Urretxu-Zumarragako Ikastolak 2018ko Kilometroak jairako ‘Zubiak batuz’ leloa aukeratu du, Gorka Ojanguren ikasle ohiak sortua. KMK18 datorren urteko urriaren 7an izango da. Ekintzak, ordea, urte osoan egingo dituzte.
Konfiantzaren zubia: konfiantza ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Harremanen zubia: elkar errespetatuz eta elkarri entzunez. Auzolanaren zubia: komunitateak batuko dituzten zubiak. Parekidetasunaren eta aniztasunaren zubian hezi nahi dituzte haurrak. Euskarara iristeko zubia: euskara sentitu, gozatu eta bizi nahi dute. Lehengoa, oraingoa eta geroaren arteko zubia: ondarea kontuan hartuz, baina garai berrietara egokituz. «Zu eta ni, bi zubi», diote, eta ideia horiekin guztiekin bildu ditu Urretxuko eta Zumarragako Ikastolak Zubiak batuz leloan kabitzen diren zubi guztiak. 2018ko Kilometroak jaiaren leloa da.
Leloa Gorka Ojangurenek egin du eta logoa Mikel Ruizek. Logoa pieza ezberdinek osatzen dute. Bost pieza elkartu eta K18 osatzen da. Piezak bi herriei buruz ari dira: gorria bidegorria da, laranja zubia, urdina erreka eta zortzia Kilome-troak eguneko ibilbidea.
2018ko urriaren 7an izango da UZ Ikastolaren aldeko festa. Zirkuitua ez dago oraindik zehaztuta; asmoa apirilean zehaztea da. Aurreko astean aurkeztu zituzten leloa eta logoa, Zumarragako plazan arropa denda ireki zuten eta webgunea martxan jarri ere. Hasi da KMK18. Izan ere, ez dute egun bakarreko festa egin nahi, urte osokoa baizik. Aurkezpena lehenengo mugarria izan zen. Bigarrena zirkuituaren aurkezpena izango da eta maiatza bueltan abestia zein bideoklipa plazaratuko dituzte.
UZ Ikastolak hiru aldiz eskatu du KMK antolatzea: 2014an, 2015ean eta 2016an. «2014an ekonomikoki oso gaizki geunden. Hobekuntza lanak egiteko izugarrizko beharra genuen eta aurrez erositako lur-sailak saltzeko aukera gutxi zegoen. Kilometroak ikastola berritzeko aukera zen», azaldu du Montse Alkorta ikastolako zuzendariak.
Ikastola berritu
2016ko otsailean esleitu zieten datorren urteko Kilometroak. «Esleitu eta lur zati bat saldu genuen. Aurreko udan Haur Hezkuntza eta sarrera nagusia berritu ditugu», dio Alkortak. Berrikuntza lanen bigarren fasean Lehen Hezkuntzako eta DBHko guneak berritu nahi dituzte eta hirugarrenean kirol instalakuntzak.
Kilometroen bitartez biltzen duten diruarekin bigarren fasea gauzatu ahalko dutelakoan dago Alkorta: «Ikastola barrutik berritu nahi dugu LHko eta DBHko lehenengo fasearen espazioan. Izan ere, konfiantzaren pedagogia eta konpetentziena erabiltzen ari gara eta pedagogia berri horrek arkitektura aldetik ere eredu berria eskatzen du».
Alkortak azaldu duenez, 2018 Kilometroak jaiaren esleipena egokitu zitzaienaren berri izan zuenean «izua» sentitu zuen. 1985an eta 2002an, Ikastolako langilea zenez gero, UZ Ikastolak antolatutako Kilometroetan parte hartu zuen eta jakin badaki erronkak lan asko eskatzen duela: «Bertigoa eman zidan eta ardura ere sentitu nuen, baina potentzialitate handia ikusten dut, gurasoak oso animatuta daude; esate baterako, 2002an ikasle gisa parte hartu zuten ikasleak guraso moduan ari dira orain ilusio handiarekin».
Kilometroak urtez urte handitzen joan den jaia dela dio Alkortak; «1985eko festatik 2002ra urrats handia eman zen eta oraingoa egunetik harago doan olatu bat da. Ikastolan apirilean hasi ginen lanean».
Urretxu-Zumarragako Ikastola ateak ireki zitueneko 50. urteurrena ospatzen ari da aurten eta urtemugaren bueltan antolatutako ekitaldiak Kilometroen erronkari erantzuteko indarrak neurtzeko balio izan diela dio: «Guk urteurrena eta Kilometroek bat egitea nahi genuen arren, ez zaigu hala egokitu. Edonola ere, emozio asko bizi izan ditugu urtemugaren harira, eta motorrak berotzeko balio izan digu, baita jendeak zenbaterako indarra duen ikusteko ere».
Zubiak batuz filosofiaren barruan, Urretxu eta Zumarraga ere batu nahi dituzte, bide batez, herri biekin partekatu Kilometroen jaiaren bueltan egingo dituzten ekintza eta ekitaldi guztiak. Aurreko asteko aurkezpen ekitaldia kalean egin izana horren isla da.
Batzordeak mailaka
Ikastolan berez honezkero egon daitezkeen sareak baliatu asmoz, Kilometroen antolaketaren lehenengo bileretan batzordeak mailaka antolatzea erabaki zuten. Aitor Gabirondo KMK 2018ko koordinatzailearen hitzetan, «sare hori egon badago eta mailaka antolatuz gero, etekina atera ahal diogu. Ikasle horiek luzaroan egongo dira elkarrekin eta sare hori indartzeko aukera ere bada».
Batzordeak mailatan banatu zituzten zozketa bidez. Hala sortu dira komunikazio batzordea, ikuskizunen batzordea, ekonomiarena, giza baliabideena, arroparena, jasangarritasunarena, garbitasunarena, erronka, tonbola, osasuna eta parekidetasuna, besteak beste.
«Ikasleak pedagogikoki txertatzeaz gain, Kilometroak eguneko erronken diseinuan esku hartuko dute, segurtasunaren alorra proiektu bidez landuko dute, arropa dendan lagunduko dute…», nabarmendu du Gabirondok. Batukada taldea osatu dute eta Instagram sarea ikasleek kudeatzeko asmoa dago. Montse Alkortak dioenez, «zailena txikienak inplikatzea da, asmoa geletan proiektuak egin ditzatela da, KMK dagoeneko bizi dezaten».
Komunikazio batzordea hasieratik aritu da lanean. Lehenengo egitekoa Zubiak batuz leloak hartzen dituen ildoak zehaztea izan zen, hau da, batu nahi dituzten zubiak zeintzuk diren azaltzea. Zubiari eskua emanda doazen hitz guztietatik sortu dira ildoak: konfiantza, auzolana, parekidetasuna, aniztasuna, harremana eta euskara.
1985. eta 2002. urteko Kilometroak jaiak ere Urretxun eta Zumarragan ospatu ziren. Urte haietako kronikak irakurri eta argazkiak ikusteko kilikatu hemen .