«Ez da berdina izango»

KATALUNIAKO_PROTESTAK_U_3AIon Telleria kazetari idiazabaldarrak hiru aste igaro ditu Katalunian, hango erreferenduma eta prozesua jarraitzen.

«Kataluniako herriaren gehiengoak deskonektatu du Espainiatik, nabarmen. Ez dakigu zer pasatuko den, igual ez dute lortuko. Baina haustura emanda dago. Mundua ez da ezer berdina izango. Eta gurea ere ez». Ondorio horrekin itzuli da Ion Telleria kazetari idiazabaldarra Kataluniatik. Irailaren 17tik urriaren 11ra han egon da, Gara egunkariarentzat lanean. Kataluniaren autodeterminazio prozesuaren muinean, orain galdera ez da egingo duten ala ez, baizik nola egingo duten.

Lehenengo «kolpea» irailaren 20an iritsi zen, atxiloketekin. «Hor dezente aldatu zen egoera. Lehenengo aldiz, Estatuak indarrez edozer gauza egiteko prest zegoela erakutsi zuen», Telleriaren iritziz.

Indarkeriaren erabilera hori «ezustean» hartu zuten kataluniarrek. Irailaren 6an eta 8an funtsezko legeak onartuta —Erreferendumarena eta Trantsiziorakoa—, Kataluniako Gobernuko goi kargudunen aurkako errepresioa espero zuen jendeak. «Baina, adierazgarria izan zen, alkateen kontra egin zuen Estatuak. Jende asko harrituta geratu zen, goi karguen aurka joan ordez, alkateen kontra joatean».

Urriaren 1ean

Erreferendumaren egunean, Kataluniako presidente Carles Puigdemont bozkatzekoa zen Sant Julia de Ramis herrian zen Telleria. Guardia Zibilak eragotzi zuen. «Jendeari joka hasi zirenean —klase guztietakoa zegoen—, gehienek imajinatu ere ez zuten egingo halako egoera bat sufritu behar zutenik. Oso inpaktantea izan zen».

Espainiako Estatuak erreferenduma eteteko zeukan modu bakarra herritarren aurka jotzea izan zen. «Aurretik, poliziak saiatu ziren hautetsontziak topatzen; ez zituzten aurkitu. Jendea bozkatzeko ilaran jarri, polizia ailegatu eta kolpeka hastea, oso zaila zen kataluniarrentzat».

Erantzuna berehala artikulatu zuten, ordea. Tabla per la Democracia mahaia sortu zuten hainbat eragilek, CCOO eta UGT espainiarrak barne.

Ardatza mugitu da

Independentziaren aldekoak ez ziren asko batu dira, urriaren 1az geroz, mugimendura. «Madrilgo medioen aldetik, ematen du dikotomia dela independentziaren aldekoak eta kontrakoak. Baina erreferendumaren bueltan gertatu denarekin, demokraziaren alde ala kontra bihurtu da. Debatearen ardatza dezente aldatu da».

Urriaren 10eko independentzia deklarazioarekin eta berehalako suspentsioarekin, herritarrak «oso-oso goitik, oso-oso-oso behera» amildu zirela dio Telleriak. «Ni Paseig Lluis Companysen nengoen. Dezepzioa handia izan zen. Baina aurretik jende dezentek esan zigun ez zela aldarrikapena berehalakoa izango. Bukatutakoan, erdi-tristura horretan, gehienek esan ziguten ulertzen zutela hala zegoela egin beharra, ezin zela aitzakiarik utzi elkarrizketarako biderik ez dagoenik».

Orain, Kataluniako klase politikoan dagoen debate handiena ez da independentzia bai ala ez, «baizik hori nola lortu efektiboki gauzatzea: lurraldearen kontrola, nazioartearen aitortza… Gauza praktikoak jada».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>