Antioko beteranoak

Jose Luis Ruiz, Jesus Mari Garralda eta Luis Mari Arrieta, ezpata-dantzari baten panpinarekin.

Jose Luis Ruiz, Jesus Mari Garralda eta Luis Mari Arrieta, ezpata-dantzari baten panpinarekin.

Zumarragan ez dago ezpata-dantzaria izatea baino gauza handiagorik. Ezpata-dantza urteko une garrantzitsu eta hunkigarriena da. Herritar guztiak elkartzen dituen ekitaldi kuttuna. Kapitainek, herritarrak atzean dituztela, ehunka urte dituen tradizio bati jarraipena ematen diote. Dantzari izateak beste inon ez du halako prestigiorik. Jose Luis Ruiz, Luis Mari Arrieta eta Jesus Mari Garralda dantzari ohiek ezpata-dantzari buruz hitz egin dute.

Ruizek Urretxuko pasiotarrekin ikasi zuen dantzan. Arrietak, berriz, Urretxun zegoen dantza taldearekin eman zituen lehen pausoak. Ondoren, La Salle-Legazpi ikastetxeko taldean hasi zen. Talde horretatik sortu zen Irrintzi. Garraldak beti Irrintzin dantza egin zuen.

Ruizek 78 urte ditu eta sokan 14-15 urterekin atera zen lehenengo aldiz. Kapitain bezala 20 urterekin estreinatu zen eta 8-9 aldiz egin zuen dantza amabirjinaren aurrean. Arrietak 64 urte ditu. 1969an sokan irten zen eta 1970ean kapitain bezala estreinatu zen. Bost aldiz izan zen kapitain, guztira.

Garralda 1957koa da eta 18 urterekin irten zen sokan lehen aldiz. Hiruzpalau aldiz izan zen kapitain, kanpoan lan egiten baitzuen eta zailtasunak baitzituen uztailaren 2an Zumarragara etortzeko.

Ruizek bere garaian kapitain bezala errepikatzea askoz ere errazagoa zela dio. Izan ere, oraindik ez zegoen dantza talderik eta gutxi batzuk bakarrik zekiten ezpata-dantza egiten.

Irrintzi taldea 1967an sortu zen eta, pixkanaka, taldeko kideak ezpata-dantza egiten hasi ziren. «Ni izan nintzen lehenengoa. Ondoren, Pello Areizaga, Eugenio Sasieta… hasi ziren. 1972an, lehenengo aldiz, Irrintziko kideek bakarrik egin zuten ezpata-dantza», oroitzen du Arrietak.

Joxe ‘Txato’ Odriozola

Irrintzik ardura hartu aurretik, Joxe Txato Odriozola arduratzen zen ezpata-dantzaz. Dantza hau bihotzez maite zuen. Garraldak ezpata-dantzariak zaintzen zituela eta Irrintziren entseguetara joaten zela gogoratzen du.

Ruizek bere garaian ezpata-dantza egun bezainbesteko pasioz bizi zela dio. «Zumarragakoak izanda, gure ametsa ezpata-dantza dantzatzea zen. Dantzan hasi bezain laister hori genuen buruan. Zortea izan genuen eta Antion dantza egitea eskaini ziguten. Ohore bat izan zen».

Lehenengo aldiz amabirjinaren aurrean belaunikatu zirenean sentitu zutena azaltzea oso zaila zaie. «Eliza bete-beteta ikustea eta amabirjinaren aurrean jartzea zer den, ez dago azaltzerik. Urduritasuna eta emozioa nahasten dira».

Garraldak ardura handia dela dio. «Bakar-bakarrik zaude eta ondo egin beharra duzu. Ohore handi bat da. Urtero urduri jartzen nintzen».
Arrietak eliza barruan egiten den ezpata-dantza bakarra dela nabarmendu du. Garraldak inguru honetako adierazpen kultural garrantzitsuenetakoa dela gehitu du.

Hala, Zumarragako ezpata-dantzariek behin baino gehiagotan herritik kanpo dantzatzeko aukera eduki dute. Toki askotatik gonbidatu dituzte. Ruizek behin Loiolan dantza egin zuela gogoratzen du. «Luis Marik esan duen bezala, Zumarragako ezpata-dantza eliza barruan dantzatzen den bakarra da eta Loiolan eliza barruan dantza egiten utzi ziguten».

Arrietak ere Loiolan dantza egin zuen, handik urte batzuetara. «Hiruzpalau aldiz joan ginen Loiolara, San Inazio ondorengo egunean. Kapitainok bakarrik dantza egin genuen, Meza Nagusian».

Ruizen garaian Zaragozara ere joan ziren. Amabirjinen topaketa bat zen eta zumarragarrak Arantzazukoarekin joan ziren. Francoren aurrean dantza egin behar izan zuten.

Ordutik, urte asko pasa dira. «Festak bere izpiritua mantendu du, baina dantzak balletaren antza hartu du», dio Ruizek. Arrietak hori gertatu izana normala dela dio. «Egungo gazteak fisikoki gu baino hobeto prestatuak daudelako gertatu da hori».

Garraldak egungo gazteek ezpata-dantza prestatzen askoz ere denbora gehiago ematen dutela gogoratu du. «Horrek dantza fintzea ekarri du».
Beraiek «indarra eta kasta» erabiltzen zituztela gehitu du Ruizek. «Gure garaikoen artean, finena Inixio Zaldua zen. Imanol Apaolazak, berriz, 100 kiloko pisua zuen. Kanpotarrei sinesgaitza iruditzen zitzaien dantzaria izatea. Baina ederki mugitzen zen!».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>