1985 eta 2002 urteetako Kilometroak ere bertan

 

2018. urteko Kilometroak jaia Urretxun eta Zumarragan izango da, baina, ez da lehena izango aurretik 1985. urteko eta 2002.eko festak ere bertan antolatu zituzten arrakasta handiz.

1985, hiru herri, festa bakarra

Kilometroak_1985

1985eko Kilometroak Urretxu eta Zumarragako ikastolak eta Legazpikoak antolatu zuten.

Urretxu-Zumarraga Ikastolak 1985ean antolatu zuen lehenengoz Kilometroak festa. Legazpiko Haztegi ikastolarekin elkarlanean, hain zuzen ere.

Kilometroak_1985(2)Iñaki Etxezarreta ikastolako lehendakaria zen garai hartan. «Ordura arteko Kilometroetan, dirua azpiegiturak berritzeko erabili zen. Guk, helburu pedagogiko bat genuen. Guraso erdaldunak zituzten ikasleak asko ugaldu ziren eta krisi pedagogiko bat sortu zuten ikastoletan. Gure helburua horri erantzuna ematea izan zen».

Festa bi ikastolen artean antolatzea ere ez zen ohikoa. «Esleitu zigutenean, auzi txiki bat izan genuen: Legazpin egin edo Urretxu-Zumarragan egin. 1984ko Kilometroak Orereta ikastolak antolatu zuen eta handik batzorde bat etorri zen. Legazpikoen ibilbidea eta gurea aztertu zituzten eta gurea hautatu zuten. Oso harreman ona eta leiala genuenez, ez genuen arazorik izan. Hala, Kilometroak hemen egitearen truke, legazpiar bat izendatu genuen Kilometroak festaren presidente: Luis Ugarte».

Kilometroak_1985Koordinatzailea beste legazpiar bat izan zen: Batis Maiz. «Sekulako lana egin zuen. Antolatzen eta jendearekin tratatzen zekien eta detaileak asko zaintzen zituen. Lider bat izan zen. Indar-biltze izugarria egin zen eta asko Batisi zor zaio. Legazpiarra da, baina Urretxu eta Zumarragako ikastolan lan egiten zuen. Kilometroen irudi publikoa proiektatzen jakin zuen. Aitormena zor zaio».

Kilometroak 85 oso arrakastatsua izan zen. «Urretxu eta Zumarraga ezagutzera emateko oso baliagarria izan zen». Bisitarien artean, Joxemiel Barandiaran egon zen. Baita Jose Antonio Ardantza eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak ere. «Lehenengo Ardantza iritsi zen eta handik bi ordutara Garaikoetxea. Bi protokolo prestatu genituen».

Suteen beldur

Kilometroak_1985(1)Eguraldia lagun izan zuten. «Urte hartan lehorte handia egon zen eta mendiko suteen beldur ginen». Zorionez, dena oso ondo joan zen. 60.000 lagun inguru elkartu ziren eta diru asko lortu zen.

Garai hartako Kilometroak festak egungoaren antzekotasun asko ditu, baina aldeak ere bai. 1985eko festak ez zuen lelorik eta kamisetak eta txapelak bakarrik jarri ziren salgai.

Etxezarretak garai hartako Kilometroetara gazte gutxiago joaten zirela gogoratzen du. «Familia giroko festa zen. Alde ludiko bat zuen, baina ikastolen alde egitea zen helburu nagusia».

Kilometroak asko aldatu da ordutik eta eredua errebisatzen ari dira. «Ereduak garabide bat izan du eta aspalditik begi bistakoa da errebisatu beharra dagoela. Oso gizarte hedonista dugu eta ikastolari hezkuntza baloreetan sustraitutako eredu bat garatzea dagokio. Beste eredu bat landu behar da, festa zertarako sortu zen ahaztu gabe. Erraldoitasuna eta alderdi ludikoaren gehiegizko pisua baztertu behar dira eta familia giro batera itzuli. Eta gazteen espazioak ez dira jaialdi handi batera mugatu behar. Bestela, inertziaren inertziaz jaiak bere izaera galtzeko arriskua dugu».

 

2002, eguraldi bikaina eta jende andana

Kilometroak_2002

Urretxu-Zumarraga Ikastolak 2002an antolatu zuen azkenekoz Kilometroak festa. Oso arrakastatsua izan zen.

2002an ere Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatu zuen Kilometroak festa. Josu Aztiria izan zen ikastolak jarritako koordinatzailea. «Ikastolen Elkarteko koordinatzailea Igor Elortza izan zen eta gurekin batera Patxi Olabarriak lan egin zuen. Nire ustez, bera izan zen arduradun nagusia. Ikastolako kudeatzailea zen eta ardura handia hartu zuen».

Kilometroak_2002(2)Aztiriak 24 urte bakarrik zituen. «Nire lehen lana izan zen. Sekulako eskola izan zen. Nahasmen sentsazio handia zenuen, baina gauzak ondo ateratzen ziren. Lantalde bakoitzak bere ardura zuen».

Oinarri batzuk jartzen saiatu zirela gogoratzen du. «Ordura arte panelak eta petoak urtetik urtera aldatzen ziren. Guk hurrengo urteetan erabiltzeko modukoak egin genituen. Bestalde, herriko hornitzaileekin lan egiten saiatu ginen. Horretan askoz ere gehiago sakondu daiteke oraindik. Patxik ekonomia alorra asko zaindu zuen eta sarrera estuak jarri genituen, denek dirua eman zezaten».

Ibilbideari dagokionez, Antiotik eta Santa Barbaratik pasa zen. 1985ean Santa Barbarara bakarrik igo ziren. Abestia Estitxu Sudupe urretxuarraren UGA taldeak egin zuen eta leloa Elkarren beharrean izan zen.

1985ean bezala, eguraldi bikaina egin zuen. «Dena oso ondo joan zen eta jendeak oso oroitzapen ona eraman zuen etxera. Bisitariek ibilbidearen edertasuna eta antolaketa lan ona azpimarratu zuten.  Bestalde, Kuraia taldearen kontzertua gogoangarria izan zen. Ordura arte ez ziren halako tal-deak ikusten Kilometroetan».

Kilometroak_2002(1)Baina, guztiaren gainetik, auzolana azpimarratu nahi du. «Gurasoak izugarri inplikatu ziren eta sekulako giroa sortu zen».
Urte hartan lortutako inplikazioa ez zela ondo baliatu uste du. «Herritarrek dena eman zuten eta ondoren parte hartze horrek behera egin zuen. Normala da, ezin baita urte horretako erritmoa luzaroan mantendu, baina kapital hura hobeto aprobetxatu behar zen».

Etxezarreta bezala, Kilometroak festaren eredua aldatzearen aldekoa da. «Egungo eredua ez dator bat ikastolek bultzatu behar duten balioekin. Aldarrikatzaileagoa, lasaiagoa eta parte hartzaileagoa izan behar da, familia girokoa. Eta herriko kultur taldeekin eta hornitzaileekin lan egin. Gazteek, beharbada, beste egun batean egin behar dute festa. Edo beraiek kudeatu. Gainera, egunak berak ez du horrenbeste diru ematen. Errifak eta dendak diru gehiago ematen dutela uste dut. Badakit eredu aldaketa lantzen ari direla eta 2018koa trantsiziokoa izango da, beharbada».

KMK-22018. urteko Kilometroak Urretxu-Zumarragako ikastolak antolatuko du. Aurkeztu dute jaia, loga eta leloa: Zubiak batuz. Gehiago irakurtzeko klikatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>