Asier Iriondo eta Aitor Calvillo

Asier Iriondo

Youtuberrek GoiBerri irakurtzen dute? Kafesnea ezkerrean, napolitana eskuinean eta Hitza erdian dutela gosaldu dute inoiz? Ez dakit youtuberren mundua edo unibertsoa edo galaxia edo dena delako hori kokatzen. Mugaz bestaldeko biztanle sentitzen ditut. Youtuber baten izena emateko eskatuko balidate, Aiorarena baino ez nuke jakingo erantzuten, eta orain aste gutxi izan dut bere berri.

Duela zenbait gizaldi, posta elektronikoa erabiltzen ikasi nuen eta pentsatu nuen, tira, barruan nintzela. Gaur, baina, ikusten ditut Game Erauntsiak Argia saria jasotzen, ikusten ditut aparteko APP-ez betetako mugikorrak,  Rocket League txapelketak… Kanpo nago, erabat.

80ko hamarkadan euskalgintzak herri aldizkariak egiten ikasi zuen. Eta, esango nuke, trebetasun dezentekoa lortu ere lortu zuela. Herri aldizkari haietako asko webgune ere badira gaur egun.  Olatua etorri ahala, hartzen asmatu da zenbaitetan. Lehen, olatu batetik bestera tartea izaten zen. Orain, ordea, uhinetik uhinera ia ez da pentsatzeko ere tarterik, eta batzuk oharkabean ere joaten zaizkigu. Niri behintzat bai.

Youtuberrak hor nonbait dira, etorri-joan dabiltzan asteroide horietako batean eta, gutxi barru, desagertu beharko lukete. Hori gertatu aurretik, Aitor, youtuberren jarratzaileen belaunaldiko guraso, mundu, unibertso, Iriondo-Calvillogalaxia horri buruzko pistaren batzuk emango dizkidazu? Pixka batean, barruan segi nahiko nuke.

Aitor Calvillo

Bada sentitzen dut Axier, ni ere jokoz kanpo harrapatu nauzu kontu hauetan. Eta ez pentsa, galdetu dut nire inguruan ea inork youtuberrik ezagutzen duen inor ezagutzen duen inguruan. Eta erantzuna baiezkoa izan arren ere, gehienek Agate Deunaren pareko jarri dizkidate fauna horretako kideak. Facebook, messenger… horietara arte iristen naiz ni, baina gehienetan horixe, iritsi bai baina askotan berandu! Eta ze demonio! Paperaren kulturakoak gara gu! Ba al da munduan plazer handiagorik goizean jaiki, Berria jada eskuetan eta komunetik buelta egitea bezalakorik? Eta bai, bai, ezagutzen dut jendea segapotoa hartu eta komunean orduak eta orduak pasatzen dituena.  Baina, niretzat behintzat,  ez da berdin!

Tira, hala ere XXI. mendean ezinbestean jakin beharreko kontuak jarri dizkidazu mahai gainean eta zer pentsa ere eman dit horrek. To, ez diat ba oraintxe irakurri egun ogirik merkeena APP baten bidez eskuratu dezakegula? Eta ez ogia bakarrik, baita beste  edozein jaki ere! Aipatuko ez dudan enpresaren aplikazioa eskuko telefonora jaitsi, horrekin bat eginda dagoen supermerkatu batera joan, eta ordaintzerako garaian deskontuak. Kutxazain automatikoa hurreratu eta momentuan eskura aplikazioa erabiltzeagatik aurreratutako dirua. Jada ez dakit nora iritsiko garen!

Amaitzeko, euskararen normalizazioa eta orain arteko kontu hauek tarteko, ezin aipatu gabe utzi egun merkatuan makina bat aplikazio baditugula sakelakoetara jaisteko moduan, euskaraz bai horixe! GPS, hiztegi, itzultzaile… Bilatzaile batean begiratu eta baietz sorpresa bat baino gehiagorekin topo egin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>