Segura eta Zaldibia, Goierriko gazteenak

Segurako gazte talde bat, Zurbano kalean. 15 eta 34 urte arteko biztanle gehien dituen Gipuzkoako herria da Segura. / Asier Zaldua

Segurako gazte talde bat, Zurbano kalean. 15 eta 34 urte arteko biztanle gehien dituen Gipuzkoako herria da Segura. / Asier Zaldua

Gaindegiak gipuzkoakodatuak.net webgunean jasotako datuen arabera, Goierriko bi herri Gipuzkoako gazteenen artean daude. 15 eta 34 urte arteko biztanle gehien dituen herria Segura da, %23,31rekin. Bigarrena Berrobi da (%23,06) eta hirugarrena Zaldibia (%22,66). Beasainen gazte portzentajea %21,47koa da eta Zumarragan %19,11koa. Ordizian eta Lazkaon %22ren bueltan dabiltza eta Legazpin eta Urretxun ez dira %20ra iristen.

Segurako eta Zaldibiako alkateek bazekiten beraien herrietan gazte asko zeudela, baina ez Gipuzkoako zerrendaren buruan zeudela. Albisteak asko poztu ditu biak.

Eluska Gerriko Segurako alkateak berea bezalako herriak gaztetzea «pozgarria» dela esan du. «Etorkizunera begira, segurtasuna ematen digu. Gure eginbeharra gazteei etxebizitzak eta zerbitzuak eskaintzea da, herrian gelditu daitezen».

Bere ustez, azken hamarkadetan herrian zerbitzuak eskaintzeko ahalegina egin dute eta horri esker gazteek herritik alde egiteari utzi diote. «Gurea bezalako herriak ondo prestatu behar ditugu. Autobusa, dendak, zerbitzuak… eskaini behar ditugu jendea herrian gera dadin. Dagoeneko, notarioa, harategia, arrandegia, eskola… ditugu. Duela urte batzuk 1.300 ginen eta egun ia 1.500».

Joxan Etxabe Zaldibiako alkatea ere gustura ageri da. «Banekien gazte asko ditugula eta oso aktiboak direla, baina ez Gipuzkoan gazte gehien dituzten herrien artean gaudela. Oso albiste pozgarria da, gazteen eskutik etorriko baita iraultza. Herriko gazteez oso harro nago, herriko ekintza guztietan parte hartzen baitute».

Zaldibian ere gazteek bertan gelditzeko hautua egin dutela azpimarratu du. «Eskualdean enpresa indartsuak ditugu eta horri esker gazteek eskualdean lan egin dezakete eta herrian bertan bizi daitezke. Donostian lan egingo balute, beharbada ondoko herrietara joango lirateke bizitzera».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>