«Hemen oso berantiarra izan da modernitatetik posmodernitatera jauzia»

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gizarteko kazetaritza egitetik, gizartearen kazetaritza egitera igaro da Idurre Eskisabel (Beasain, 1970). Kazetaritzatik antropologiara igaro zen. Unibertsitateko irakaslea da orain.

Kazetaritza irakasle zara unibertsitatean, Bilbon. Gaur ofizio hori nola irakasten da?
Kazetaritza lanaren funtsak izan behar du besteei mundua, errealitatea edo konpartitzen dugun zoru komuna ahalik eta ondoen ezagutzeko tresnak ematea. Errealitate esaten diogun horrek lehen unean begien aurrean jartzen diguna zalantzan jartzea oso garrantzitsua da. Transmititzen saiatzen naizen ziurtasun minimoa zera da: begirada kritikoa, zalantzati — zentzu onean— izatea, jakin-minez eta besteenganako irekitasunez jardutea.

Kazetariak nola aritu behar du?
Objektibotasuna existitzen ez dela onartuta ere —gutako bakoitzak begi batzuk, adimen bat, sentipen eta bizipen batzuk ditugu, eta horrek motxila bat eragiten digu—, zintzotasuna. Jakinda ere beti eta etengabe posizionatzen garela, posizionamendu horretatik zintzotasunez aritu behar du, bai norberarekiko, bai besteekiko.

‘Euskaldunon Egunkaria’-n eta ‘Berria’-n aritua. Antropologian murgildu zinen gero. Unibertsitate irakaslea orain. Nola definitzen duzu zeure burua?
Nolabait esatearren, ikasten esango nuke. Eta iraun diezagula ikasketak. Aurreko astean egin ditut 46, eta ia 50era begira jartzen zara. Gaur egungo jendartean zerbait baldin bada zaila, zahartzea da hori. Eta onartzea zahartzen ari garela. Nire ama nire adinean irudikatzen dudanean, jada andre heldu bat bezala eta munduan posizio batekin irudikatzen dut. Ni konturatzen naiz, eta adinkide gehienak berdintsu ikusten ditut, bizitzaren fase horretan ezin posizionatuta.

Ezinagatik ala hala nahita?
Esango nuke nahiko soziala dela. Honekin buruari buelta asko ari naiz ematen. Bizitzako ibilbidean badaude mugarri batzuk, eta mekanismo batzuk hasten dira martxan. Autoerrekonozimendua, ziur aski, gazteagoarena da. Gure jendarteak, gaur egun, gaztetasuna asko preziatzen eta primatzen du. Zerbait faltsutik ere badauka, zenbait gauza onartze ezetik. Zahartzaro horretan sartzeko prestatu behar dudala sentitzen dut. Baina, era berean, gaztetasun mota bat aldarrikatzen dut: ilusioa ez galtzea, jakin-mina ez galtzea, ume izaten segitzea; egunero, harrituko zaituen zerbait topatuko duzula pentsatuz jaikitzea. Ikasten segitzea, zentzu horretan.

Ikastea da, beraz, gaztetasunaren edabea?
Bai. Harridurarako gaitasuna edukitzea. Oraindik gehiago: inozentzia asko aldarrikatzen dut. Inoxente izatea munduaren aurrean, dena ez jakinda edukitzea, baita xalotasun puntu batekin ere.

Horri lotuta, tesia bukatzen ari zara.
Luzatzen ari da prozesua. Beste tankera bat eman diot, komunikaziora hurbiltzeko premia izan nuelako, lanagatik. Antropologian hasi nuen, euskal izendegiaren ingurutik abiatuta, abertzaletasunak edo euskal irudikapenak egin dituen genero estereotipoak aztertzen; nolako gizon eta emakume ereduak, nolako gizon eta emakume sozialak sortu dituen. Goenkale saileko errepresentazioetan euskal izate hori nola irudikatu den ikertuko dut.

