Mende erdi eta aurrera

Loinatz_Txirrindulari_Elka(1)Loinatz Txirrindulari elkartea 1963an sortu zen, Beasain kirol elkartetik banatzeko erabakia hartu zuenean. Iñigo Aranguren elkarteko zuzendaritzako kideak gogora ekarri duenez, «garai hartan kirol ekintza gehiegi antolatzen ziren kirol elkartearen baitan, eta kudeatzeko konplexua bihurtu zen». Izan ere, txirrindularitza ez ezik, beste hainbat kirol modalitate ere hartzen zituen bere baitan garaiko kirol elkarteak.

Bidea modu autonomoan egiteko erabakia hartu zutenean, Loinatz txirrindulari elkartearen baitan bi ildo nagusi lantzea erabaki zuten, gaur egun oraindik indarrean jarraitzen dutenak. Hala, elkartearen egiteko nagusiak «lasterketak antolatzea eta txirrindulari berriak sortu eta txirrindularitza sustatzea» dira.

Lasterketa entzutetsuak
Urtean zehar bost txirrindulari proba antolatzen ditu, gutxienez, Loinatz txirrindulari elkarteak. Hala, «1989tik antolatzen da Gipuzkoako Eskolarteko proba» benjaminen, kimuen eta haurren mailetan. Baita, «1983tik kadete mailako Usurbe proba, 1951tik 23 urtez azpikoentzako Loinaz txirrindulari proba eta 1982tik Munduko txapelketa aurreko junior mailako Beasaingo proba ere bai». Proba guztien artean, urte gehien daramatzana elite eta 23 urtez azpikoentzako Loinatz Klasika da: «1926tik antolatzen dugu, 1937an eta 1938an izan ezik, gerra garaian debekatuta egon baitzen».

Loinatz_Txirrindulari_elkaAipatutako azken proba hau «Espainiako lasterketarik zaharrena» ere bada, eta horregatik, itzal handiko proba da txirrindularien artean. Bere historian zehar proba hau irabazi dutenen artean daude, «Aitor Perez Arrieta, Abraham Olano, Osa anaiak, Julian Gorospe, Pedro Ruiz Cabestany, Roberto Lezaun edo Txomin Perurena», besteak beste.

Baina ohiko bihurtu diren lasterketa horiez gainera, entzutetsuak izan diren beste hainbat ere antolatu dituzte elkartearen historia luzean. Batzuk aipatzearren, «1964an eta 66an Espainiako ziklokros txapelketa» antolatu zuten Beasainen, eta «1966an munduko ziklokros txapelketa» ere bai. 1975ean, «Espainiako Itzuliko etapa bat» eta Euskal Herriko Itzuliko zenbait etapa «1984an, 1985ean, 1988an eta 2013an». Zenbait urtetan kadeteen mailan «Gipuzkoako eta Euskadiko hainbat txapelketa» ere antolatu dituzte.

Txirrindulari ezagunak
Baina lasterketak antolatzeaz gain, txirrindulari berriak sortzea ere bada elkartearen helburu nagusietako bat, eta hori da «lanik zailena». Arangurenek dioenez, «lehen zaletasun gehiago zegoen» eta gaur egun «zaila da gazteak maila batetik aurrera txirrindularitzan jarraitu dezaten lortzea».

Gaur egun kadete mailako talde bakarra du Loinatzek. «Ordiziako txirrindulari elkartearekin hitzarmen bat sinatuta dugu, beraiek eramaten dituzte haur eta gazteen mailak eta guk kadeteena». Goierri osoko txirrindulariak daude Beasaingo taldean, aurten «13-14 bat txirrindulari guztira». Elkartean bertan aritutakoak dira egun ezagunak diren zenbait txirrindulari ere: «Jokin Mujika, Xabier Aldanondo, Roberto Lezaun, Juanma Garate, Iban Gutierrez, Purito Rodriguez, Alberto Contador, Izagirre anaiak edo Garikoitz Bravo», besteak beste.

Egun, kirol elkarte gastronomikoa ere bada Loinatz eta 84 bazkide ditu. Iaz 50. urteurrena bete zuten, eta ea beste 50 betetzeko moduan diren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>