Idiazabal gaztaren ibilbidea, sei etapatan

ARTZAIN_TXABOLA_ZALDIBIANProposamen desberdina da aurkeztera gatozena: astebetean, sei etapatan, Idiazabalgo Gazta eta Goierri gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen duen ibilbidea egitea.

Idiazabal Gaztaren Ibilbidea edo  GR-283 osatutako ibilbidea.  Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak sustatutako eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak homologatutako ibilbidea da.

Idiazabal Gaztaren Ibilbidean  Idiazabal Gazta egiteko ziklo osoa, ardiak bazkatzeko Aralar eta Aizkorriko-Aratzeko parke naturalak, gaztaren erdigune diren Ordizia eta bere azoka, eta bere izena ematen dion Idiazabal bisitatuko ditugu. «Ezagutu itzazu Goierriko sekretu guztiak, mugitu zaitez Txindoki, Larrunarri edo Euskal Cervinoaren begiradapean, eta kirola eginez sekula bizi gabeko esperientzia gastronomiko, kultural eta paisajistikoaren jabe egingo zara», diote ibilbidearen sustatzaileek  aurkezpenean.

Webgune berezia sortu dute ibilbidearen informazio osoa emateko.  Ibilbide bakoitzaren zehaztasunak eta azalpenak emateaz gain, ostatuen berri ere ematen du.  Ibilbide zirkularra da.

Idiazabal Gaztaren Ibilbideak guztira 95,7 kilometro ditu eta sei etapaz osatzen da. 9,777 metroko desnibel metatua du, desnibel positiboa 4,920 metro da eta negatiboa 4,857.

Segura- Mirandaola
Meatzaritza eta burdingintza dira protagonistak etapa honetan. Zeraingo Aizpeako labeak, Burdinaren Mendiko meatzeetatik ateratako minerala lantzeko erabilitakoak, XX. mende hasierako ingeniaritzaren erakusgarriak.  Mutiloan ere meatzaritzaren arrastoak nonahi ageri bideakdira. Aztiriatik jaitsiko gara Legazpi aldera. Kondairak ezagun egin duen Mirandaolako burdinola historikoan.

Mirandaola-Arantzazu
Duela urte batzuk berritu eta martxan dagoen burdinola da Mirandaola. Urteko igande gehienetan, olagizonak lanean ikusteko aukera dago. Telleriarte auzoan, berriz, ibilbide honekin zerikusi zuzena duen museoa bisitatuko dugu: Artzaintzaren Ekomuseoa. Ibilbidean aurrera eginda,  Brinkola pasa eta Barrendiolako urtegia inguratuta, artzain-txabolak daude Jandoainen. Biozkornatik,  Mallatik eta Durutik pasata, Arantzazura iritsiko gara.

Arantzazu-Etxegarate
Arantzazutik Urbiako zelaietara igoko gara. Hango megalitoek eta txabolek adierazten dute aspalditik bizi izan dela gizakia han. Oltza ingurutik aurrera, San Adriango pasabidera iritsiko gara. Aizkorri aldez alde gurutzatzen du ibilbidearen lehenengo zatiak.  Añabasotik, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoaren mugara gerturatuko gara. Etxegarate dugu han gure zain, etaparen amaiera.

Etxegarate-Lizarrusti
Geure arbasoek makina bat aldiz egindako bidea da etapa hau. Ibilbdean zehar ikusiko ditugun megalito eta tumulu ugariak  dira horren lekuko. Hasieran, berehala ikusiko dugu Altzaniako pagadi ederra.  Gipuzkoa alde batean, Nafarroa bestean, gailur artean goaz. Alde guztietara begiratuta ere, ikusgarria da inguratzen gaituen paisaia.

Lizarrusti-Ordizia
Menditik hirira doan bidea, megalitoz betetako eremu karstiko batetik, artzainen ohiko ibilbidean.  Lareoko urtegiaren ikuspegiak gozatu eta artaldeak nonahi ikus ditzakegu, larreetan bazkatzen. Artzain txabolak ere ikus daitezke bidean; Oiduiko txabola esate baterako. Zaldibia zeharkatuta Ordiziara iritsiko gara.

Ordizia-Segura
Etapa osoan zaindaria eta erreferentea da Txindoki. Beasainen Igartzako monumentu-multzoan geldialdi bat egitea merezi du. Handik aurrera, belaze artean Olaberriara iritsiko gara. Txindoki talaia bada, Olaberria da Goierriko balkoia. Handik aurrera Idiazabala iritsiko gara, Ibilbideari eta Euskal Herriko gazta ezagunenari izena ematen dion herrira. Han daude Artzainen monumentua eta Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa. Ibilbidea itxiz, Seguran amaituko dugu azken etapa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>