Izenetatik abiatu, baina izanak kezkatzen zaitu, beraz?
Izenak aitzakia ziren, izatea aztertzeko. Azken 50 urteetan Euskal Izendegiak gure izen sistema goitik behera aldatu du: izen berri piloa sortu dira, eta izenak identitate sozialen metaforak dira. Hortik abiatuta, zer metafora egiten ari ote garen arakatzea da asmoa.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA«80-90etako gure pentsamendua oso dogmatikoa zen, garai ideologizatu erlijiosotik etorria»

«Feminismoaren ekarpena da kategorizazioak erabat hankaz gora jarri izana»

«Izen berri piloa sortu dira. Izenak identitate sozialaren metaforak dira»

«Beasaingo gazteontzat, 1987an, Bilbora joatea aldaketa handia zen»

Kazetaritzatik antropologiara zerk bultzatuta igaro zinen?
Oso ildo beretsukoak dira. 2001ean hasi nintzen Antropologia ikasten; bere garaian Kazetaritza ikasi nuen. 18 urterekin, 1987-88an, Beasaingo gazteontzako Bilbora joatea aldaketa handia zen; kasik beste mundu batera joatea bezala. Orduan arlo teoriko-akademikoan baino askoz gauza gehiago eta interesgarriagoak topatu genituen fakultatetik kanpo.
Gero Egunkaria-n hasi nintzen, hirugarren karrera urtean. Baina beti baneukan formazio teorikoago baten premia. Kazetaritzan ere askotan nire burua kokatzerakoan faltan sumatzen nuen tresna zorrotzago batzuk edukitzea, hobeto arakatu ahal izateko. Horren bila hasi nintzen Antropologia ikasten. Oso aurkikuntza ederra izan zen, espero baino gehiago ase ninduen.

Beste arlo batzuk aztertzeko atea ireki zizun?
Antropologiak eraman ninduen, esate baterako, feminismoan neuzkan ziurtasun, intuizio eta jakintza batzuen arteko nahasketari zoru teoriko bat jartzera.

Bat datoz aurretik intuitzen zenuen hura eta gero teorikoki ziurtatu ahal izan duzuna?
Denetik dago. Gure joera izaten da, autore bat irakurrita edo zerbait oso argigarria jasotakoan, ordu arte ibili dituzun pentsamenduekin uztartzea. Nik uste dut baietz, bat datozela.

Eskemak puskatu beharra daukagu pentsatzen dugun gauza askotan?
Niri eskema apurketa bat baino gehiago gertatu zaizkit. Egia da 1980-90etako gure pentsamendua oso dogmatikoa zela, garai eta gizarte oso ideologizatu eta erlijiosotik gentozen, ziurtasun handikotik. Orduan, niretzat eskemak haustea izan zen. Gainera, jendartean ere hori asko gertatu izanarekin kointziditu du. Hemen modernitatetik posmodernitaterako aldaketa oso berantiarra izan da. Gatazkarekin-eta eduki ditugun saltsa guztiengatik, oso pentsamendu irmoko inguruak bizi izan ditugu. Orain sortu zaidan zalantza da Antropologian hasi ez banintz ere, izan dugun bilakaerak horretara eramango nindukeen edo ez. Ziur aski, lagundu dit eskemak apurtzen, baita oinarrizkoenak ere.

Feminismokoak ere bai?
Alde horretatik, feminismoaren izugarrizko ekarpena da kategoria epistemologikoak jartzen dituela zalantzan. Sexu genero sistemaren gainean egiten duen irakurketan, esate baterako, binalismoa bera apurtzen du: gizona zer den, emakumea zer den, generoa zer, sexua… Hain barneratuta ditugun kategorizazio horiek, gure jakintzaren eta pentsamenduaren oinarri direnak hankaz gora jartzeak, beste gauza batzuk ere iraultzera eramaten zaitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>