«Nire ametsa musikari profesionala izatea eta orkestra baten jotzea da»

Lucia Otaegik (Zumarraga, 1992) bizitza erdia darama dagoeneko Zumarragako bandan. Musikenen ikasten ari da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, Euskal Herriko Gazte Orkestran eta Granadako Orkestran jo du.

Lucia_Otaegi_klarinete_jotFamilian musika zaleak al dira?
Amaren familian musika zaleak dira, baina ez maila honetan. Osabak txistua jotzen du.

Zein ikasketa egin dituzu?
Secundino Esnaola musika eskolan hasi nintzen eta 15 urterekin Donostiako Erdi Mailako Kontserbatoriora joan nintzen. Aurten gradua bukatzen ari naiz Musikenen.

Musikari profesionala izan nahi duzu, beraz.
Hemendik urte batzuetara nire lanbidea izatea nahi dut, baina zaila da. Oraingoz, ikasten jarraitu behar dut. Datorren ikasturtean musika interpretazio masterra egiteko asmoa dut.

Zein da zure ametsa?
Orkestra batean jotzea.

Aukeran, zein orkestratan jotzea gustatuko litzaizuke?
Egun, orkestra ingelesak gustatzen zaizkit bereziki. Oso gustu berezia dutela iruditzen zait. Gainera, musika tradizio handia dute eta Ingalaterrako irakasleak ditut.

Zein da zure konpositore kuttuna?
Hori ere, boladaren arabera. Bat aukeratzekotan, Brahms.

Eta gustuko obra?
Brahms beraren Klarinete boskotea.

Beti oso argi izan al duzu klarinetea jo nahi zenuela?
Hasieran zeharkako txirula jo nahi nuen, baina klarinetea entzun bezain laster, iritziz aldatu nuen.

Zein orkestratan jo duzu?
Azken bi urteetan, noizean behin, Euskadiko Orkestra Sinfonikotik deitzen didate. Euskal Herriko Gazte Orkestran ere jotzen dut. Eta Granadako Orkestrarekin jo nuen.

Granadakoarekin? Nolatan?
Nire irakasle bat klarinete bakarlaria da Granadako Orkestran eta bera ordezkatzeko eskatu zidan. Granadako auditorioan jo nuen.

Zenbat urte daramazu Zumarragako bandan?
11 urterekin hasi nintzen. Bizitza erdia daramat, beraz. Geroz eta gutxiago etortzen naiz, baina ahal dudan guztietan jotzen dut bandarekin.

Igandean emakumeek sortutako piezak jo behar dituzue.
Kontzertua berezia eta polita izango da. Jendeak asko gozatuko du, ziur.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>