Josu Aztiria
Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eztabaida sortu da alderdi politikoen artean, gizarte-mugimenduetan eta baita herritarron artean ere. Ezin uka, eztabaidarekin, eta areago, desinformazioarekin, muturreko pobreziatik pertsona asko atera dituen prestazioaren aurkakoek lortu dutela helburua: DBE jasotzen duten herritarrak kriminalizatzea, prestazioaren beharra bera zalantzan jartzea eta gure orain arteko gizarte-kohesioaren oinarrizko elementu izan den eskubide hori desagerrarazteko erreforma martxan jartzea.
George Lakoff neurolinguistak malda labainkorra bezala definitu zuen prozesua martxan jarri da erreformarekin, hau da, neurri zehatz bat martxan jartzea horrek atzetik beste hainbat ekarriko dituelako errenkadan, honela lortu nahi zen azken helburua erdietsi arte. Azken helburua Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kentzea baita. Horretarako, gainera, zein bide eraginkorragorik herritarrak herritarren aurka jartzea baino, edo “pobreak pobreen aurka” jartzea.
DBEk lana lortzeko ahalegina makaltzen duela dioten arren, jasotzen duten pertsonen % 20 lanean ari dira, enplegua eta bizitza duina inoiz baino urrungo daudela argi adieraziz. Batez ere etorkinek jasotzen dutela diotenek jakin beharko lukete jasotzaileen % 63 bertan jaiotakoa direla. Iruzurra ikaragarria dela pentsatzen dutenek jakin beharko lukete kontrola ikaragarria handia dela eta iruzurra kasu guztien % 0,3 soilik dela, hau da, 1.5 milioi euro ingurukoa, iruzur fiskala (EHUko ikerketa baten arabera) 3.200 milioi eurotakoa denean. Eta honekin amaitzen dut Gorka datu andana: pobrezian dauden herrikideen % 30 geratzen dira urtero DBE jaso gabe eta, beraz, muturreko txirotasunean kateaturik eta beharko luketen laguntzarik gabe.
Gorka Erostarbe
Zurrumurru, zurrumurru du izenburutzat Mursegoren 100% Oion azken diskoko kantu eder bezain argigarriak. Zuk datuetan argi asko azaldutako errealitate hori kantu bihurtu du, eta islatzen du, hain zuzen ere, zurrumurruen bitartez zer nolako kaltea egin diezaiokegun herritar xumeok elkarri. Beldurraren amua irentsita, nola bihurtzen garen, gu, auzokideok, elkarren etsai ez ezik, baita zigortzaile ere. Eta, benetan da adierazgarria, botereak -eta diskurtso nahiz jokaera erreakzionarioenek, baita progresismoz mozorroturiko horiek ere- nola lortzen duten herritar xumeok euren joko zelaira eraman eta lan zikina egin genezan.
‘Politikoki zuzena’ kontzeptua bilakatu da azken gudu zelaia. Lortu du botereak ideiari buelta ematea, eta lehen bere kontra erabiltzen zen adierazpidea, orain sarri erabiltzen da eraldatzaile, elkartasunezko, enpatiko edo humanista izan nahi duen diskurtsoa zigortzeko. Ohiko bihurtu da gure artean ere -‘gu’ horretan lagunartea, familia, auzokidea, lankidea edo poteokidea sartzen delarik- elkarri zuzentasun politikoa egoztea. DBEa ez ukitzearen alde dagoena, politikoki zuzena da. Etorkinen inguruan zurrumurruek indar handiegia dutela eta elkar-ezagutzeko saiorik ez dugula egiten uste duena, politikoki zuzena da. Txiste arrazista, edo misogino edo matxistek graziarik ez diotela egiten… Politikoki zuzena da. Eta mantra bat bezala zabaltzen ari da kontua, Josu. Zuzentasun politikoaren garaiak bizi omen ditugu.
Eta nago, nahastua dugula kontzeptuaren beraren esanahia. Begi-mira norabidez okertua dugula. Kontua baita inkorrekzio politikoa nondik -zein posiziotik- eta norantz erabiltzen den; eta, askoz ere askatzaileagoa, eraldatzaileagoa, beharrezkoagoa dela inkorrekzio politikoa botere posizioetan -klasez, generoz, arrazaz…- dagoenaren aurka erabiltzea, eta ez, posizio ahulenetan dagoenaren aurka.
Mursego eta Oion herriak elkarrekin egin bezala, zenbat hobeto genukeen herrikide, auzokide guztiok zurrumurru malapartatu horien kontra boz goran kantatzea.