Aitor Calvillo eta Asier Iriondo

Aitor Calvillo

Zaleen arteko borrokak onartu nahi, Asier? Bada, horixe egiteko prest dagoenik ba omen da munduan. Ez dakit dagoeneko publizitatea egiteko izango den ala ez, baina Munduko Futbol Txapelketa hemendik urte eta erdira jokatuko da Errusian eta kalean bolo-bolo dabilen gaia da hau. Noan harira: Errusiar Parlamentuko presidenteorde Igor Lebedev-ek jakinarazi duenez, «zaleen amorrua bideratzeko modurik egokiena da hau, euren artean elkarri joka ibiltzea baimenduz». Adibidea ere jarri du, gainera: «Pentsa Ingalaterratik hooligans-ak iritsi eta liskarrak hasten direla. Gure aldetik erronka onartu eta onena borrokarako hitzordua jartzea izango litzateke. 20 zale beste hainbesteren aurka eta armarik gabe. Horixe bai kirola eta ikuskizuna».

Jakina da errusiar zaleen portaera ez zela egokiena izan joaneko Munduko Futbol Txapelketan (Frantzia). Eta akaso, berriro horrelakoak gerta daitezkeelakoan, arautu egin nahiko du. Ez dakit, baina albistea behintzat oso deigarri egin zait niri. Baina hobeto pentsatuta, zer demonio, ez al dugu bada errugbi jokoan horrelakorik ikusi jokalarien euren artean? Bi taldeetako jokalari bana elkarri joka eta epailea begira. Behin kasketaldia amaituta epailea eurei zuzendu, bakoitzari dagokiona esan, hala badagokio zigortu eta aurrera partida.

Zorionez bada aldea munduko mutur batetik bestera. Euskal Herrian zaleak elkarrekin batu nahian kanpainak egiten (elkarretaratzeak, prezioen beherapenak, elkarri hartuta prozesioan…) eta bitartean, Calvillo-Iriondobeste leku batzuetan borrokarako zelaiak prestatzen. Zer diok? Hi ere borroka-zale, Asier?

Asier Iriondo

Gogoratzen dut aspaldiko Aloñaren eta Ilintxaren arteko futbol-partida. Atzean, orduan zaharrak iruditzen zitzaizkidan gizon-koadrila neukan. Asaldatu samar zebiltzan eta marrazainaren amarekin bazuten harremanen bat. Horietako batek harmailetan aurkitutako pintura-potea bota zion marrazainari.

Handik hogeita hamar bat urtera, hiri bateko alde zahar batean, «kedadara al zoaz?» galdetu zidan mutil batek. Nire jertsearen kolorea bere taldearenaren antzekoa zen eta horrek nahastuta, sobra ere. Hurrengo egunean jakin nuen zertarako zen hitzordu hura.

Whatsappean badabil bideo bat. Ez dakit noizkoa den. Emazteak telebistarako beste aginte bat eskuratu, eta senarrari adarra jo nahian, futbol-partida eteten dio behin eta berriz, gizonezkoak eta bere ezinak telebista erabat txikitzen duten arte.

Lebedevi egingo nioke proposamena: noizbait, aukeratutako denborak eta espazioak batzeko teknologia lortzen badute, gertakizun horietako hirukotearekin esperimentua egin dezatela eta borrokarako hitzordua jarri. Ez dakit emaitza fidagarria izateko nahikoa lagin izango den. Laginak aukeratzerakoan, multzo bat ordezkatzen duten ezaugarriak bilatzen dira adin, sexu, jatorri, jarduera… aldetik. Niri, baina, kasu honetan, gizonak eta gizonezkoen futbola baino ez zaizkit burura etortzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>