«Eragin nahi dugun esparruetan eragiteko balio dute bilerek»

Josune_GilJosune Gil (Zumarraga, 1995) Urretxuko Santa Anastasia jaiak antolatzeko batzordean aritu da lanean azken hilabetean. Guztiok Bat kuadrillarekin —iazko irabazleak— karrozen desfilean parte hartuko du igandean, seigarren urtez. Karrozagileen ordezkari aritu da, beste hainbat gazte eta herriko eragile ezberdinekin batera, festak antolatzeko lanean.

Nola antolatzen zarete?
Uztaileko astearte guztietan biltzen gara. Herriko eragile ezberdinek eta hala nahi duten norbanakoek hartzen dugu parte bertan. Eragile bakoitzak parte hartuko duen ekimenaren ardura hartzen du. Guk, adibidez, karrozagileen ekimenak antolatzeko ardura izaten dugu.

Badira, dena den, guztion artean erabaki beharreko zenbait gauza, ezta?
Bai. Larunbat eta igande gauetan egongo diren musika emanaldiak zeintzuk izango diren erabakitzeaz arduratzen gara. Udalak webgunean egiten ditu proposamenak eta herritarrek bozka emateko aukera dute, baina azkeneko erabakia bileretan hartzen dugu. Bestalde, jaietako pregoilaria nor izango den ere erabakitzen dugu guztion artean. Esparru honetan ere herritarrek egindako proposamenak izaten ditugu oinarrian. Amaitzeko, jaietako egitarauaren azala aukeratzea ere izaten da lanetako bat.

Gainerakoan, ordezkari bakoitza parte hartuko duen ekimenaz arduratzen dela esan duzu, ezta?
Bai. Gu karrozagileak garenez, igande goizeko eta eguerdiko ekintzak antolatzeaz arduratzen gara. Gazte Bideanekoek salda eta pintxoak egiten dizkigute eta ondoren, gu txosnetan banatzeaz arduratzen gara. Desfilearen aurretik, egiten dugun karrozagileen bazkariaz ere arduratzen gara, katering-arekin harremanetan jarri, menua aukeratu… Mahaiak aurreko egunean lehiaketa gastronomikoko arduradunek jarrita uzten dizkigute.

Esperientziak festen ikuspegi ezberdin bat izateko balio izan dizu?
Bai. Kexatzea da errazena askotan, horregatik guk eragin ahal dugun esparruetan eragin ahal izateko baliagarria da bileretara joatea. Gure gustuko jaiak antolatzeko aukera ematen digu. Giroa, orokorrean ona da, batzuetan zenbait gairen inguruan tentsioa sortzen bada ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>