«Haurra nintzenean, motxilan eramaten ninduten eskiatzera»

Oier Ibergallartu (Beasain, 1999) oso umetan hasi zen eskiatzen. Club Vasco de Camping taldearekin aritzen da eta dagoeneko garaipen garrantzitsuak lortu ditu.

Oier_Ibergallartu_eskiatzaNolatan hasi zinen iraupen eskia egiten?
2-3 urterekin hasi nintzen. Lehenago, gurasoek motxilan eramaten ninduten. Anaia ere oso zalea da. Triatloia ere egiten du. Aitak oraindik eskiatzen du, baina amak dagoeneko ez hainbeste.

Goierrin iraupen eskiak ez du beste toki batzuetan bezainbeste jarraitzaile.
Hala da. Tolosan, adibidez, beti egon da tradizio handia. Ni amaren eta aitaren eraginez hasi nintzen eta lehiatzen hasi nintzenean asko motibatu nintzen.

Zein talderekin aritzen zara?
Club Vasco de Camping taldearekin aritzen naiz. Oso gustura nago beraiekin. Taldekook elkarrekin joaten gara entrenatzera. Entrenatzaile bat ere badugu.

Nola entrenatzen duzu?
Udan bizikletan ibiltzen naiz eta korrika egiten dut. Urtean zehar, berriz, gimnasiora eta igerilekura joaten naiz. Asteburutan lehiaketak izaten ditugu. Gehienak Somporten (Aragoi) eta Baqueiran (Herrialde Katalanak) izaten dira. Iraupen luzeko probak 15 bat kilometrokoak dira eta besteak 5 eta 7,5 artekoak. Iraupen luzekoetan hobeto moldatzen naiz.

Zeintzuk dira orain arte lortu dituzun garaipen garrantzitsuenak?
Aurten, Espainiako iraupen luzeko txapelketan bigarren egin dut. Bestalde, Espainiako kopako proba batzuk irabazi ditut. Arerio gogorrenak kataluniarrak dira.

Nola ikusten duzu zure burua?
Asko hobetu behar dut oraindik. Gogor entrenatzen dut horretarako.

Zer diote lagunek?
Lagun batzuei ere eskiatzea gustatzen zaie, baina eski alpinoa egiten dute. Eurekin joateko esaten didate. Niri ere gustatzen zait eski alpinoa, baina lasterketetan parte hartzea eta sufritzea gehiago atsegin dut. Ez naute konbentzitzen, baina nik beraiek ere ez.

Eta gurasoek, zer diote?
Gurasoak ere oso pozik daude. Escarrillan (Aragoi, Estatu espainiarra) etxea dugu eta bertara joaten gara entrenatzera. Bestalde, 4. DBH egiten ari naiz Beasaingo Txindoki institutuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>