Esan gabe doana edo anbiguitatearen xarma

Antxiñe MendizabalBetidanik gustatu izan zait estetika androgenoa, hau da, sexuaren anbiguotasunarekin jolastuz, eredu maskulinoa eta femeninoa nahasten dituena. Marlene Dietrichek smoking-a jantzita eta zigarreta eskuan duela baino sofistikazio eta sex-appeal handiagorik emakume eta gizonezko gutxik erakutsi dute nire gusturako.

Modaren munduan, esate baterako, 80ko hamarkadatik hona gauzak asko aldatu dira eta ordura arte nagusi ziren emakumezko titi handiak, gerri meheak eta mokor zabalak biribiltasunik gabeko aurpegiera hezurtsu eta markatuak dituzten emakume mokor estu, bular txiki eta bizkar zabalek ordezkatu dituzte. Horren adibideetako bat da Iris Strubegger modelo austriarra. Gizonezko eredua ere aldatu egin da eta gizonkote gihartsuak baztertuz, mutil gazte bizargabe, argal eta flako antzekoak ikusten ditugu gero eta gehiago pasareletan desfilatzen.

Joera horri jarraituz sortu zen unisex arropa. XX. mendeko lehenengo hamarkadetan Coco Chanel diseinatzaile frantsesa izan zen moda berriaren aitzindari. Berak diseinatu zituen emakumezkoentzako lehenengo trajeak, smokingak, galtza sastreak eta elastiko estuak, emakumezko arroparen patroiak hautsiz. Bide berari jarraitu zioten Yves Saint Laurent edo Armani diseinatzaileek.

Aurreko Goiberriko alean Josebe Iturriotz transfeminista polifazetikoak Drag King ikastaroak gidatzen dituela jakin dut, «emakume diagnostikatutako gorputzei» gizon izatearen esperientzia biziarazteko. Horretarako, genero ikuspegiari buruzko hainbat oinarri teoriko eman ondoren, parte-hartzaileei gizon itxura hartzen laguntzen diete bizarra margotu, bularrak ezkutatu eta hankartean zakila jarriz. Nonbait, itxura aldaketak berez dakar jarrera aldaketa. Jarraian, gizon jantzita, kalera irteten dira ezberdin ibili, ezberdin jan, ezberdin begiratu eta ezberdin ligatzeko. Diotenez, gizon baten larruan jartzea esperientzia dibertigarria eta argigarria da.

Argazkietan ikusi dudanaren arabera, kate luze batzuk astintzen dituzten beltzez jantzitako gangster edo polizia handiputz itxura hartzen dute. Nonbait, hori da gizonezkoaren irudikapenik adierazgarriena. Ez dakit gizonezkoek argazki horietan euren burua irudikatuta ikusiko duten. Gurean horrelako portaerei gizonkeri esaten zaie, eta ez du zerikusirik gizon portatzearekin. Albistea irakurrita, hasiera batean pentsatu nuen, jakin-min hutsez, gustatuko litzaidakeela horrelako esperientzia bat izatea, jolas moduan, besterik ez bada ere. Eta jarraian bururatu zitzaidan, indarkeriaz jokatzeko nik ez dudala inolako itxura aldaketarik edo mozorroren beharrik. Nik behintzat, nahi dudanean, badakit gogorra, bortitza, gupidagabea izaten, badakit indarra erabiltzen; hainbat egoeraren aurrean naturatik jaso dugun senari bide ematen utzita ez da zaila. Tarteka, gainera, uste dut ez dela txarra agerian uztea, naturatik horrenbeste ez garela aldendu gogoratzeko.

Halere, uste dut aberasgarriagoa dela gizaki guztiok barruan daramatzagun gizon eta emakumea uztartzen saiatzea eta, gure gabezietatik abiatua, osagarriak bilatzea. Anbiguitateak ematen du horretarako aukera eta, bide batez, sexu jokoetan rolak biderkatzeko.

Gizon portatzea eta gizonkeriak ez dira gauza bera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>