Mendiak, amets egiteko

Imaz-Joseba-ona

Joseba Imaz Ganzarain
(Kazetaria)

Hiruok elkar besarkatu ginen unea oso berezia izan zen». Hitzok entzutean, errepidetik begiak kendu gabe banoa ere, autoaren bolanteari ongi helduta, imajinazioak beste bide batetik ihes egin dit. Irrati uhinek nire belarrietaraino dakarten elkarrizketak du errua. Himalayan izan berri diren hiru goierritar mendigoizalerekin solasean ari da kazetaria. Eta zera galdetu die: ea zer sentitu zuten tontorra zapaldu zuten momentuan. Irribarre alai batekin erantzun diote kirolariek, mikrofonoaren beste muturretik. Gailurreko ailegaeraren deskribapen zehatza egin eta bereziki azpimarratu dute elkarri emandako besarkada hunkigarria. «Oso berezia izan zen», bat etorri dira.

Oier Plazaola eta Xabier Urrate urretxuarrez gain, Pedro Garcia ordiziarra dira irratian elkarrizketatuak. Urriaren 2an zapaldu zuten Himalayako Cho Oyuko tontorra (8.201 metro), munduko gailurrik altuenen zerrendako seigarrena. Ez da makala lortu dutena, inondik ere (Zorionak!). Gainera, igoerarekin nahiz elkarrekin egindako lanarekin gozatu ederra hartu omen dute hiru mendigoizaleek. Hiru lagunek Nepalen izandako bizipenei adi nagoen bitartean, hainbatetan nire buruari egindako itauna berritu du irratiko esatariak. Zer sentitzen du mendigoizaleak halako tontor batera iristen denean?

Solasaldiarekin bat egin eta galdera bota diet nik ere, nire kolkorako. Zerk bultzatzen gaitu gizon-emakumeok mendira, kasu batzuetan gure buruaren eta naturaren mugetaraino? Baliteke erantzun argirik ez izatea, edota, zergatik ez, mendizale haina arrazoi existitzea.

Distantzia handia da, ez baita gauza bera Himalayako tontor bat egitera doan goi-mailako kirolariaren jarduna eta igandeak Aralarreko zelaietan gora eta behera pasatzen dituen ibiltari nekaezinaren afizioa. Baina gauza bat gutxienez partekatzen dute biek; mendian sentitzen duten plazera, arnasa, libertatea. Agian sentipen horien egarriz joaten garelako mendira, naturaren erdian egindako jarduera fisikoak areagotzen dituen sentsazioen bila, alegia.

Arriskuak ere hartzen ditu kirol zaletasun hori goi mailaraino eramaten duen horrek. Batzuetan zauriak jasateraino eta, beste batzuetan, tamalez, bizia galtzeraino. Pedro Garcia berari galde diezaiotela bestela. Zaragozako ospitalean aste batzuk pasa beharko baititu Pedrok, jada Nepaletik bueltan, oinetako behatzetan koska egin baitio izotzak, Cho Oyuko maldetan behera zetozela.

Irratiak eman dit, baita ere, Nepalen jazo den gertaera triste baten berri. Herrialdeko trekking zirkuitu ezagun eta ederrenetako batean –ibilbide jendetsuenetako bat ere bada–, elur-jasak bete-betean harrapatu ditu makina bat ibiltari. Datu zehatzak jakitea zaila den arren, badirudi 40 lagunetik gora hil direla. 400 lagun inguru jaitsi dituzte menditik, batzuk zauri larriekin. Gehienak mendizale edo senderista arruntak, Himalayako mendien artean ibilaldi bat egiteko ametsa betetzen ari zirenak. Beste asko, berriz, turistekin zihoazen gida eta zamaketari nepaldarrak.

Halakoren bat gertatzeko arriskuaz jabetuta ere, mendizaleak ibiltzea du maite, bide berriak zapaldu eta zeharkatzea. Paraje eta kultura berriak ezagutzea. Hala dio Himalayan izan den orok: halako menditzarrak parean izateak bihotza geratu egiten du, ahoa zabalik orduak eta orduak pasatzera iristeraino, tontor zuriei so. Hori ere gertatzen zaigu, sarritan, Pirinioetan gabiltzala. Eta, baita ere, Murumendira igo eta inguruan dugun lurralde ederrari begira geratzen garenean.

Norbere mugak esploratzea, kirola egitearen beraren plazera, izarretatik gertuago sentitzea, mendiko kideen arteko giro ederra, askatasuna… Arrazoiak arrazoi, gizon-emakumeok mendi  tontorrei begira jarraituko dugu etorkizunean ere. Eta Pedro, Oier eta Xabier bezalako mendigoizaleek, beren balentriekin, gainontzeko mendizale apaloi amets egiten jarraitzeko parada eskainiko digute. Amets egitea bera gauza ederra baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>