«Bertsolaritza hitzekin jolasteko eta ideiak bestela kanporatzeko era bat da»

Ane_BelokiAne Belokik (Legazpi, 1999) Lakiolako erromerian bota zituen jendaurrean lehenengo koplak. Haurra zenetik bertsolaritzara lotuta egon da familian errotutako zaletasuna baita. Orain bertsolaria da plazan, gai-jartzailea izan da oholtzan eta bertso eskolak ere ematen ditu Legazpin zein Beasainen. Batxilergoko bigarren ikasturtean dago.

Zenbat Beloki zarete Legazpin?
Guztiak gure senideak dira. Aitona Bidaniatik etorri zen anaiekin eta Legazpin osatu zuen familia. Aitona, Patxi Beloki, bertsolaria izan zen, Lazkao Txikirekin ere kantatu zuen. Aitak ere badu bertsolari sena eta transmititu dit. Senideek diotenez gurea odolekoa da.

Zer dauka bada bertsoak?
Hitzekin jolasteko modu bat da. Zure ideiak bestela kanporatzeko era bat da. Ez dakit zehazki zer daukan, baina betidanik gustatu izan zait. Ikasteko ere erabiltzen ditut bertsoak.

Nola?
Geografian, esate baterako, Espainiako errekak ikasteko bertsoak egiten ditut eta errimekin ez zaizkit ibaien izenak ahazten. Edota Europar Batasunera herrialdeak zein hurrenkeran sartu ziren ikasteko ere erabili ditut bertsoak. Ez dakit, errimak egiten baditut errazago sartzen zaizkit buruan.

Gai-jartzaile aritu zinen lehenengoz Legazpiko udazkeneko bertso jaialdian. Nola joan zen?
Hasieran urduri egon nintzen, baina bertsolariekin afaldu nuen eta lasaitasuna eman zidaten. Jaialdia amaitu zenean ongi aritu nintzela esan zidaten, kalean ere esan didate eta eskertzekoa da. Ingurukoek akaso gehiegi agindu nuela esan zidaten [barreak]. Gustura geratu nintzen, nahiz eta ikasteko asko daukadan.

Eskolak ere ematen dituzu.
Aurten hasi naiz. Bertso ikasle eta irakasle naiz aldi berean. Legazpin eta Beasainen ari naiz. Ez da erraza, hasieran ez dakizu nondik heldu, baina niri erakutsi zidaten bezala irakasten saiatzen naiz. Prestakuntza ere jasotzen dugu.

Datorren ikasturtean unibertsitatera…
Bai, Euskal Filologia ikasiko dut Gasteizen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>