Zer da, ba, maitasuna?

Antxiñe MendizabalZer da, ba, maitasuna? Miren Agur Meabek idatzi eta Conceta Probanzak ilustratutako eleberriaren izenburua da eta baita testu hau idaztera bultzatu nauen galdera. Bikote arteko harremanaz ari natzaizue, beste maitasun mota batzuk alboratu gabe.

Mari Luz Esteban antropologoari irakurri diot azkenekoz maitasunari buruzko definizio bat Maitasun pentsamenduari kritika liburuan, non egileak maitasunak gizartearengan eta gizakiengan duen eragina aztertzen duen. Maitasunaz dio komunikatzeko modu berezi bat dela, elkarrekikotasun hutsa gainditzeko gauza izanik, lau aldagai dituena: idealizazioa, erotismoa, iraunkortasun desioa eta intimitatea. Aitortuko dut Estebanek berak idatzitako Amaren heriotzak libreago egin ninduen izeneko poesia liburuko hainbat poema argigarriagoak iruditu zaizkidala maitasuna hitzen bidez antzemateko.

Edozein modutan, feminismoak eginiko ekarpen garrantzizkoenetako bat izan da agerian uztea, maitasuna esperientzia unibertsala izanik ere, ezberdin maite dugula genero nahiz klase sozial batekoa izan, herri zein kultura batean bizi, eta baita adin batekoa edo bestekoa izan; alegia, ez zela berdin maite Erdi Aroan eta XXI. mendean, Europan eta Txinan, nerabezaroan eta zahartzaroan, eta gizonezkoek eta emakumezkoek ere ez dugula berdin maite.

Aipaturiko saiakeran Estebanek emakumeen bizitzetan maitasuna ardatz eta erdigune izatea kritikatzen du. Horrenbestez, maitasuna gure bizitzen erdigunetik kentzea proposatzen digu, gure identitatea nahitaez eraldatzeko asmotan. Nik ez dut bereziki gure identitatea eraldatzeko beharrik ikusten, are gutxiago gure bizitzetatik maitasuna alboratzekorik; aitzitik, uste dut maitasuna norbere burua eta mundua ulertzeko, eta ahal bada eraldatzeko, tresna ezin hobea dela.

Mapa hori deszifratzen hasteko, Marcela Lagarde ikerlari mexikarrak proposaturiko ariketa egitearen aldekoa naiz ni: norberak bere maitasun biografia egitea, lan curriculum bat osatuko lukeen hoztasun berberaz, antzemateko eta argitzeko gure bizitzan funtsezkoak izan diren maitasun istorioak. Horretarako, geure buruari galdetu behar diogu zeintzuk izan diren gure bizitza baldintzatu duten maitasun gertaerak haurtzarotik hasita; zein maitasun istoriok jarri gaituzten bidegurutze zailen batean; zeintzuk eragin dituen eginbeharrak, nahiak baino gehiago; zeintzuk utzi ditugun bidean beldurragatik; emakumezko izateak zein maitasun bizipen ezarri dizkigun, hau da, zergatik pentsatu genuen adin jakin batean mutil-laguna izan behar genuela, zergatik elkartu ginen gizonezko batekin, zergatik erabaki genuen seme-alabak munduratzea; bukatzeko, geure buruari galde diezaiokegu maitasun istorio debekaturik bizitzera ausartu garen.

Egungo emakumeen maitasun biografia gehienek arau-hausteren baten marka dute, disidentziarena. Eta, halere, emakume modernoak izanik, gure maitasun mitoek tradizionalak izaten jarraitzen dute. Kontraesan horretan bizitzera eraman gaituzte emakumeon burujabetzaren aldeko borrokak batetik, eta gure irudimena osatu duten maitasun istorioen iruditeriak eta gure morala osatu duten arauek bestetik. Alegia, maitasun betebehar tradizionalak ditugu, eta aldi berean maitasun eginbehar modernoak sentitzen ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>