Argia pizten denean

NEKANE GONZALEZAzaroko lehenengo asteburua da. Oraindik ere Maialen Lujanbiok iragan asteazkenean 2017ko Bertsolari Txapelketako Irungo finalerdietan kantatutako kartzelakoa burutik kendu ezinda nabil. Lebitatzen bezala. Hankak lurrera ekarri ezinik. Baina zer zen hura! Bikainetik gorakotzat, lurtarren ukipen mugatik haragokotzat, estralurtartzat jo dute lana. «Dena ondo zi-hoan, argia piztu den arte». Horixe gai-jartzaileak ahots goraz adierazitako egoera. Lujanbiok trebezia handiz deskribatu zuen argi txiki bat piztutakoan iluntze osoan zehar alboan izan zuenak bera espero ez bezalakoa izateak ekarritakoa. Transexualitatearen ahotsak bete zuen Artaleku kiroldegia. Ikus-entzuleak zur eta lur, aho zabalik, oilo ipurdia nagusi. Hitzek eta errimek aurrera egin ahala, gehienen sabelak estutzen eta begiak hezetzen. Baiezko keinuak buruarekin. Ez zen harritzekoa, puntu bat eta hurrengoa urrezko hari hitzez josiak baitzeuden. Alboan dugun baina askotan ez ikusiarena egiten diogun errealitatearen kontakizun gardena egin zuen hernaniarrak. Hizketa zuzena eta gordina listukatu zuen bere pertsonaiaren ahotik, ahobizarrik gabe. Hotzetan bero; berotan hotz. Egin eta desegin. Bat-bateko jardunean, beste mundu bat eraiki zuen. Deskribatu zuen deskribatu nahi izan zuena, deskribatu nahi izan zuen moduan; eta bertan zein etxean geunden entzuleok lerde jario betean, bertsotan halakorik kanta zitekeenik sinetsi ezinda.

Argi-ilunei buruz pentsatu izan dut gerora: noiz komeni den guztia ilunpean egotea, eta noiz argia piztu eta dena bista-bistan uztea. Noiz eta nori komeni zaion, jakina. Eta zergatik. Ondorioak atera nahian ohartu naiz ikusi nahi ez duguna ikusteak deserosotasuna eragin diezagukeela maiz, eta are min handia ere. Guztiok baitakigu argiak gehiegi argitzearen eraginez, itsutzeraino argitu, ikusi beharrekoa ezin ikusirik ere gera gintezkeela. Baina, bestalde, beti begiak itxita ere ezingo gara, ba, bizi! Itsu-itsu joatekotan, izan dadila beste zerbaitegatik, aldi baterakoa izango den zerbaitegatik. Onar dezagun, beraz: betiko itsutasunak derrigor behar du gogorra!

Ilunpetan egon da orain ar-tean herri bat ere. Egon baino gehiago, ilunpetan eduki dute, giltzapetuta. Eta pausoz pauso, pospoloz pospolo, bere argitxoa pizteko ahaleginetan jardun du aspaldion. Deseroso sentiarazi duten baldintzak desagerrarazteko aritu da borrokan. Borroka baketsuan. Hesola desegiteko bultzaka, hemendik eta handik. Guztien artean. Saiatuz. Eta bazirudien behin izpiek indarra hartzen zute-nean, betiereko argitasunerako jauzia emango zuela, non herritarrek inolako katerik gabe hitz egin ahalko zuten euren hizkuntzan, euren kultura zein ohituretan bilduak. Eurek, eurentzat, soilik euren baliabideekin. Alabaina, espero ez dakit baina nahi behintzat nahi ez genuen titularra irakurtzeko kendu ditugu gaur makarrak begietatik: «Puigdemont eta bere kontseilariak atxilotzeko agindua eman du epaileak».

Lujanbioren lana baino askoz ere estralurtarragoa iruditu zait ideia, eta badaezpada ere, berriro emendatu dut argia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>