Ohikotasuna versus normaltasuna

Joxe Begiristain(Euskara teknikaria)

Joxe Begiristain
(Euskara teknikaria)

Urte berriaren bigarren astean gara dagoeneko. «Normaltasuna» iritsi da. Ala ohikotasuna da berriz ere lege? Joan zaizkigu usadioak aginduz egindako gehiegizko otorduak, oroitzapenez betetako Gabon kanten doinuak, jaiotza eta arboletako argien dirdirak, gauean garaiz oheratzeko edo goizean goiz jaikitzeko presarik eza… Hori guztia, noski, lanera joateko ditxa edo eskolara itzultzeko aukera duenari gertatu zaio. Horrek beharko luke ohikotasuna; horrek, normaltasuna.

Baina azken hamabostaldian, Gabon gautik hasi eta Errege egunera bitarteko aldi berezian ere (tartean urte zaharretik berrirako aldaketan) bada ohikotasunetik eta normaltasunetik, zorionez. Ohikoa bezain normala da egun hauek pozik igarotzen dituen jendea aurkitzea eta, aldiz, egun horiexek berak gorroto dituena ere, guztiak elkarren ondoan. Bi egoera horiek, gurean oso ohikoak izan ez diren eta normaletik gutxiago duten bestelako ezaugarriak ere izan dituzte pasa diren Eguberri jaietan, nola batzuentzat, hala besteentzat: jantzi zuri-gorridun Bizarzuri gero eta presenteago dago gure artean, adibidez, Olentzeroren sexuak nolakoa behar duen edo sexurik behar duenik ere eztabaida hasi besterik egin ez dugunean. Bestalde, urtebetez bakean utziko gaituen Bizarzuriren lekua Podemos alderdi berriak hartuko omen du, baita gure artean ere.

Jabetu al zarete horren txoko txikia den gure Goierri honetan etxetik ateratzerako zenbat erabaki hartu behar ditugun egunero-egunero? Umeak Ikastolara ala Eskola Publikora, enkarguak herriko dendetan ala hipermerkatuetan, zientziak ala letrak, zein sindikatutan afiliatu, boto politikoa zeini… Izan ere, oraindik badira gure inguruan umeak sortzen eta hazten ari direnak, ikasketak egitera doazen gazteak, lana eginez bizi denik, herri hau maite duenez herritarrentzat bizimodurik onena opa duenik.

Hori guzti-guztia euskaraz bizi nahi duenik ere bada, ordea. Eta hor sortzen zaigu (horrek sortu behar luke, hobeto esanda) gure arteko talkarik handiena. Alegia, posible al dugu euskararik gabe bizi nahi dutenekin euskaraz bizitzea? Familiaren eta eskolaren transmisioaren bidez euskara ikasi bai, baina erabili nahi ez duten gure ondorengo asko ditugu. Gaztelaniaz bizi dira normaltasun osoz. Euskaraz bizitzea nahi dugunona bezain erabaki errespetagarria hartuz, sobra ere.

«Jabetu al zarete horren txoko txikia den Goierri honetan zenbat erabaki hartu behar ditugun egunero?»

Beraz, Euskal Herrian euskararik gabe bizitzea erabaki duenak bezalaxe erabakiko du beste edozeinek Bizarzuri bere egitea, Podemos aukeratzea… Zer esango dizuet nik?

Kezkatu egiten nau Bizarzuri aukeratzeak; kezkatu egiten nau Olentzero gizonezkoa baizik ezin daitekeela izan uste duenik egoteak… Neurri berean kezkatzen nau, ordea, Podemos ere Ahal dugu ez izateak, alegia, lehengoak ala gerokoak izan herri honetan erabakiak hartzeko ahalmena izan/izango dutenak, inork ez sinisteak Euskal Herria euskalduna izan litekeenik.

Zirikatzaile arituko naiz leiho honetatik. Inor apropos mintzeko inongo intentziorik gabe, noski. Ez nator inorekin tekela bila, alderantziz, bada hamaika tekela oraindik gure artean, ohikoak izateagatik normaltzat ditugunak. Eta ez bereziki, euskara-kontuetan bakarrik…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>