosi du. «Ikastaro bat egin nuen, eta animatu egin nintzen», dio. Fidel asto gaztearen laguntzarekin goldatzen du baratzea.

Soberakinik gabe
Kontsumo taldeetako ekoizleek hornitu behar duten taldearen araberako planifikazioa egiten dute. Horrek, soberakinik gabeko ekoizpena sortzen du. Halako beharrak nolako uzta.

Romanek kontsumitzaileen inplikazioa sumatzen du faltan: «Beste talde batzuetan kontsumitzaileak igandeetan auzolanean aritzen dira baratzean, edota saskia baserrietan bertan jasotzen dute. Guk, hemen, esparru horretan asko dugu egiteko».

Baserritarren arteko sareak egonkortuago daude jada.  Kontsumo taldeak Gipuzkoako Basherri Taldetik sortu ziren. Baserritar talde horretan, besteak beste, jakintza partekatzen dute, landareak elkarrekin erosten dituzte edota bertako haziak berreskuratzeko indarra egiten dute.

Basherri taldeko kidea  eta  Altxaporru Urretxuko eta Zumarragako kontsumo taldeko barazki ekoizlea da Gorka Sasieta, Itsasoko Urteaga baserrikoa. «Garai bakoitzean dauden produktuekin egutegiak egiten ditugu. Tarteka, kontsumitzaileei inkestak pasa dizkiegu kantitateen balorazioa egin dezaten edota gustatu zaiena zein gustukoa izan ez dutena zehaztu dezaten».

Urretxuko eta Zumarragako kontsumitzaileak «gustura» daudela dio Sasietak, eta «saskiaren bidez lehen ezagutzen ez zituzten produktuak ezagutzen ari dira; adibidez, txikoria eta arbia. Ikasteko modu bat ere bada».

Aparteko produktuak
Sasietak ekoizpen ekologikoa baserritik bizimodua ateratzeko bide gisa ikusi zuen: «Inbertsio handietan sartu gabe aterabide hori ikusi nuen». Inbertsiotik harago, agroekologian sinisten du. «Modu sinplean esanda, bertan kontsumitzeko bertan produzitu behar delakoan nago», dio Sasietak. Merkatu konbentzionaletik kanpo egoteko aukera, kontsumitzaileentzat osasungarria dela eta lurraren osasuna zaintzen duela dira ekoizpen ekologikoaren alde egiteko eman dituen beste arrazoietako batzuk.

Barazkiez gain, produktu gehiago banatzen dituzte kontsumo taldeen artean. Altxaporru taldean Olaberriako Aitor Aranburuk behi esne gazta eta jogurtak banatzen ditu, Urretxuko Agerre baserriko Iñaki Sasietak esnea eta Gorka Sasietak sagar zukua, sagardoa, fruta eta marmeladak ere bai. Sasietak, Aranbururekin batera, haragi ekologikoa kontsumitzaileen eskura jartzen du. «Daukagunean taldeari eskaintzen diogu».

Kontsumo taldeen dinamikak hasi baino ez dira egin, eta etorkizunean litekeena da kontsumitzaileak biderkatzea. Dagoeneko dauden kontsumitzaileak ez dira kontsumitzaile izan nahi duten bakarrak, itxaron zerrendak ere badaude. Edozein modutan, kontsumo taldeak zabaldu daitezen, ekoizleak ere gehitu behar dira. «Baserri asko dagoen arren, gutxi dira baserritik bizi diren familiak. Hala ere, poliki-poliki mugimendua zabaltzen ari da». Romanek zein Sasietak baserria bizimodua egin dute, eta Romanen hitzetan, bere «proiektua ez da baserrian bizitzea, baserritik bizitzea baizik». Biek baserritik bizi ahal den galdetuta, baiezko borobila eman dute.

Beasaingo eta Urretxuko zein Zumarragako taldeen blogak

Goierrin dauden zortzi kontsumo taldeetako bik bloga dute. Blog horien bitartez kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko hartu emanak indartzen dira, baita kontsumitzaileen parte hartzea ere.
Urretxuko eta Zumarragako taldearen blogaren helbidea altxaporrutaldea.blogspot.com da.

Udazkeneko produktuekin hasita dira, eta txikoriaren berri ematen dute; txikoria erabiltzeko errezetak ere eskura jarri dituzte. Beasaingo taldearena beasaingobasherritaldea.blogspot.com da, eta udako marmeladak egiteko modua zein den erakusten dute. Hori guztia, ikusi, ikasi eta sortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>